Mugikorraren bateriarekin arazorik ez izateko gomendioak

Mugikorra kargatzeko gomendioak

Mugikorraren bateriarekin arazorik ez izateko gomendioak –

Zenbait ohitura txar ditugu mugikorra kargatzerako orduan eta gaizki egiteak eragin zuzena du honen iraupenean. Oso ohikoa izaten da gauean, lo gauden bitartean mugikorra kargatzen izatea, hurrengo egunerako prest eduki ahal izateko. Beste ekintza batzuk egiten dagoenean ere entxufatuta izaten du jendeak.

 

Duela urte batzuk, mugikorren bateriak nikel-kadmiozkoak ziren. Hauek kargatzeko bateria guztiz agortuta egon behar zen eta zenbait adituk itzalik izatea ere gomendatzen zuten.

Gaur egun aldiz, ion-litiozkoak dira erabiltzen diren bateriak. Nahiz eta nikel-kadmiozkoen zenbait arazori aurre egin zaien hauek erabiltzean, oraindik ere izaten dira zenbait gora behera.

Hona hemen mugikorraren bateria modu egokian kargatu eta ahalik eta arazo gutxien izateko hanbait gomendio:

Ez utzi %0 eta %100era iristen

Esan bezala, gaur egun ez dago bateria guztiz agortzeko beharrik kargatzen jartzeko. Hori dela eta, gomendagarriena %20-%30 bitartean dagoenean entxufatzea izango litzateke.

Baina %100era iristea ere ez da onaBattery Universityk dioenez, hobeto da %98ra iristean kentzea, bestela arazoak eman baititzake.

Hala ere, komenigarria da noizean behin %0 eta %100era iristea, bateriak bere mugak zeintzuk diren jakin dezan.

Deskonektatu mugikorra karga amaitzen denean

Behin bateria kargatuta dagoenean, kaltegarria da mugikorra entxufatuta mantentzea. Izan ere, asko berotzeko arriskua dago eta horrek arazoak sor ditzake.

Ion-litiozko bateriek 300-500 karga ziklo izaten dituzte, eta gutxi gorabeherako kalkuluak eginez, bi urte inguru iraungo lituzke bateriak. Zikloa kopuru hori bermatzeko, oso garrantzitsua da kargak behar bezala egitea.

Kargatzaile eta bateria ofizialak erabili

Oso ohikoa izaten da kargatzailea galdu edo apurtzea. Bateria izorratuz gero, berri bat erosteko ohitura ere badu jendeak. Baina erne ibili behar gara horrelakoak erostean. Kargatzaile eta bateria ofizialak erostea da egokiena. Izan ere, beste batzuek ez dituzte fabrikatzaileak eskaintzen dituen segurtasun baldintzak izaten eta hauen erabilera oso kaltegarria izan daiteke mugikorrarentzat.

Beraz, nahiz eta apur bat garestiagoa izan, merezi duen inbertsio bat da; askotan gauza merkeak erosteak, gastu handiak eragiten ditu.

Hotza eta beroa kaltegarriak dira

Mugikorra beti aldean izaten dugun gailua izanik, berak ere beroa eta hotza jasan behar izaten ditu. Uda partean oso ohikoa da hondartza eta igerilekuetara eramatea, baina ez litzateke 35ºC-tik gorako lekuetan egon behar.

Bateriarentzat 18-22ºC da tenperatura perfektua.

Sistema eragilea eguneratzeak mesede egingo dio

Sarritan aktualizazioek energia aurreztu eta bateria denbora luzeagoz mantentzeko baliabideak eskaintzen dituzte. Hori dela eta, interesgarria izaten da noizean behin berrikuntza hauek mugikorrean izatea.

Aplikazioak itxi

Martxan dauden baina erabiltzen ez zauden aplikazioak ixteak ere bateria aurrezten lagunduko dizu. Izan ere, hauek zabalik uzten badituzu, mugikorra beharrezkoa ez den esfortzu bat egiten ari da.

Denbora luzez gordeta izan behar baduzu, karga erdia duela itzali

Mugikorra denboraldi batean erabili behar ez baduzu, oso garrantzitsua da behar bezala gordetzea.

Kasu honetan giroko tenperatura eta bateriaren portzentaia eragin handia duten faktoreak dira. Hori dela eta, zenbait gauza izan behar dira kontuan:

  • Erdi kargatuta utzi mugikorra; ez guztiz kargatuta, ezta bateriarik gabe ere.
  • Itzali mugikorra
  • Leku lehor eta fresko batean gorde
  • Sei hilabetero erdiraino kargatu (askotan nahiz eta itzalita egon, bateria gastatzen baitzaio)

Gomendio hauek jarraituz gero, ez duzu arazorik izango mugikorraren bateriarekin. Egin proba!

Mugikorraren bateriarekin arazorik ez izateko gomendioak