Telefonoaren bihotza
Telefonoaren bihotza
Berrian larunbatean publikatutako Jose Mari Pastor-en perlatxoetako azkena ekarri nahi izan dugu zuzeu-ra.
…
Telefonoaren bihotza
…
Pozik dago telefonoaren bihotza. Mezu asko iritsi zaio. Zainak puztuak ditu, pozez lehertzear. Alaitasun gorria dario haren odolari. Udazkena udaberri bihurtu dio emotikonoen ortzadarrak.
Aldarteak ditu telefonoak: batzuetan pozik dugu; bestetan, goibel. Egun eta egoeraren arabera. Horixe uste du Andrew Blake zientzialariak. Blake Donostian izan da ordenagailuei buruz eginiko ikerketetatik ondorioztatutako datuak azaltzeko. Alan Turing institutuko zuzendariaren ustez, «posible» da makinek sentimenduak izatea. «Beste kontu bat da guk hori nahi dugun edo ez; telefonoa pozik edo triste egotea nahi dugun edo telefonoa soilik makina huts bat izatea nahi dugun», adierazi du prentsaren aurrean. Geroa nolakoa izango den deskribatu du ikerlariak: «Agian, egun batean makinek sentimenduak izango dituzte».
Makinek sentimenduak izatea nahi dugu? Horixe Blakeren galdera. Telefonoek sentimenduak izatea edo ez, gure esku dagoela dio zientzialariak. Itxuraz, telefonoa maskota baten moduan zaintzen badugu, laztanak edo musuak ematen badizkiogu, pozik egongo da. Zorro koloretsu batez jantzi, eta pantailan paradisuaren irudiak jarriz gero, zoriontasunaren gailurrera joko du. Baina zer dakite telefonoek paradisuari buruz? Nondik hartu dute kontzeptu hori? Moisesek, Abrahamek eta enparauek telefono mugikorrik ote zuten? Telefonoak zoriontasunera irits daitezkeela pentsatzeak hankaz gora jartzen ditu gure ideia lurtar eta zerutarrak. Telefono bat pozik egon badaiteke, zergatik ez mahai bat? Zein izango litzateke diferentzia? Etxean lore sorta ederra jarri egongelako mahaiaren gainean, eta lagunak bisitan datozenean, esan: «Gaur oso pozik dago gure mahaia. Biziki maite ditu arrosak». Eta orduan, hara! Mahaiaren begiek —hankek, alegia— dirdira berezia eskainiko diete bisitariei, pozik dagoela adierazteko.
Makina batek gure bihotza —edo burua— ordezka dezake sentimenduen sorkuntza prozesuan? Hipotesia hor dago, eta zer pentsatua ematen du. Hasiera baino ez da, Blakeren arabera. Eguna helduko da, makina horiek sentimenduak izango dituztena. Agian, guk haien sentimenduak antzemateko gaitasuna izango dugu. Haiek ere gureez jabetuko dira. Eta konexioa, lotura sortuko da bi aldeen artean. Bitxia da. Gizarte teknologikoki aurreratuenetako herritar garaikideak gero eta bakarrago, isolatuago gaude. Makinak ditugu lagun: telefonoa, ordenagailuak eta tresna horietatik sortu eta garatutako hamaika gailu. Lagun horiek bakardadeari aurre egiten laguntzen digute. Gure zain egongo dira, eta gu haien zain egongo gara, gehiagotan bakarrik ez egoteko. Berez, gaur inoiz baino eramangarriagoa izan daiteke isolamendua, bakardadea etengabeko jario teknologikoan mozorrotzen baita. Horregatik, mingarriagoa ere izan daiteke: dinamika horretan makurtzen gaitu oharkabean, arrastaka, elkarren arteko inkomunikazio komunikatuaren amildegian behera. Godoten esperoan, Godot inoiz iritsiko ez dela jakitun. Eta ustez gizaki bihurtzen ari garen tresna horiek itzaltzen ditugunean bakardadea azaltzen da.
Blakek adierazi duenez, Massachusettseko Teknologia Institutuak programa afektibo bat sortu du. Sistemak pertsonen aurpegiari erreparatzen dio, zer sentitzen ari diren jakiteko. Sentimenduak irakurtzen ditu. Makina mota horiek gure emozioak antzeman ditzakete, eta emozioak sortu gure barnean, positiboak edo negatiboak. Alabaina, nork dio eurek halako sentsazioak pitz eta bizi ditzaketela? Hori hala izanez gero, hasieraren amaiera agertuko zaigu horizontean. Barkatu, baina makina batek poema bat irakurri eta trantzean gozamen-malkoak isurtzen dituen egunean gizateriaren azkena izango da.
Bihotzaren telefonoa triste dago. Ez du inoren mezurik jaso egunsentiaren arratsaldean. Louis Althusser filosofoaren hitzak sufrimenduaren oihartzunean ito dira, hil aurretik Fernanda Navarro pentsalari mexikarrari eskainitako elkarrizketan: «Bakardadea hauxe da: inor ez dagoenean zure zain».
Telefonoaren bihotza