Minbizia aurrikusteko zortzi sintoma
Odolaren agerpena gernuan, ondestean eta eztul egitean, ttua irensteko zailtasuna, anemia, ezohiko emaitzak prostata araketetan, konkorrak titietan eta menopausia ondorengo baginako odol isuria dira zortzi sintoma ohikoenak minbizia pairatzen duten pertsonengan.
Hogei kasuren artean, behinik behin, pertsona batengan ageri ziren gaixotasunaren adierazleen bila aritu dira zientzialariak. Sintomak badauden kasuetan ere tumorea izateko aukerak oso urriak diren arren, ohiko zantzuen aurrean mediku espezializatuarengana jo eta honek probak burutzea erabakiorra dela ohartarazi dute britainiarrek, minbiziaren aurkako tratamendua arrakastatsuagoa baita garaiz diagnostikatzen diren kasuetan.
Hogeita bost ikerketaren emaitzak hartu dituzte aintzat zientzialariek eta aztertutako zortzi sintomen artean bi nabarmendu dituzte 55 urtepeko pertsonengan, prostata araketetan ezohiko emaitzak izatea eta titietan konkorrak agertzea minbizia izateko %5eko arriskuaren adierazle baitira. Ttua irensteko zailtasuna sumatzea hestegorriko minbiziaren sintoma izan liteke 55 urtetik gorako gizonezkoengan eta gernuan odola agertzea zantzu esanguratsua da adineko gizonezko zein emakumezkoengan.
Etxeko medikuak ohartaraziko dituzten programa informatikoak garatzeko premia salatu du Mark Shapley ikerketaburuak, hala, medikuentzat errazagoa izango litzateke arrisku taldeetan dauden gaixoak garaiz bidaltzea espezialistengana. Azken batean, agertu bezain laster gaixotasunari aurre hartzea da sendatzeko bide eraginkorrena.