Saharan Desertec eguzki-energia parkea sortu nahi dute
Eztabaida energetikoa pil-pilean da. Lurraren berotegi efektuagatik eta petroleoa eta ikatza amaitzen ari direlako bi alternatiba geratzen dira: Nuklearra eta energia berriztagarriak. Lehenengo bidea nahiko ilun ikusten du jendeak, izan ere, duen arriskua handia da eta hondakinak ezin dira ez bertziklatu ez desagertarazi. Oker nabil, desagertaraztea lortu da baina koste ikaragarri handiarekin. Beraz ez da bideragarria. Bigarren bideak aldiz beste arazo bat darama berarekin, ez dela deus inbertitu ikerketan. Zergatik hau? Enpresa handiek petroleoarekin azkeneraino etekinak lortzen jarraitu nahi dutelako eta energia berriztagarriak merkatuan kontrolatzea askozaz ere zailagoa delako. Nork kontrolatzen du eguzkiaren argia, nork ura, nork haizea? Denon ondare dira, denok erabil ditzakegu, beraz etekin ekonomikoa ateratzea zailagoa da.
Guztia airean dagoen bitartean, uztailaren 13an Munich-en Munich Re aseguradorako eta “Club de Roma” delakoaren bozeramaleak elkartuko dira “Desertec Industrial Initiative” proiektuaren inguruan berba egiteko. Proiektu honen bitartez eguzki-energia parkea handi bat eraiki nahi da Saharako basamortuan arazo energetikoei aurre egiteko. Helburu zehatza, 2050erako Europako energia eskariaren %15a asetzea da. Bestalde, iniziatiba honen bidez, Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko eskariaren bi heren ere ase ahal izango da.
Desertec iniziatiba aurrera daramatenek diotenez, basamortuan 6 orduz jarraian jasotzen den energia, gizateriak urte osoan zehar kontsumitzen duena baino handiagoa da. Beraz zenbaki hauek kontuan izanik, Andaluziaren tamainako lur sail bat erabiliko balitz parkea egiteko, mundu osoko eskaria asetuko litzateke, eta Bartzelonako probintziaren tamainako lur sail batekin aldiz Europar komunitatekoa. Batzuek uste dute iniziatiba honekin kanpoko lurraldeekiko dependentzia igoko dela eta ez dute begi onez ikusten, beste batzuek aldiz kolonizazio modu gisa ikusten dute. Polemikarik gero ez da falta.
Inbertsio ikaragarria
Michael Straub proiektuaren zuzendariak dioenez 40 urtetan zehar egingo den inbertsio ikaragarri bat da, eta diru gehiena enpresa pribatuek jarriko dute. Hala ere, lehen urteetan beharrezkoak ikusten ditu diru laguntzak erregai fosilekin leihatu ahal izateko. Gainera ez omen da lurralde eta estatu bakar batean eraikiko: “Lurralde eta administrazio ezberdinetan eraikitako parkeen sare bat izango da”
Ea zer dioten honetaz basamortuko amazigh.ek, Espainiarengandik gerra kimikoa jasan zutenak, frantsesengandik entsegu nuklearren erradiaktibitatea… eta orain basamortua eguzki plakez beteta negozio biribila egitera datozkie.