Paco de Lucíaren irakaslea, ijitoa eta nafarra

Paco de Lucíaren irakaslea, ijitoa eta nafarra –

Paco de Lucíaren irakaslea, ijitoa eta nafarraMunduko ondare izendatutako flamenkoak arrakasta itzela du mundu osoan egun, eta ez da harritzekoa AEB-etako edo Japoniako aretorik sonatuenetan dantzari eta musikari flamenkoen emanaldiek publikoa guztiz erotzea. Guztietan aitzindari izan ziren Carmen Amaya eta Sabicas. Bartzelonakoa zen Amaya `bailaorea´ (ijito katalana), eta Iruñekoa zen Sabicas `tocaorea´; Paco de Lucíaren irakaslea, ijitoa eta nafarra.

1912an Iruñean (Mañueta kaleko 7. zenbakian) jaio zen Agustín Castellón Campos, “Sabicas”, eta AEB-etako New York hirian hil zen 1990eko apirilaren 14an, hirurogeita zortzi urte zituela. Baziren hamarkada batzuk AEB-etan bertan bizi zela, baina hiltzean jaioterrira bueltatzeko nahia adierazia utzi bide zuen zendu aurretik, bizitza osoan “iruindar motxaile” izateaz harro agertu zen artistak.

Mundu osoan zehar flamenkoaren izar nagusienetakoa izan eta, adituek diotenez, dirutzak irabazi bazituen ere, hilotza lekualdatzeaz Nafarroako Gobernuak kargutu behar izan ei zuen, familia sosik gabe zegoela-eta. Apirilaren 20an ehortzi zuten Iruñeko San José hilerrian; justu gaur hogeita bost urte.

 (Laburpena)

 

Sabicas, Agustín Castellón Campos jaio zen Iruñean, 1912an. Gitarra jotzen bere kabuz ikasi zuen, ume kozkorra baino ez zela. Jendaurrean zazpi edo zortzi urte baino ez zituela jo zuen aurrenekoz, non eta Gayarre antzokian. Adituek diotenez, txiki txikitatik moldeak apurtu zituen (gitarra) flamenkoan.

Euskal Herria atzean utzi zuen agudo, jada El Niño de las Habicas deitzen zuten mutikoak, hamar urte zituenerako Madrilen zegoen-eta. Villa Rosa tablao-an ohiko artista bihurtu zen, baita Bartzelonako Opera Flamenca-n ere. Hogeiko hamarkada atzean utzita, 1930etik aurrera flamenkoaren garaiko izenik dirdiratsuen ondoan izan zen tocaor gisa lanean: La Niña de los Peines, Estrellita Castro, Imperio Argentina, Angelillo, Juanito Valderrama, Niño de Utrera…

«Hein batean gitarraren aitzindaria izan zen Sabicas. Zezen plazetan jendaurrean jo zuen lehena, berrikuntzak egin zituen lehena, gitarra bakarlariak egun duen garrantzia izatea lortu zuena». (Juanito Valderrama)

Espainiako Gerra Zibiletik ihesi Hego Amerikara jo zuen Sabicas-ek -gauez Pirineoetan zehar erromes bidetik Ipar Euskal Herrira joanda-, Argentinara aurrena, eta sekulako arrakasta erdietsi zuen Carmen Amaya tablao-ko basapiztiarekin batera. Bi maisu hauei esker, flamenkoa oihartzuna lortzen hasi zen munduan zehar. 1942an New York hiriko Carnegie Hall entzutetsura heldu ziren, eta laudorioak jaso zituzten. 50eko hamarkadaren erdialdetik aurrera AEB-etako hiritzarra izango du ijito nafarrak bizileku.

Paco de Lucíaren irakaslea, ijitoa eta nafarra1959an New York hiriko Town Hall aretoan bakarka jo zuen Sabicas-ek; adituen aburuz historiako lehen (bakarkako) emanaldia ordura arte dantzariak laguntzea beste eginbeharrik ez zuen gitarra flamenkoarentzat. Musika tresna bera, gitarra flamenkoa, garrantzia hartzen hasten da, beste ezeren laguntza beharrik gabe.

