2018an linuxera salto egiteko 7 distribuzio erakargarri
2018an linuxera salto egiteko 5 distribuzio erakargarri –
Gaur egun inoiz baino errazagoa da ordenagailuan linux instalatu eta lasai asko bizitzea. Geroz eta distro eta zapore gehiago daude eskuragai, geroz eta komunitate handiagoekin. Eta software mordoa ari da batzen sistema eragile libreetara. Ubuntu da erabiltzaile gehien biltzen dituen distribuzioa, baina, badira gehiago ere. Hemen dituzu 2018an linuxera salto egiteko hainbat aukera.
Linux Mint
Windowsen interfazetik bazatoz eta linuxerako saltoa modu erraz batean egin nahi baduzu Linux Mint izan daiteke zure aukera. Komunitate geroz eta handiagoa du atzean distribuzio honek. Ez du errorerik eman ohi eta oso egonkorra izateaz gainera, ikaragarri erabilterraza eta intuitiboa da. Nahieran pertsonalizatzeko aukera ematen du, eta zure gustuen araberako mahaigaina egin ahal izango duzu.
Elementary OS
Mac ingurunetik baldin bazatoz, berriz, agian hobe duzu Elementary OS probatu. Mac OS-en antza duen diseinu fin eta erakargarriagatik egin da ezaguna. Honakoa ere, Mint bezain egonkorra eta orekatua da eta sekulako komunitatea du atzean. Ubuntun oinarritua izaki, Canonicalen software paketeak eskuragai izango dituzu. Ubuntu edo Mintek baino errekurtso gutxiago behar ditu, eta egokia izan liteke ordenagailu zaharragoetan erabiltzeko.
Ubuntu
Milioika erabiltzaile dituen distribuzioa. Linux komunitatean ezagunena. Canonical enpresarena da eta hainbat zapore ditu, erabiltzaileak nahieran aukeratzeko. Ubuntu nagusiak GNOME mahaigaina darama eta erakargarria, egonkorra eta erabilterraza bada ere, kritikatua izan da errekurtso asko erabiltzen dituelako. Horregatik akaso nahiago izango duzu Xubuntu (XFCE Mahaigaina) edo Lubunturen (LXDE Mahaigaina) aldeko hautua egin. Bi hauek dira Canonicalen zaporerik arinenak. Ubuntu Budgie zaporea da 2018rako zerrenda guztietan agertzen den zaporea, probatu beharko, ala?
Manjaro
Arch Linux da linuxen distribuzio potente eta egonkorrenetariko bat. Ona bezain zaila, ordea. Berau instalatzeko zailtasunak izango dituzu, linuxen aditua eta jantzia ez baldin bazara. Horregatik sortu zuten Manjaro, Arch Linuxen oinarritutako distroa. Honakoa instalatzen askoz ere errazagoa da, eta Arch Linuxen abantailez gozatzeko aukera ematen die, linuxen hasi nahi dutenentzako. Hainbat mahaigain bertsiorekin dago eskuragarri.
Fedora
Linuxen distro zakur zaharretako bat da Red Haten Fedora. Oso egonkorra da eta ederki dabil, ezin da gehiago eskatu. RPM pakete kudeatzailea darabil eta laguntzeko prest dagoen zaildutako jende mordoz osatutako komunitate erraldoia du atzean. DistroWatch-en arabera distribuzio erabilienen artean dago.
Debian
Beste zakur zaharra. Diotenez, garatzaileentzako linuxik egokiena da. Filosofia eta pentsakera anitzeko garatzaile komunitate handia du Debianek atzean (Irakurri Debian Manifestua). Ian Murdockek sortu zuen 90. hamarkadan eta distribuzio zaharrenetakoa da. APT pakete kudeaketa darabil eta DEB paketeak erabiltzen ditu. Besteak beste, Ubuntu bezalako distroen ama da Debian. Fidagarria, egonkorra eta eraginkorra, ezbairik gabe.
Deepin
Txinatik dator honakoa. Ingurune egonkorra eta lagunkoia da, erabiltzaile berrientzako egokia. Qt5 oinarri duen Deepin Desktop Mahaigain elegantea darabil eta bertan beste inon topatuko ez dituzun hainbat software eta aukera aurkituko dituzu. Azken urteetan oso ezaguna egiten ari da distro hau eta geroz eta erabiltzaile gehiago ditu. Txinatarrak ederki ari dira lanean, eguneroko erabilerarako aproposa den linux zerbitzua eskaintzeko.