Liburuen e-Iraultza
Liburuen e-Iraultza –
Duela aste batzuk Elkar-ek kaleratutako azterketa batek argi utzi zuen irakurzaletasuna ez dagoela bere momenturik onenean. Eta honek zer pentsatua eman dit: Zergatik irakurtzen ote dut hain gutxi? Beno, irakurri inoiz baina gehiago egiten dut, ez ordea fikzioa.
Zerbitzu on, eraginkor eta interesgarri bat falta zaidala ondorioztatu dut. Eta hori atzera begiratu eta nire ohiturak nola aldatu diren ikustearekin konturatu naiz. Lehen musika mp3 formatuan deskargatzen nuen, orain aldiz Spotify darabilkit. Telesail eta pelikulak eskuratu egin behar izaten ziren, orain aldiz, hein batean, Netflix eta antzerakoak erabiltzen ditugu. Bideo-jokoak pirateatu ordez, Steam erabiltzen dugu orain.
.
Eta irakurtzeko? Ba ote dago horrelako zerbitzurik?
24Symbols izeneko aplikazioa, duela urteetatik dago erabilgarri. 9 euroren truke nahi haina liburu irakurtzeko aukera eskaintzen duena. Baina muga handi bat du, ez duela behar adinako katalogoa. Eta beste alde batetik ez dela bateragarria eReader guztiekin. Traba gehiegi.
Eta katalogoa aipatuta, eta Xabi Solanok esango lukeen bezala, zer gertatzen da “Nire mundu txiki polit honetako” edukiekin? Argi esanda, euskarazko edukiak topatzea zaila eta garestia da. Argitaletxeek gero eta errazago jartzen dituzte liburuak eskuragarri. Baina garesti. Liburu fisikoaren erdi prezioan erosi ahal izatea, garestia iruditzen zait.
Sortzaile, idazle, editore, familia, lagunak… ez zarete nik esandakoarekin ados egongo. Ziur aski lerro hauengatik dislike bat baina gehiago irabaziko nituen. Baina nire defentsan azken argudio bat aurkeztu nahiko nuke.
Edukiak kontsumitzeko bideak erraz eta prezio onean jartzen badituzu, jende gehiagorengana heltzeko aukera handiagoa dago. Akaso irabaziak txikiagoak izan daitezke, liburu bakoitzeko gutxiago irabaziko delako, baina aldi berean bolumenarengatik jende gehiagorengana heltzeko aukera dago. Eta irabazi berberak lortzeko aukera ere badago. Merkatua eraldatuz doa, eta nik uste dut badela momentua liburuen gainean birpentsatu eta hausnartzeko.
.
Orduan zer?
Euskarazko eduki literarioak hilabetetako harpidetza bidez eskuratu ahal izango balira, publiko objektiboarentzat erraztasunak egongo lirateke. Prezio on batean eskuratu ahalko balitz, fama ona izango luke zerbitzuak. Hau da, aitzakiarik ez litzateke egongo irakurzaletasuna sustatu, eta euskarazko edukiak zabaltzeko.
Akaso aitzakia bila nabilela pentsatuko duzu. Baina nire errealitatea hori da. Eta zure? Zein da zure aitzakia euskarako liburuak ez irakurtzeko?