ON ZIENTZIA bideo amateurren lehiaketako lehen lanak ikusgai
Lehiaketan parte hartzeko epea apirilaren 24an amaituko da, baina orain arte aurkeztu diren bideoak dagoeneko lehiaketaren webgunean ikusgai daude: www.onzientzia.tv
Sari hauek jasoko dituzte lehenengo hiru sailkatuek: 3.000 € lehenengoak, 1.500 € bigarrenak eta 1.500 € euskarazko lanik onenak. Gainera, bideorik onenak Teknopolis telebista-saioan ikusteko aukera izango da.
Edonork har dezake parte lehiaketa honetan, eta bideoen gaia librea da: norberaren edo besteren ikerketak, eztabaidak, zientziaren mugarriak, oinarrizko kontzeptuak, pertsonaia historikoak, etorkizuneko edo iraganeko zientzia, bitxikeriak…
Bideoek gehienez 5 minutuko iraupena izan beharko dute, eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira. Helburua, publiko-mota guztiek ulertzeko moduko aurkezpen erakargarria egitea da.
Teknopolis zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako telebista-programaren barruan, Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatzen dute bideo amateurren lehiaketa.