Kezkatuta nago
Kezkatuta nago ez dudalako kontu hau oso ondo ulertzen. Asteazkenean, Eskola 2.0-ko aurkezpenean izan nintzen Bilbon. Hitzaldi batzuk interesgarriak izan ziren, batez ere kanpotik etorritako bi irakasleena: Alfons Cornella eta Fernando García Paezena. Cornellak oinarrizkoaz hitz egin zuen eta García Paezek San Walebonson, bere eskolan, egiten ari diren lana aurkeztu zigun. Batak zein besteak aurkeztutakoa fundamentuzkoa izan zen, lehenengoak alderdi teorikoa eta bigarrenak praktikoa erakutsita.
Baina, han geunden irakasle askok beste zerbaiten zain geunden: Hezkuntza Sailak euskaraz prestatu dituen material didaktikoak ikusi nahi genituen. Horiek aurkeztera Antonio Cara atera zen, programak zioen bezala “Eskola 2.0 Planaren on-line baliabide didaktikoak” ikusiko genituen. Baina aplikazio praktikoak erakutsi behar zizkigunean juxtu, teknologiak huts egin zuen, eta bere horretan utzi behar izan zuen esku-hartzea. EITBko multibox aretotik atera nintzenean nire buruari galdetu nion ea arazo teknologiko horiek ez ote zuten ezkutatu euskarazko baliabide didaktikoen gabezia. Oraindik ikusteko gaude, inondik ere ez dira ageri.
Eskolan galdetu didate ea zer daukagun ikasleekin lanean hasteko: Gmail, Google, Wikipedia, …. Blogger edota WordPress, Jomla, Picasa, Infarview… Gutxi gorabehera hau guztia hasi baino lehenago genuen gauza bera.
OHARRAK (Post scriptum)
Beste bi kontu dira aipatzekoak. Lehenengoa emakumearen presentzia eskasa. Jardunaldiak bost bat ordu iraun zuen, atsedenerako denbora kenduta, eta horietatik ordu erdia baino gehiago ez zen egon emakume baten esku. Oraingoan ere gizonezkoek esan behar digute gehiengo handia garen 5. mailako irakasle emakumeoi zer eta nola egin behar dugun?
Bigarren kontua, euskararena. Bost ordu horietatik ordu erditxo eskasean baino ez genuen euskara entzun, bi emakumeen ahotan hain zuzen. Eskola 2.0-ko baliabideak azaltzeko eman zizkiguten orriak ere gaztelaniaz daude. Holako eskola, horrelako gizartea nahi du Hezkuntza Sailak? Espainola eta Gizon?
proposamen bat baldintzarik (espainola eta gizona) betetzen ez dugun irakasleontzat: jubilazioa.
Ados nago zurekin; jubilazio kontu hau hobeto garatu behar dugu