“Estamos haciendo muchos amigos por el norte”

Estamos haciendo muchos amigos por el norte –

Aditu nuen aurreneko aldian bitxia iruditu zitzaidan. Espainian nintzen eta, artean, Norte zer zen ez nekien. Poetikoa ere ematen zuen, lore bat, askotan Sur liluragarria aipatzeko erabiltzen denaren erakoa. Testuinguruagatik, lagunek gure eremuari deitzeko modua zela jabetu nintzen. Eremua ezin zehaztu, ordea: Kantauri itsasoko herriak, Euskal Herria, EAE, Nafarroa? Buscando el norte.

Galdetu egin nien zertaz ari ziren.

por el norte

Gerora ulertu dut xelebre irudituko zitzaiela nire galdera, ni Nortekoa izanda, jende gehienak erabiltzen baitu Espainian Euskal Herria ez esateko. Vascongadas haiei ere beste garai batekoa irudituko omen zaie. Eta País Vasco esateak onargarriak ez zaizkien gauza asko adierazi nahi baititu. Eufemismo gaiztoa, beraz. Norte lejano (Far North).

Estamos haciendo muchos amigos por el norte

Norte Zaragozan, Norte Sevillan, Norte Madrilen, Norte Granadan, Norte Katalunian. Norte. Norte, Katalunian ere bai. Eta nik, inozo honek, “tira, zuek ere iparrean zaudete” erantzuten nien, lagunen eufemismo paternalistaz jabetu arte. Norte.

Eta nik, nor ote iparra galdutakoa? Sin norte.

Hainbat bataila galduta eta ezin buelta eman ditugu aspalditik auzo dugun Espainian eta beste herri batzuetan. Baina, latzenetakoa, izenari uko egitea. Eta hori lagun usteen artean. Lagun ez ditugunok vasco esaten digute, baina betiere izenondo peioratiboren batekin. Horretarako ez digute jatorria ukatzen. Los bárbaros del norte.

Askori irudituko zaie bost axola duela auzo herrietan zer pentsatzen duten, zer gaiztakeria-klaserekin aurrez juzkatzen gaituzten. Baina azken urte gutxiotako emaitza da, beste batzuen artean, bizi dugun inbasioa, nortea garaitu ondoren, ez baitago arrazoirik ez bertaratzeko. Norte salvaje (The Wild North) izandakora.

Eta gu, bitartean, kanpotarrei Bienvenidos al norte (Bienvenue chez les Ch’tis) esaten, perdiendo el Norte ari garela konturatu gabe.

Estamos haciendo muchos amigos por el norte

3 pentsamendu ““Estamos haciendo muchos amigos por el norte””-ri buruz

  • Eusko Jaurlaritza bera da, gartsuki sustatzen duen ETB hori tarteko, gu NORTE bilakatu gaituena. Eta bilakatzen segitzen duena.
    Espainia delakoaren NORTEA alegia.
    “Tu al Norte” bezalako kirtenkeriekin ari da mezua euskaldunon artean barnerarazten, arrunt bilakatzen. Eta baita bestelako saioekin ere. Eguneroko albisteak emateko orduan, esaterako, Ipar EH ez da inondik ere agertzen (Zuberoa? Behe Nagarroa? kes ke ze za?) eta bai, ordea, Jaen, Hispalis, Kuenka eta horrelakoetan gertatuak.
    Aipatzen duzun NORTE hori, gainera, Irun-Zugarramurdi-Orreaga-Izaba lerroan amaitzen da. Handik aurrerakoa Frantziako hego-ekialdea besterik ez da.
    Ito gaituztela esan baino lehen, geure burua itotzen ari garela aitortu beharko genuke.
    Horrelakoak gara NORTEko baskoak: eskuzabalak, irekiak, unibertsalak, aberririk gabekoak, geure hizkuntza bera ere soberan daukagun loiolatarrak.
    Biba (??) gu!

  • Zuzenketa: “Aipatzen duzun NORTE hori, gainera, Irun-Zugarramurdi-Orreaga-Izaba lerroan amaitzen da. Handik aurrerakoa Frantziako hego-mendebaldea besterik ez da.”
    Ene, josu (Imaz), non ote zebilen ene burua?
    Kataluniako Ipar aldeko Rossello-n nonbait.
    Jainko miserikordiosak barka nazala eta diezadala!

  • Kolonizazioaren ondorioak. Geroz eta azpiratuagoak, geroz eta astunagoa bi estatutan banatzen gaintuen lerroa. Eta geroz eta handiagoa menpeko garen horrekiko identifikazioa, eta gurea duguna folklorera mugatzeko joera, zapaltzaileei enbarazu egin ez diezaion. Bai iparraldean eta baita hegoaldean ere.

    Baina geroz eta gutxiago garen arren bagara batzuk gurea hegemoniko eta hilezkor egin nahi dugunak. Delako mugaren gainetik jatorrizko herria natural bizi dugunak. DNI delakoan espainola garela irakurri arren anai-arrebatzat Sara, Garazi eta Atarratzeko jendea ditugunak. Izan ere, gure arteko benetako muga, ez ahaztu, euskara alboratzen dugun heinean agertzen da. Orduan bai zatitzen garela. Elkarbanatzen duguna da elkar loturik mantentzen gaituena: hizkuntza, arbasoen bizi ikuskera erdi animista, kantua, dantza… kultura azken finean, historiako behe laino galduetatik eskuz esku transmititua izan zaiguna eta hiltzen garen artean galtzen utziko ez duguna, seme-alabei emango dieguna beraiek ere ez galtzeko eta era berean transmititzeko.

    Utzi goibeltasuna alde batera eta altxa buruak euskaldunok, egoera latza izan arren denon indar eta konpromisoarekin herri hau aurrera aterako dugu eta!

    https://askatasunarenliga.eus/sarrera/