#selfieIKT kanpaina: Euskaldunon komunikabideekiko harremana ikertzeko
Euskaldunok komunikabideekiko dugun harremana ulertzeko ikerketa #selfieIKT traolarekin abiatu dute EHU, MU eta DUko hiru ikerlarik, Hekimen elkartearekin elkarlanean.
Xabier Landabidea (DU), Gorka Salces (EHU) eta Koldo Diaz Bizkarguenaga (MU) ikerlariak audientzia ikerketa kualitatiboak egiteko proposamena lantzen ari dira euskal hedabideen elkartearekin, eta ikerketa horren lehen urrats gisa abiatu dute, aste honetan bertan, #selfieIKT kanpaina, kanpaina berritzaile eta irudimentsua.
Euskarazko komunikabideen kontsumoa asko aldatu dela begi bistakoa da, eta aldatzen jarraitzen du oraindik ere. Hori dela eta, 2014an, eta Behategirako lortutako diru laguntza bati esker, “Euskarazko komunikabideen kontsumoa eta internet” ikerketa abiatu zuten hiru ikerlariek, Hekimen elkartearekin elkarlanean.
Ikerlarion ustez, Interneten agerpen eta garapenak hartzaile/kontsumitzaile/erabiltzaileen ohitura eta esperientzietan eragin ukaezina izan du, eta egun, euskarazko komunikabideen kontsumoa eta kontsumitzaileak ulertzeko “hurbilketa modu berriak” saiatu behar ditugu ezinbestean.
Horretarako, eta ikerketaren lehen urrats esperimental bezala, norberaren eta ingurukoen komunikabideekiko harremana eta hedabideen kontsumoa erretratatzeko eskatu diote twitterrreko euskal komunitateari, #selfieIKT kanpainaren bidez, “selfie katea” sortzeko asmoz.
Honako hauek dira kanpainan parte hartzeko arauak:
1. Norberak edo ingurukoek Informazio eta Komunikazioaren Teknologia (IKT)-ekin duen harremana deskribatzea da helburua. (Mezuak umorezkoak ere izan daitezke).
2. Argazki, bideo, irudi, pantaila-argazki, testu idatzi edo beste edozein formato bidali daiteke.
3. Twitter bidez jasoko dira selfie edo ussie edo theysie hauek #selfieIKT traolarekin
Dagoeneko hainbat txiolarik haien mezuak helarazi dizkigute. Besteak beste, hauxek:
@EuskalSM (https://twitter.com/EuskalSM/status/589020831742832640)
@Txapisotegi (https://twitter.com/Txapisotegi/status/589060507941920768)
@joxe (https://twitter.com/joxe/status/590039821537542144)
Hurrengo pausua adin, bizi-toki zein Interneteko erabilera ezberdinak dituzten pertsonekin sakoneko elkarrizketak burutzea izango da: Internet aroko euskal gizartearen hedabideen kontsumo motak ezagutzeko eta sakontzeko, hain zuzen ere. Beraz, hasi berri den ikerketa berritzaile honi laguntza eskaini nahi badiozu, badakizu, #selfieIKT bat bidali eta ikerketa honen berri zure senide eta lagunen artean aditzera eman.
Zu baitzara ikerketa honen protagonista.
Hekimen
EUSKAL HEDABIDEEN ELKARTEA
http://www.hekimen.eus/2015/04/selfieikt-kanpaina/