Komunikazioa
Komunikazioko Gradua ikasten ari naizenez gero, etorkizuneko komunikatzailea naizela esan ohi dut, gradua amaitu arte benetako komunikatzailea izango ez naizelakoan. Teknikak ikasten ditugu eskoletan: nola idatzi, nola irakurri, nola erakarri, nola esan, nola mugitu. Zer egin eta zer ez komunikatzaile ona izateko. Dena, noski, etorkizunari begira.
Teoria barneratzen dugu (batzuek gehiago, besteek gutxiago), baina askotan ez gara ikasitakoa aplikatzeko gai. Euskarazko, gaztelerazko zein ingelesezko arauak ahaztu egiten zaizkigu: h-ak jartzen ditugu behar ez den tokian, burutu edo eman idazten dugu gertatu beharrean, logikarik gabeko esaldiak osatzen ditugu beste hizkuntza batean pentsatzearen erruz… Horrelako akats txepelek irakasleen haserrea, amorrua edo barrea sortzen dute, eta ondorioz, guk motibazioa galtzen dugu. Askotan esaten digute komunikaziorako bide desegokia aukeratzen dugula, konturatu gabe. Baina ba al dago komunikatzeko bide guztiz aproposa?
Apaltasun osoz, komunikazioa oso arlo zabala dela deritzot, eta hortaz, ezin diogula mugarik jarri. Helduentzat edo umeentzat, mexikarrentzat edo errusiarrentzat, community manager batentzat edo elektrikari batentzat berdin komunikatu behar al dugu? Ezinezkoa da, guztiek ez baitute mezua berdin hartuko, eta garrantzitsuagoa dena gaur egun, ez diote berdin erantzungo. Feedback-aren garaian gaude eta, gure mezuak erantzunik jasotzen ez badu, nola esan ba komunikazioa arrakastatsua izan dela? Jai daukagu! Informazio-bidaltze soilean geratuko ginateke. Baina komunikazio-saio baten helburuak buruan baditugu eta pausoak ongi ematen baditugu, nahikoa izan daiteke hartzailea igorle bihurtzeko, komunikazioa den etengabeko giza ekintza aurrera eramateko.
Komunikazioa arrakastatsua izan dadin, ortografia- eta gramatika- arauak baino haratago doan zerbait behar dugu. Jakin behar dugu nori helarazi nahi diogun mezua, zein interes dituen eta zein den bera erakartzeko biderik egokiena. Norentzakoa baldintzatua dago, inguruak garrantzi handia du bere jokatzeko eran, eta igorleok sinesgarritasuna eduki behar dugu eskema horren barruan.
Ahoz, idatziz edo gorputzaren bidez, ez du axola: edonola komunika gaitezke, den-dena baita komunikazioa, edozer gauza izan daiteke erreakzio bat sortzeko pizgarri. Batzuekin errazago komunikatzen gara besteekin baino eta batzuetan kostata lortzen dugu, argi dago, baina mundu honetan ikasi eta hobetzeko gaude, ezta? Ziur naiz eboluzionatuko dugula. Pixka bat hausnartzean konturatu naiz ezin dudala esan etorkizuneko komunikatzaile naizenik titulu baten beharra dudalako. Komunikatzailea, izatez, banaiz, gizaki hutsa naizelako. Hortaz, nire deskribapena aldatu beharko dut: Marina Landa, etorkizunean titulua eskuratuko duen komunikatzailea. Azken finean, xehetasun guztiek laguntzen dute komunikazioan!