Marte bizigarria, egi ala amets?

Marte bizigarria, egi ala amets? –

Naiara Barradok eta Itziar Garatek, EHUko Fisika Aplikatua I Saileko irakasle eta Zientzia Planetarioen Taldeko kideek, Zientzia Kaieran.

Hainbestetan entzun dugu Marten ura topatu izanaren berri, ezen azkenean ez baitugu argi Marten ura dagoen ala ez, edota zer demontre den Marten aurkitu dutena. Gainera, zergatik horrenbesteko grina Marten ura topatzearekin? Has gaitezen amaieratik.

Uraren garrantzia

Urik gabe, guk ezagutzen dugun moduko bizitzarik ezin daiteke sortu. Horregatik da ura hain interesgarria zientzia planetarioetan, eta horregatik dabiltza hainbat misio ura topatu nahian eguzki sistemako hamaika tokitan: Marten edo Jupiterren eta Saturnoren ilargietan, adibidez. Baina ez da edozein fasetan dagoen ura bilatzen, zeren eta dagoeneko badakigu ur lurruna badagoela hainbat planetaren atmosferatan, eta baita ur izoztua ere, Marteren poloetako izotz-geruzetan eta Jupiterren Europa ilargiko gainazalean. Ur likidoa da zehazki bilatzen gabiltzana, eta, horretarako, tenperatura- eta presio-egoera zehatz batzuk behar dira. Marte -46oC-ra dago, batez beste; hotzegi ur likidoa egoteko, ezta? Bada, ez.

Marten baxu-baxua da gainazaleko presioa, zehazki 0.636 kPa-koa (0.006 atm). Horrek posible egiten du ur likidoa egotea. Izatez, adituen ustean, garai batean Marte ez zen orain den modukoa, ez zen basamortu lehor bat. Bere ipar hemisferioa ozeano erraldoi batean murgilduta egon zela uste da. Ibai eta lakuak egon izanaren aztarnak ere badaude, gaur egun arroilak eta erreken ohantzeak ikus baititzakegu bertan.

Marte bizigarria, egi ala amets?
Valle Marineris, eguzki sistemako arroilarik handienaren mosaikoa, Viking orbitadoreak Marteri ateratako 100 argazki baino gehiagorekin konposatua (Argazkia: NASA).

.

Ura Marten

Marten ura topatu izanaren berri milaka aldiz izan duzula uste baldin baduzu, zuzen zaude, askotan eman baitigute horren berri 70. hamarkadatik aurrera. Baina batez ere hala izan da 2002. urtetik aurrera, Mars Express, Mars Odyssey, Opportunity eta beste misio batzuen emaitza arrakastatsuak jasotzen hasi ginenetik.

70. hamarkadan, NASAren Viking eta Mariner zundek Marteren bereizmen handiko argazkiak hartu ahal izan zituzten. Bertan ikusi ahal izan ziren, lehen aldiz, planeta gorriko arroilen eta ibaien ohantzeak. Irudi horiek iraganean planetaren gainazalean ur fluxuak zeudela iradoki zuten. Halaber, Viking misioek ipar poloan ur izoztua kantitate handietan zegoela erakutsi zuten.

Hori dela eta, 90. hamarkadan misio ugari programatu eta bidali ziren Martera, eta hurrengo hamarkadan hasi ziren fruitua ematen.

2002an Mars Odyssey espazio-ontziaren espektrografoak hidrogenoa detektatu zuen gainazalean, eta horri esker lurrazpiko uraren presentzia iragarri zuten. NASAk ondorioztatu zuen Marten izotz lurperatua egon behar zuela poloetatik 60°-ko latituderaino bi hemisferioetan.

2004ko urtarrilean Mars Express zunda europarrak uraren presentzia hori baieztatu zuen planetaren hego poloan, ur izoztua bazen ere. Kasu hartan, aurrekoan ez bezala, zuzenean detektatu zen ura. Beraz, aurkikuntza oso garrantzitsua izan zen, nahiz eta une hartan izotzaren presentzia bakarrik baieztatu ahal izan, ez ur likidoarena.

