Propaganda politikoa Twitterren

TwitterEgunero lez, Twitterren sartu zara munduaren berri izateko edo, besterik gabe, lagunek botatakoak irakurtzeko. Timeline edo kronologian gora eta behera zabiltza eta, halako batean, plast! “zer egiten du Raxoik nire Twitterrean bere jarraitzailea ez banaiz?  Zergatik dago hau EAJren mezuz josita?”. Ohitzen hasi beharko zara, hemendik gutxira, politikariak ere Twitterreko publizitate sisteman sartuko dira eta.

AEBetan dagoeneko hasi dira publizitate politikoa -hau da, propaganda- Twitterren sartzen. Mitt Romney hautagai errepublikarra izan da lehena. Bere mezuak gainontzeko enpresen publizitatearekin batera ikus daitezke.

Hala, mezu edo “twitt” horiek erabiltzaileen timeline edo kronologietan azalduko dira twitt normal baten modura, baina publizitatea dela adierazten duen adierazgarri bat izango dute: enpresen kasuan, irudiaren koadrotxoan gezi hori bat azalduko da eta iragarki politikoetan, gezi morea.

Politikariak, pixkanaka, beren txokoa aurkitzen hasi dira interneten: blogak, sare sozialak… Batzuk aktiboago eta beste batzuk lotsatiago, publikoa dagoen tokirantz nabigatzen dute beren ontzi digitaletan. Twitterren jabetu dira politikarien interes horretaz eta etekin ekonomikoa ateratzea erabaki dute beren publizitate sistema alderdi politikoen eskura jarriz.

Horrela, datozen AEBetako hauteskundeetarako bidea prestatzen hasi nahi dira. Izan ere, 2008ko hauteskundeetan hautagaiek 1.800 milioi dolar (1.336 milioi euro) gastatu zituzten, eta Twitterrek pastel horren zatitxo bat lortu nahi du datozen 2012ko hauteskundeetan.

Eta ia guztiarekin pasatzen den bezala, AEBetako nobedadeak Europara datozkigu gero. Momentuz, publizitate sistema hori azaroaren 20ko hauteskunde orokorretarako ez da martxan egongo ziurrenik. Baina denborarekin, twitterlarion kronologiak propaganda politikoz betetzen hasiko dira, nahi ala ez.

Tira, ez gaitezen kexatu, doan da eta. Aukerak: ordainketa bidezko Twitter bat, publizitateak zikintzerik ez duen sare soziala. Arrakastarik izango al luke? Enpresen eta politikarien mezu gogaikarriak saihesteko ordaintzeko prest gaude?