Nerd Stark eta teknologia berriak
teknologia berriak
Duela pare bat aste gure herriaren historiaz mintzatu nintzen, Gabai eta Kurtisen komiki sorta hizpide; zeharka, eta esaten nuenarekin zerikusia zeukalako, PokemonGo jokoa aipatu nuen. Beno, bada bertan esaten nuenak ez dio grazia handirik egin nire adiskide bati, halaxe esan zidan aurreko batean; oso guaya dela PokemonGoren inguruan kritikak egitea, eta sasi-intelektual nerd joera bihurtzen ari dela (ez dakit hitzaren esanahia ondo ulertu nuen). Ondorioztatuko zenuten bezala, bera jokalari amorratua da; eta ni Nerd Stark (nerd izar bat, ingelera jatorrean).
Gauzak argitze aldera, nik kritikatzen nuena (dudana) ez da PokemonGo delakoan jolastea; ez irakurtzea da, herri hobe baten alde ekarpenik ez ematea, pasotismoa, erran nahi baita. Bata eta bestea ez dira kontraesankorrak. Ziur naiz urrea balio duen jende askok, enpatiaz bizi diren lagun ugarik, oso azkarrak eta adimentsuak diren makina bat pertsonek dihardutela joko horretan. Kontua, nire ustez, neurria da. Eguna lepoa makurtuta pasatzea; lagunekin egotea terraza batean eta begirada mugikorretik ez apartatzea; McDonalds batera joatea (eta bertan kontsumitu, prefosta) gimnasioak bihurtu dituztelako. Gehiegikeria da, eta hori baieztatzen dugunok ez gara “karka mordoa”, ezta dioguna “karkamokordoa” ere.
Hamar, hamaika urterekin, sekulako bizioa izan nuen Pokemonekin. Aitortzen dut, izan zela ene bizitzako onena; garai hartan, ez dut hain existentzia tristea eduki. Game Boy delakoa iraultza bat izan zen mukizuon artean. Etxetik atera zenezakeen bideojoko bat?! Tetrisa ez zena?! Game Boy izena jarri zioten, pentsatuz neskak Barbiekin arituko zirela, edo bestelako emakume zeregin batzuetan (adibidez, girl-illa urbana bat prestatzen). Eliza atarian ume piloa biltzen ginen, Pokemonen joko ezberdinak frogatzeko: urdina, gorria, berdea eta ondoren iritsi ziren urrea eta zilarra. Biziatu batzuk ginen, guztiak; baina batzuk gauza batean ezberdintzen ginen besteengandik: irakurzaletasuna geneukan, frontoira joaten ginen, errekara, harriak botatzen genizkion (zentsura) … Baina baziren obsesio handiagoa garatu zutenak, denbora gehiegi dedikatzen ziotenak; eta hori ikusten hasia naiz inguruan.
Ezkerreko ikuspegi batetik Iphonak, edo kotxeak, edo nik ez dakit zer kritikatzea bezala litzateke. Antikapitalista batek Iphone bat ez izateko hautua egin dezake, ez duelako bere dirua horretan xahutu nahi; baina beste langile batek hala nahi badu egin dezala, bere lan indarra salduta lortu duen dirua da, alla kuidaus. Hori pertsonalki kritikatu daitekeela pentsatzen dut, ez politikoki; politikoki, ikuspuntu antikapitalista batetik kritikatzen dena Iphonea sortzeko beharrezkoa izan den ekoizpen prozesua pribatua izatea da, ez tramankulua bera. Honekin berdin.
Oso errotuta dago batzuengan teknologi berrien aurkako diskurtso merkea; baina teknologia berriak tresnak dira, berez, teorian, bizi hobe bat, edo erosoago bat, edo komunikatiboago bat izateko sortu zirenak. Tresnak. Nik sukaldean daukadan labana handia porruak mozteko edo bizilagunari zintzurra ebakitzeko erabili dezaket. Tresna bat da, kito, ez gehiago; nire bizia errazteko sortu zen, eta ondoren nik ematen diodan erabileran dago afera.
Maite dut GPS-a autoan izatea, ez zaidalako galtzea gustatzen, ez badut aurretik hori bera erabaki; Age of Empires estrategia jokoaren zalea naiz; whatsapa ilusio handiz hartu nuen (dohainik komunikatzea, pentsa), eta tentuz erabiltzen dut; eta sukaldaritza erlijio bilakatzetik gertu dagoen honetan, sukaldeko robota ere asmakizun latza iruditzen zait. Koadrilako afaria nik prestatzen dudanean beti jotzen dit adarra baten batek: zeinek ein dik afarie, hik eo robotak? Behin baino gehiagotan erantzuten diet: “ta hire txandea huanen zeinek ein zian, hik eo lapikok“? Sukaldeko robota etxean edukita sekula santan egingo ez genituen jakiak egiten ditugu, goxo eta ezberdin gabiltza jaten (ez naiz traste horien saltzailea, e), eta nire buruhauste nagusia kilo gehiago ez irabaztea da.
Herri mugimenduko lagun askori entzun diet maiz: “guk zea, teknologie ta istori hoik, zakurren putze! Gu eskola zaharrekok gaittuk!” Baina gero honakoa gertatzen da: “Hatxen, eiak bideo bat; Hatxen, eiak kartel bat; Hatxen, ekarri itzek bilera robotak eindako natilek“.