Sabicas-ek urte mordoa eman zuen Ameriketatik irten gabe, hegaz egiteari beldurra zion-eta. Baina 60ko hamarkadatik aurrera bere eragina itzela da ondorengo gitarra joleetan, bere diskografia oparoa mundu osoan zehar zabaltzen da-eta (estudioko 40 lanetik gora grabatu zituen); gitarra jotzeko modu berri bat aditzen du askok Sabicas-engan. 1963an, eta adituen esanekin jarraitzen dugu, “gitarra flamenkoa betirako aldatuko duen enkontrua gertatzen da; Paco de Lucía eta Sabicas-ek elkar ezagutuko dute New York hirian”.

 

«Sekula entzun gabea nuen soinu aratza eta abiadura ezagutu nuen Sabicas-ekin; jotzeko modu ezberdin bat. Handik aurrera, bere jotzeko modua gehitu nuen nire ikaskuntzara, eta moldatu, neure egiteko». (Paco de Lucía)

Hiru hamarkadaren buruan, hegazkina hartzera ausartu eta Asiara (Japonia) zein Europara (Espainia) jotzen du Sabicas-ek, baina ez du berriro Iruñea zapalduko 1982ko San Ferminak arte. Jaioterria atzean utzi eta kasik 50 urtera, hiriak Urrezko Domina eskaini eta Gayarre antzokian omendu zuen Sabicas; Naranjito de Triana eta Pepe Habichuelarekin jo zuen bertan -gero, maisua hil eta urte batzuetara, Sabicas Nazioarteko Jaialdia ospatu zen Iruñean, 2008an, gitarra flamenkoari eskainia-.

Euskal Herriaren beste lagun handi batek, Enrique Morente maisuak, izugarri miresten ei zuen nafarrarekin “Morente-Sabicas. Nueva York/Granada” lana grabatzen du 1989an, hil aurreko azkena. Urte berean, bizileku aukeratu zuen hiriko Carnegie Hall-en omentzen dute ijito nafarra; Paco de Lucía eta Morente bera ditu ondoan Sabicas zaharrak. 1990eko apirilaren 14an, eta azken 30 urteak bertan bizi ostean, New York hirian hil zen, Bronx-eko ospitale batean.

«Hogei urte ziren ezagutzen nuela. Lagundu izan zidan cante jondo-an, klasikoan; historiarako gelditzea nahi nuen, biharko gitarristentzako irakaspen gisara. Berarekin grabatzearekin obsesionatuta nenbilen». (Enrique Morente)

(Biografia)

“Las habas, las habas, las habicas” esaten ei zion amak txikitan, baba gordinak jatea gustuko zuela-eta; hortik ei datorkio ezizena, Sabicas.

Gurasoek 17 pezeta ordainduta erosi zioten lehen gitarra. Autodidakta bazen ere, bi eragin onartzen zituen; Ramon Montoya osabarekin ildo klasikoa ikasi ei zuen (esku ezkerra eta arpegioak) eta Niño de Huelvarengandik ildo ijitoa (erpuruaren erabilera eta erritmoa).

«Baba gordinak jatetik datorkit ezizena, `las habicas´, Sabicas. Bost urte baino ez nituen gitarrarekin zaratak egiten hasi nintzenean. Ez nuen sekula irakaslerik izan. Jotzen hasi… eta horretan jarraitzen dut».

Gitarra flamenkoa nazioartean ezagutzera emateaz gain (ordura arte kasik espainiarren kontua baino ez zena), beste generoekin nahasten ere aitzindaritzat jotzen da Sabicas; besteak beste Joe Beck jazz gitarra jolearekin batera egindako rock saioengatik -argi esanda, berak asko estimatu ez zituenak-. AEB-etan Frank Sinatra edo Judy Garland-ekin partekatu zuen oholtza, besteak beste.

