Puzzlearen azken pieza: hidrogenoa

Hydrogen

hidrogenoa –

“Harri Aroa ez zen harri faltagatik bukatu, eta era berean, petrolioaren aroa munduan, petrolioa agortu baino lehenago bukatuko da”. Ahmed Zaki Yamanik, Saudi Arabiako Petrolio eta Baliabide Mineralen ministro zenak plazaratu zuen 2000. urtean egindako elkarrizketa batean. Harrigarrienak ez ziren ziklo-aldaketa iragartzen zuten hitzak, baizik eta planetako petrolio ekoizle eta esportatzaile batek esatea. Izan ere, 1980. urtetik aurrera jasandako garapen ekonomiko esponentziala petrolioaren ekoizpenean oinarritu zuten.

 

Xakelari onenek beti esaten dute partida bat irabazteko aurkariaren mugimenduei aurrea hartzea dela onena. Kasu honetan, nazioarteko panorama xake-taula bat da, eta liderrak jokaldiari aurrea hartzen ari dira: berotegi-efektua eratzen duten gasik gabeko eredu energetiko berri baten atzetik. Hemen elementu kimiko arinena sartzen da jokoan, hidrogenoa (H). Hau, oso ugaria da lurrean, beste elementu kimiko batzuekin konbinatuta agertzen delako, hala nola, urarekin edota materia organikoarekin. Baina, zoritxarrez, ezin da naturatik zuzenean lortu.

Zalantzarik gabe, hidrogenoa funtsezkoa izango da planetaren deskarbonizazioan. Izan ere, 1 kg hidrogenok energia asko (120 MJ) askatzen du, eta energia kantitate bera erregai tradizionalen bidez lortzeko 2,78 kg gasolina behar dira, edo gas naturalaren konposizioaren arabera 2,54 – 3,14 kg. Baina ez da bakarrik berotze-ahalmena  hirukoiztu egiten duela, hori gutxi balitz, bere errekuntzan ur- lurruna sortzen du soilik, ez hondakin kutsatzailerik (CO2-a esaterako).

Gaur egun, munduko hidrogenoaren %40a amoniakoa sintetizatzeko erabiltzen da, berau nekazaritzarako ongarriak ekoizteko oinarri izanik. Bestalde, gutxi gorabehera H2-aren %37-a petrolio-findegietara bideratzen da, petrolioaren eraldaketan beharrezkoa baita. International Energy Agency-ren arabera, hidrogenoaren % 95 inguru gas naturaletik eta ikatzetik sortzen da. Hau da, jatorri ez-berriztagarria du, eta berotegi-efektua eragiten duten gasek eragindako klima-aldaketa areagotzen du.

Hidrogenoa nahiz eta gas koloregabea izan,  bere jatorriaren arabera kolore bat esleitzen zaio. Hidrogeno beltza, ikatza gasifikatzearen emaitza da, eta, ekoiztu bitartean, karbono dioxidoa askatzen da atmosferara. Hidrogeno urdina gas naturaleko lurrun-erreformatzearen bidez lortzen da (batez ere metanoa, CH4), baina, ondoren, sortutako CO2 hori biltzeko prozesu bat dago, eta hala, karbono gutxi emititzen du ingurumenera.

Azkenik, ingurugiroarekiko hidrogeno jasangarrienari berde kolorea esleitzen zaio. Kasu honetan, ur molekulak (H2O) elektrizitatearen bitartez banatu egiten dira, elektrolisia deritzon prozesu baten bidez, non oxigeno (O2) eta hidrogeno purua (H2)  lortzen diren. Hala ere, berdetzat jo ahal izateko, elektrizitateak jatorri berriztagarria izan behar du, hau da, energia eolikoaren, eguzki-energiaren eta abarren bidez ekoiztu behar da.

Hala ere, bere benetako potentziala energia-bektore izateko ahalmenarekin lotuta dago. Hau da, hidrogenoa energia metatzeko gai da, gero modu kontrolatuan aska daitekeena, eta hau funtsezkoa bilakatu daiteke etorkizunean. Gure zonaldearen azterketa sakona eginez gero, energia eolikoa eta eguzki-energia dira energia berriztagarri ohikoenak. Hala ere, teknologia horiek klimarekiko mendekotasuna dute, eta horrek aldizkakoak bihurtzen ditu. Hidrogenoa energia berriztagarriak finkatzeko falta zitzaigun puzzlearen pieza bihur daiteke. Baina, non dago gakoa?

Arestian aipatutako energia berriztagarrien barneratze-kuotetara iritsi ahal izateko, beharrezkoa da energia berriztagarriek gaur egungo energia-sareetan integratzeko aukera emango duten energia biltegiratzeko sistemak izatea, eta energia-sare horien aprobetxamendu-maila egungoa baino handiagoa izatea (askotan, aerosorgailuek energia sortzeari utzi behar diote, une horretan eskaririk ez dagoelako).

Ondorioz, teknologia berri honekin, energia berriztagarriek sortzen duten elektrizitate soberakinak hidrogeno berdea ekoizteko erabiliko dira, energia biltegiratzeko sistema  bat balitz bezala. Horrela, mundu jasangarriago baterantz pausoak eman eta   ingurugiroari onura eskaini.

2015eko abenduan, Klimari buruzko Konferentzian (COP21),  Parisko Akordioa onartu zen. Klima-aldaketari buruzko lehen akordio unibertsala eta juridikoki loteslea da hau. Bertan, munduko 190 estatuek  helburu amankomun bezala batez besteko tenperaturaren igoera 2 °C-tik behera mantentzea ezarri zuten. Horregatik, sektore guztien deskarbonizazioa errazteko irtenbide eraginkorrak finantzatzen ari dira, bai erakunde publikoak, bai enpresa pribatuak ere. Horretarako hidrogeno berdearen ekoizpena eta erabilera nahitaezkoa izango da. Esan bezala, erregai hau elektrizitatea eta beroa sortzeko sorgailuetan erabil daiteke, baita garraioan ere.

Euskal Autonomia Erkidegoak  (EAE) , hidrogenoaren inguruko ekosistema bat garatzeko behar diren elementu guztiak batzen ditu. Izan ere, industria Barne Produktu Gordinaren (BPG) %25era iristen da eta karbono-aztarna nabarmen murriztu ditzaketen konpainia garrantzitsuak daude industria-sarean, hala nola, petrolio birfindegiak. Hauek beraien ekoizpen prozesuetan hidrogeno berdea erabil dezakete.

Energia berriztagarriei bultzada egokia emanez gero, espainiar estatuak hidrogeno berdearen ekoizlea bilaka daiteke. Hori gertatzekotan, EAEk kokapen estrategikoa izan lezake. Hala nola, hidrogenoa Europara garraiatzeko beharrezkoak diren gasbide-sareak eraikiak dituelako, edota, itsasontziz garraiatzekotan kokapen paregabea dauka.

Beraz, jadanik aurkitu dugu puzzlea bukatzeko falta zitzaigun azken pieza! Hau bidearen hasiera baino ez da eta denok jakinaren gainean egotea ezinbestekoa zaigu.

hidrogenoa
hidrogenoa

EHUko ikertzailea