Teknologien faroa #6
Teknologien faroa #6 –
Udara da eta turismoaren gaiari lotuta bi dira kezka handia sortzen ari diren sektoreak, alojamenduarena eta garraioarena bereziki. Bigarrena aurreragoko aleetan aztertuko dugu, baina lehenengoari, Airbnb-ri lotuta bereziki informazio asko dago. Alde batetik, AirBnB-k multa txiki, baina garrantzitsuak jasotzen hasi da Balearretan eta bestetik Ogasunari datuak ematera behartzeko mekanismoak ere martxan jarri dituzte. Ahots askok, hirietan bereziki bizilagunak kaleratuko ez dituen eredu baten beharra aldarrikatzen ari dira.
Enpresa erraldoiek, beren berrikuntzak etengabe aurkezten dituzte eta proiektu berrietan inbertsioak egiten jarraitzen dute, baina kontziente dira beren jarrerak gero eta erantzun gehiago jaso dezaketela. Beren burua zuritzeko kanpainak etengabekoak dira eta ahots berriek, jendartearekiko beren ekarpena betebehar bezala ikusten dutenak gero eta gehiago dira. Noski, beren kaxa hori egingo dutela uste duenik baden arren, mugimendu sozial antolatuen beharra azpimarratzen dutenak ere badira. Googleri jarritako zigorrak, deigarriak dira, baina horien eragina ikusteko dago; badira halere zigor antzekoak mereziko lituzketenak.
Ekonomiaren alorrean ere gauzak mugitzen ari dira. Badira krisi berri baten aurrean egon gaitezkeela diotenak. Errusia prestatzen ari da horretarako eta kapitalismoaren bihotzeko berri bat aurreikusten dutenak ere badira. Finantza merkatuetan mugimendu nagusian Europan, Brexit-a dela eta Londreseko Cityarekiko deskonexioa dela eta gertatzen ari dira. Aldi berean, Bartzelonan beste norantza batean ari dira, ez dakigu noraino iritsiko diren, baina eredu kooperatibo gero eta indartsuago bat eta burujabetza energetikoaren bidean, enpresa handietatik deskonektatzen ari dira.
Inteligentzia artifizialak jarraitzen du informazio ugari ematen, gehiegi gauza onerako. Mutatzen duten IA ereduek, ikasketa sakonean oinarritutakoak gaindituko dituztela, algoritmoen desbideratzeak kontrolatzeko mekanismoak behar direla, beste bideo-joko batean gainditu gaituztela… Errealitatea oraindik, urrun dago; hobekien demostratzen duena orain dela gutxi Gmail-i lotutako «Giza-IA»; hau da, oraindik oso haragizkoa dela zerbitzu askoren atzean dagoen IA hori.
Horri lotuta, horrek izango duen eragina «aztertzen» duten informazioak asko dira. Hala ere, beldurra eragin nahi duten albisteen artean badira beste batzuk diotenak komertzio fisikoak, moldatu bai, baina desagertuko ez direla diotenak edota osasuna, aisia eta etxeko lanak momentuz ordezka ezinak izango direla diotenak ere.
P2P antolaketa era deszentralizatuagoak sortzeko ereduen inguruan ikerketa eta esperientzia asko jaiotzen ari dira. Batzuek, blockchain teknologia baliatu nahi dute, begirada feministarekin lotu nahi dutenak ere badira, beste batzuk eskala kuota handietan jarri dute begirada eta trantsizio azkarren aldeko apustuak egiten dituztenak ere badaude. Begirada hauetan, ideologikoki oso ezberdinak diren proposamenak daude, baina eztabaida gehien beharbada ezkerreko sektoreetan ematen ari da. Liburu interesgarri bat, Omnia Sunt Communia, egilea: Massimo de Angelis.
Osasunean, CRISPR gene terapiak dituen mugak erakusten hasi da, interesgarria izaten jarraituko badu ere, hobetu beharrekoa. Bestetik, garuna estimulatzen duten inplanteak erabiliz, anorexiaren kontrako terapiak probatzen hasi dira Katalunian, arrakastarekin. Garunarekin loturik, gehien erabiltzen ditugun hitzak prozesatzeko era ezberdinean tratatzen dituela ere jakin dugu.
3D inprimagailuak organoak inprimatzeko balio dezaten lanean ari dira beste batzuk ere. Ez dakigu noraino iristeko prest gauden, baina badirudi gizakiak, bizi muga limitera eraman nahi duela. Azken helmuga, hilezkortasuna, baina horri buruz beste egun batean hitz egingo dugu.
Euskaldunen DNAri buruzko urteetako eztabaidek, orain emaitzarik eman dutela dirudi; badakigu zein izan omen zen jatorria. Hori baino aldiz, etorkizunean EAEko administraziok «herritarron patroi biometrikoekin identifikatzeko» eman nahi dituzten pausuek beldurra ematen dute.
Uda garai honetan, jendarte eraketan hain garrantzitsuak diren jaien garaia da. Fukushiman gertatutakoaren ondorioz, Kaliforniako ardoan erradioaktibitatearen zantzuak detektatu dituzten bitartean, Bolivian, energia, ura eta gasari lotutako zerbitzu publikoak giza eskubide bezala identifikatu eta defendatuko dituzte. Hau buruan, eguzki garai hauek ospa ditzagun, jan eta edan artean.