Pause
Argazkiko bi urdeak Madrila goaz bihar, gonbidatu egin baikaituzte hitzalditxo bat eman eta mahai-inguru batean eskuartzera Madrid Fusión deritzan kongresu erraldoi horretan: GASTRONOMIA E INTERNET du izenburua. Gaur bertan izan ditugu TVE1koak galdezka, kamerekin. Geure ondoan aspaldiko arerio bat, gutxienez, izango dugu han, Maribona jaun txit agurgarria, ABCko kritikaria bera, eta Ansón eta konpainia, haren itzala indartzera joanak. Maribona jaun honek egundokoak idatzi zituen guri buruz PORCA MEMORIA argitaratu genuenean: separatistak, nazionalistak, etnozentristak… Ia ETAko egin gintuen gastronomia eta memoriaren aitzakian egindako literatura liburuaren karietara.
Ez goaz mendeku bila, baina Maribona jaunak, barruko arropak zirintzeaz gain, nahikoa lan izango du bihotzekoari eusten esan behar ditugunak entzutean: Espainiako kritika gastronomikoa (bera tarteko nabarmen dela), ergelkeria huts bihurtuta dabilela. Futitu egiten garela. Ez diogula aspaldian begiratu ere egiten. Bost axola zaigula eskarola hostoa plateraren erditik zenbat milimetrotara dagoen ala jatetxe bati 8’75 ala 8’80 ematen dioten. Halarik ere, biziki maite dugula gastronomia (bere luzezabalean), eta aitzakia bikaina egiten zaigula GLOTONIA geure blog gastroliterario arrakastatsuan sorkuntzarako. Ez, ordea, eurek lantzen duten zentzu ustelean. Horiek eta gehiago, guztiak arrazoiturik eta ideario moduko baten inguruan antolaturik daramatzagu esateko. Ikusi egin behar sua pizten ote dugun. Hobe bai, hala balitz, eta baten bati erreko balitzaio gutxienez panderoa: dei diezagutela gero nahi dutena, baina ongi merezia bedi. SUKALDEAN eta RECETANIAren aipamenen bat ere egingo dugu, prefosta, geure ume baitira horiek ere. Beste lan batzuk egiteko ere probestuko dugu bidaia, ez baikara oso hara joan zaleak, eta behin bidaia eginda, hobe etekinekin itzultzea. Baina ez nizuen honetaz guztiaz hitz egin nahi, esan nahi nuena zen, bidaia hori dela eta, hiruzpalau egunean ez dela hemen sarrera berririk izanen. Ez, behintzat, hotelean ez badago konexio on bat.