Paco de Lucíaren irakaslea, ijitoa eta nafarraAmeriketan zineman ere egin zuen lan Sabicas-ek (Mexikon batez ere), gitarra jole bezala beti -lehen bideoan ikusten denez-. “Hollywood-en oso ondo hartu ninduten”, dio berak. “Adiskidetasuna egin nuen Xavier Cugat eta Clark Gable-rekin, eta harreman ona izan nuen Diana Durbin, Groucho Marx eta Humphrey Bogart-ekin”.

Zazpi hamarkada luzeko ibilbide izan zuen Sabicas-ek; berrogei lanetik gora argitaratu zituen eta urrezko diskoak erdietsi. Bakarkako lehen lana, “Flamenco puro” (1961) mugarri izan zen gitarra flamenkoaren historian. Sabicas-ek berak zioenez, “1955ean Carmen (Amaya) eta biok AEB-etara bueltatu ginen, eta jada ez nintzen sekula etxera itzuli. Geure ahalegina eta urteak behar izan genituen, baina berak dantzarekin eta nik gitarrarekin benetako flamenkoa mundu osoan ezagun egitea lortu genuen. Ezagutua eta estimatua”.

«Paquito hamabost urte zituela etorri zen News York-era. Neure burua  gogorarazten zidan, hasi berria nintzenekoa. Asko dira onak  baina miresten dut Paquito, Paco de Lucía txikia. Nire benetako eskolierra».

Egungo gitarra flamenkoa ulertzeko ezinbesteko musikaria izan ei zen Sabicas, adituen esanetan; teknikoki eskuin eskuaren abiadura eta jotzeko modu garbiagatik. “Bere garaian flamenko zaleak harri eta zur utzi zituen iraultza egin zuen, eta izugarri zailak ziren irtenbide teknikoak eman zizkion gitarrari, ordura arte inork asmatu gabeak –diote jakitunek-, eta pieza izugarri ederrak sortu zituen gainera, musika tresnaren gaitasun espresiboa oso modu berezian ulertzen baitzuen”. Flamenkoaren ikerlariak bat datoz: “Sabicas-en aurretik, baziren egin ezinezkoak gitarran. Bere ondoren, jada ez”.

Zuen birtuosismoaren adibide legez, “fandangillo bat jo eta esku bat altxatzen nuen, gitarra bestearekin, bakarrarekin joz; bonba bat zen hura!” kontatzen du Sabicas berak -minutu bateko lehen bideoan duzue ikusgai-.

“Umeak jotzeari ekin dio. Isiltasun ikaragarria egin da, eta txaloaldi zaratatsua gero. Sabicas-ek lau aldiz ematen dio buelta oholtzari, jo eta jo, eta publikoak plazari buelta emateko eskatzen dio jakak eta kapelak botaz”. Horrela idatzi zuten Sevillako La Maestranza zezen plazan 1934an jo zueneko kronika, Laura Toledok jarraian datorren bideoan irakurtzen duena (11. minutuan). “Al niño de las habicas, in memoriam” deitzen den ikus-entzunezkoan, Toledoz gain La Niña de la Puebla eta iruindar ijitoaren lehengusu Pepe Montoya gitarra joleak Sabicas-i buruz egiten dute berba, maisua hil eta gutxira.

«Gustatuko litzaidake Iruñera bueltatzea, ohore guztiekin jotzera. Hogeita hemeretzi urte daramatzat jaio nintzen hiria ikusi gabe. Bere izena esate eta gogoratze hutsak pultsua azkartzen dit».

2012an Pablo Calatayud-ek iruindar maisuari buruzko film dokumentala egin zuen, “El fabuloso Sabicas”.

(Gehigarria)

Paco de Lucíaren irakaslea, ijitoa eta nafarra
flamenkoa, gitarra jolea, ijito nafarra, Iruñea, musika, Paco de lucia, Sabicas

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude