Sentimendu mozorroa duten estatistikak

Sentimendu mozorroa duten estatistikak –

Amaia Portugalek, Zientzia Kaieran.

Esperimentu batean egiaztatu dutenez, konfiantza bezalako sentipen subjektiboek kalkulu objektiboetan daukate funtsa. Bestela esanda, giza garunak egiten dituen estatistika lanen emaitza da konfiantza, eta ordenagailuen antzera gauzatzen ditu ebazpen horiek.

Demagun autoan goazela, eta GPSa jarri dugula, helmugara iritsi ahal izateko. Hara non, eskuinera egiteko esan digun gailuak, baina ezustean, kalea itxita dagoen. Guk aurrera egin, baina GPSa gurpil zoro batean sartu da, eta behin eta berriro garamatza itxita dagoen kalerantz. Ez dugu ingurua ezagutzen, baina halako batean, gailuari entzungor egin eta bide alternatiboren bat bilatzen saiatzen gara. “Hortik ezin bada, hemendik joan beharko”, esaten diogu gure buruari, eta artez edo moldez, halako batean aurkitu dugu bidea.

“Nola iritsi naizen? Senak aginduta joan naiz hemendik”. Sena, konfiantza… sentimenduei egozten dizkiegu halakoak, gure erabakiei ukitu gizatiarra eman nahian edo. Baina estatistika ere gizatiarra da, eta gure burua, GPSa baino gailu hobea. Hala, sentimendu subjektiboak gure garunak egiten dituen kalkulu objektiboetatik abiatzen direla egiaztatu du Adam Kepecs Cold Spring Harbor Laboratory (New York, AEB) zentroko neurozientzialariak. Gaiari buruz lankideekin egin duen ikerketa baten berri eman du, Neuron aldizkariko artikulu batean.

Sentimendu mozorroa duten estatistikak
Gidatzen ari garenean hartzen ditugun erabakiak estatistikan oinarritzen dira. (Argazkia: Varun Suresh)

Beste adibide batekin jarraituz, demagun ezagutzen ez dugun jatetxe baten bila gabiltzala, eta telefonoz azaldu digutela bertara nola joan. Eskuineko kalea hartu eta jatetxeak hor behar zuen, baina hamar minutu daramatzagu kale horretan, eta ez da inon ageri. Noiz arte jarraituko dugu kalean aurrera, bestelako erabakirik hartu gabe? Konfiantzaren araberakoa da hori. Galdera hauei ematen diegun erantzunen araberakoa: ondo entzun al ditugu argibideak? Ondo jarraitu al ditugu? Ondo eman al dizkigute? Jatetxearen aurretik igaro eta ez gara konturatu, akaso?

Galdera horiei guztiei erantzuteko, giza garunak datu mordoa prozesatzen du, eta horien araberako kalkulu estatistikoak egin. Ikerketa lan honen arabera, horixe da konfiantza izenez ezagutzen dugun sentimenduaren funtsa. “Ordenagailu batek egiten dituen konputazio estatistika bertsuetan oinarritzen da, nagusiki, sentimendu hori”, dio Kepecsek.

Gizakien eta ordenagailuen portaera alderatzeko, eta hartara, Kepecsen tesia egiaztatzeko, bideo-joko moduko bat sortu zuten ikerketa honetan. Zenbait boluntariok klik soinu segida batzuk entzun behar zituzten, eta haien ustez, klik horien artean azkarrenak zeintzuk ziren esan. Erabakia zenbaterainoko konfiantzarekin hartu zuten ere adierazi behar zuten; oso ziur ote zeuden, funts handirik gabeko ustea ote zen, edo erdibideko zerbait. Boluntario horien erantzunak ikusita, gizakien erantzunek eta kalkulu estatistikoek antzeko bidea egiten dutela ikusi zuten. Hau da, datuen zarata mordotik, estatistikek ereduak erauzten badituzte, garunak beste hainbeste egiten duela, konfiantzaren forma hartuta jasotzen dugun erabakira heltzeko.

Sentimendu mozorroa duten estatistikak
Garuna etengabe ari da datuak prozesatzen eta erabaki estatistikoak hartzen. (Argazkia: Jorge Franganillo)

Bigarren esperimentu bat ere egin zuten: zenbait herrialdetako jendeari buruzko galderak erantzun behar zituzten boluntarioek. Kasu horretan, boluntario batzuek besteek baino gehiago ezagutzen zituzten herrialde horiek eta bertako jendea. Ariketa konplexuagoa zen, beraz, jakintzaren faktorea ere sartzen baitzen tartean. Hala ere, lortutako emaitzek bat egiten zuten aurreneko esperimentuak erakutsitakoarekin, eta horrenbestez, Kepecsen tesiarekin.

Estatistika lanetan aritzen den garunaren zati hau zehazki non dagoen argitzea da, berez, Kepecsen helburu nagusia, bai eta datuak nola prozesatzen dituen zehaztea ere. Konfiantzari buruzko teoria bat izatea zen ezinbesteko abiapuntua, hurrena argitzeko garunak nola egiten duen lan hori, nerbio sistemako zelulek nola betetzen duten prozesu hori, azaldu du. Gainera, giza garunaren ezagutzan sakontzeak makinak hobetzeko ere balio dezake. Izan ere, ikertzaile honek adierazi bezala, “gizakiek ordenagailuek baino hobeki konpontzen ditugu problemarik zailenak, oraindik ere”.

.

Erreferentzia bibliografikoa:
Sanders et al. Signatures of a statistical computation in the human sense of confidence. Neuron. May 4, 2016. doi: http://dx.doi.org/10.1016/j.neuron.2016.03.025
Sentimendu mozorroa duten estatistikak  Sentimendu mozorroa duten estatistikak  Sentimendu mozorroa duten estatistikak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.