2050ari begira

2050ari begira –

Europak zinez eragile sozial eta ekonomikoa izan nahi balu, Estatuen alor horietako eskumenak bereganatu behar lituzke. Zein leku, orduan, gaurko Estatuen barnean dauden populu guttituek aldarrikatzen duten burujabetzarentzat? Hona hemen, gai garrantzitsu honi buruz ene irakurketetarik ateratako zonbait gogoeta.

2050ari begira
Dieter Grimm, Alemaniako auzitegi konstituzional federaleko epaile nagusi ohia

Duela gutti Espainiako gobernuburu geroztik ohiak aldarrikatzen zuen Espainian burujabetza pratikan emaiten zen leku bakarra bertako parlamentua zela. Erraiten zuen ere erabakitze eskubidea ez zela bere agendan idatzia. Alta zonbait egun berantago kasik 180.000 jendek eskuz esku batzen zituzten Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiri nagusiak, Gure Esku Dago plataforma herritarrak konbokaturik. Erakusten zuten ezinago lasaiki badela molderik ziklo berriak idekitzeko euskaldunek beren geroaz libreki eta demokratikoki erabakitzeko.

Berriz ere nago nere burutazioekin itzulikan, argitu ezinez bezala nun eta nola kokatzen den eragile edo subjetu politikoa bere geroaz erabakitzeko eskumena egiazki balukeena, eta zer egiazki eta nola.

Egia erran, berrikitako irakurketa batek ere deliberazi nau lerro hauen idaztea gai hortaz, berriz ere. Aldizkari batean “erori” naiz orrialde andana bat egiten duen elkarrizketa batean gainera. Bertan aldizkariko zuzendari den Teresa Forcades eta hamabi urtez Alemaniako auzitegi konstituzional federalean juje egondako Dieter Grimm hizketan ari dira. Besteak beste hitz egiten dute zer nolako lotura baden edo ez Europako estado menbro bakotxaren justizia eta Europar justizia auzitegiaren artean. Eztabaida hortan alabainan burujabetzaren gaia agertzen da, aspektu juridikotik haratago. Alemaniar epaile horrek desberdintzen ditu “burujabetza” eta “burujabetzarako eskubide” partikularrak. Bere erranetan estadoek burujabetzarako hainbat beren eskubide Europar Batasunari transferitu dizkiotete, bainan ez haatik estado bakotxak de facto daukan burujabetza propioa.

Marra gorriak gaindituko dira

Ezaugarri sozialari dagokionez, epaileak dio Europa “sozial” egiazko batek suposa lezakeela gauregun baino sozial arloko transferentzia askoz gehiago gauzatzea Europar Batasunari.

Erraiten zuen ere estado bakotxeko segurtantza sozialeko sistemak hain direnez ezberdinak edo ezberdinduak, bateratze erreala kasik ezinezkoa bilakatzen ari dela. Ondorioz ez du ikusten gauregun neholako disposiziorik estado bakotxaren aldetik beraien burujabetzari uko egitea. Macron lehendakari frantsesak hitzetan, eta soilik hitzetan, bakarra litzateke burujabetza bakarra, burujabetza europarra izan behar dela gauregun aipatzeko. Dieter Grimmek dio ere epe aski labur batean, hala ta guziz ere, “burujabetza” beste hainbat transferentzia burutuko direla molde arras diskretu eta ixilean. Eta erabiltzen du erranahi hau:

Momentu batez marra gorria gaindituko da, kantitateak kalitatea irentsiko du. Gauregun oraindik estado bakotxak bere burujabetzarako tresnen gehiengoa eskutan du, bainan gerta liteke hainbat eta hainbat eskubide soberano transferituz, geldituko zaien eskubide zati hark ez gehiago subirautza izena merezitzea”.

Eta adibidetzat hartzen du aste hauetan plaza publikoan den galdera bat: batasun monetarioak egiazki balio ote du, eraginkorra ote da ez bada parekatzen batasun finantziario eta ekonomikoarekin? Eta galdera berdina egin litaike defentsa arloan edo berdin asilio eskubidearekin. Hau guzia transposatuz Euskal Herrirat edo, hobeki erran, EAErat, momentu batez galdera egiten ahal litzateke ea Gernikako Estatutoan lerrokatutako konpetentzia guziak transferiturik, Gasteiz eta Madril ez ote litaizken maila berdintsuko subjektu edo eragile politikoak ?

Herritartasun sentipenaren premia

Grimm epaileak dio ere, estadorik gabeko nazioak aipatzerakoan estadoen Europan, 1992az geroztik subsidiaritate printzipioa adostuta dagoela europar itunean, ez bada ere gauregun arte aplikatua izan. Bere ustez arras possible litaike europar mailan egitea hainbat estado federalek jadanik egiten dutena: molde selektiboan ezberdintzea erabakigune bakotxaren legebiltzarreratze maila, gisa hortan sistema eskalonatu batean konpetentziak gauzatuz eta aktibatuz. Bainan hori guzia martxan emaiteko ingrediente baitezpadako bat falta dela dio beti Dieter Grimmek. Herri bateko edo toki bateko partaide edo herritartasun sentimendua. Dio sentimendu hori likefikatzen eta doi bat ahultzen ari dela jendarteak ainitzagoa eta globalagoa bilakatzen ari diren heinean. Euskal Herria buruan eta bihotzean dugunok geroari begira ez ote ditugu burutazio hauek gureganatu behar molde batez edo bestez ? Kanpotik etorritako hainbat herritarrek eta Aquarius itsasuntziko 630 errefuxiatuek ere egun batez possible izan dezaten aldarrikatzea: “Ni euskalduna naiz”. Hau guzia egiaztatzeko behin ta berriz gelditzen zaigu lan egitea egunerokoan Euskal Herri ideki eta bizikidetasunezko baten alde, planetari “plus” bat ekar litzaiokeen lurralde baten alde. Lehentasun hortan izan behar ginuke. 2050an Euskal Herriak izanen duen formula geopolitikoa, parte haundi batean, printzipio horietarik sor dadin.

Andde Sainte-Marie

2050ari begira    2050ari begira  2050ari begira

Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.