Geroztik ur aztarna gehiago eta gehiago topatu dira planeta gorrian. Berri ugari izan dira horren inguruan. Marteko urari buruzko azkenengo berria orain dela urtebete izan genuen Mars Expressen emaitzei esker: radarraren bidez, poloko izotz-geruzaren azpian ur likidoa zegoela antzeman zuten, Orosei et al. (2018) lanaren arabera. Baina ez ur pittin bat, izotzaren azpitik 1.5 km-ra dagoen eta 20 km-ko luzera duen laku bat baizik. Marten ur masa handi bat antzematen zen lehen aldia izan zen. Bertako ura 0°C baino askoz hotzago dago, baina perklorato gatz kantitate handiari esker, ez da izozten, gatz horrek izotz-kontrakoaren lana egiten baitu.

Lur planetan antzeko 400 bat laku aurki daitezke glaziarren azpian. Gehienak ur gozokoak badira ere, batzuek, Antartidako Vida lakuak bezala, ur oso gazia daukate. Ur hori -13oC-ra egon arren mikrobioak topatu dira bertan. Horregatik, badago oraindik Marten lurrazpiko lakuetan bizitza topatzeko itxaropena.

Hortaz, gaur egun Marteren azalean bizidunik egon ezin bada ere, azpiko geruza bizigarria izan daitekeelako susmoa dago, eta iraganean gainazala bera ere bizigarria izan zelako ustea gero eta indartsuagoa da zientzialarion artean.

Marte bizigarria, egi ala amets?
Mars Expressek ur hobiratuta antzematen du Marteren hego poloan (Argazkia: ESA).

.

Metanoa Marten

Uste hori egiaztatzeko edo ezeztatzeko, lagundu egingo luke Marten metanoa dagoen edo ez jakiteak, zeren eta metanoaren detekzioa bizitza egotearen seinale izan daiteke.

Marten metanoa prozesu geologikoen ondorio izan liteke, edo, are zirraragarriagoa litzatekeena, prozesu biologikoen ondorio, Lurraren atmosferako metano gehiena prozesu biologikoek sortua baita. Beraz, ikertzaileok jakin nahi duguna da ea Marten metanoa dagoen, zenbat dagoen eta, egotekotan, zerk sortzen duen.

2003. urtean antzeman zen metanoa Marten lehen aldiz, bi modutan gainera: Mars Express orbitadore europarraren bidez eta lur teleskopioak erabiliz. Geroztik temati aritu dira ikertzaileak gas horren presentzia eta jatorria bilatzen. Lan batzuek hura aurkitu zela berresten zuten; beste batzuek, ordea, ezeztatu. Hamar urte itxaron behar izan ziren gas hau ziurtasunez detektatu ahal izateko. 2013ko ekainean, Marteko Gale kraterrean, Curiosity Roverrak antzeman zuen berriz metanoa, Science aldizkarian argitaratutako artikuluan irakur daitekeenez. Eta, azkenik, aurtengo apirilean jakin genuen, Nature Geoscience aldizkarian argitaratutako artikulu bati esker, Curiosityk 2013ko ekainean egindako detekzioa Mars Express orbitadoreak ere antzeman zuela krater berean.

Beraz, azken emaitza hauetan oinarrituz, badirudi metanoa dagoela Marten, baina zein ote da haren jatorria? Bizi-jatorrikoa ote da? Hori dugu gaur egungo misterioa.

.

Erreferentzia bibliografikoak:

Orosei, Roberto et al. (2018). Radar evidence of subglacial liquid water on Mars. Science, 361 (6401), 490-493. DOI: 10.1126/science.aar7268.

Giuranna, Marco et al. (2019). Independent confirmation of a methane spike on Mars and a source region east of Gale Crater. Nature Geoscience, 12, 326–332. DOI: https://doi.org/10.1038/s41561-019-0331-9

Marte bizigarria, egi ala amets? Marte bizigarria, egi ala amets? Marte bizigarria, egi ala amets?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Marte bizigarria, egi ala amets?”-ri buruz

  • Insistentzia 2019-09-22 13:29

    Martek bizigarria izateko beharrezko osagai guztiak ditu. Borondate politikoa soilik behar da halako proiektu erraldoi bat aurrera eramateko, eta hori bai ez dagoela. Gure arazo nazionalaren antzera…