Kasetea ez da desagertuko
Kasetea ez da desagertuko –
Sinestezina iruditu arren, kaseteak ez dira desagertu, eta ez dira, alafede, berehala desagertuko. Teknologia berriek (diskoek lehenik eta mp3 artxiboak ondoren) marginalitatera kondenatu zuten kasetea, norberaren armairu, kolekzionisten biltegi eta bigarren mailako gasolinetara. Enpresa batzuentzat oso tresna erabilgarriak dira oraindik, eta IBM eta Sony enpresak baliabide asko bideratu dituzte kaseteen hobekuntzara. Izan ere, kaseteak informazio kantitate handiak gordetzeko modu merke gisa erabiltzen dira.
Pasa den abuztuaren 2an IBM enpresak mundu mailako errekor berri bat lortu zuen: konprimitu gabeko 330 terabyteko gaitasuna daukan zinta magnetikoa diseinatu berri zuela iragarri zion munduari.
Zinta Sony Storage Media Solutionsekin batera garatu dute, eta datu kantitate handiak gordetzeko altenatibarik merekeena bilakatu daiteke enpresentzat, disko gogorren gainetik. Kasetearen ekoizpena ez da sinplea, baina IBMren ustez, daukan potentzialtasun astronomikoak oso erakargarri bihurtuko du.
Asmakizun hau lortu ahal izateko, IBM eta Sonyko ingeniariak maila honetara iritsi behar izan dira: 201 gigabite “hatz karratu” bakoitzeko (Ameriketako Estatu Batuetan erabiltzen den neurria: 6,4516 zm2). Aurreko zintek zeukaten biltegiratze gaitasuna hogei aldiz biderkatu dute. Nanoteknologia dauka barneratuta: nanokristal kapa baten bitartez gaitasuna hobetzen da, eta kristal hauek 7 nanometroko memoria espazioa darabilte.
Kasetearen urrezko aroa aspaldi pasa zen, 80-90.hamarkadetan, walkmanen garaian, arkatz batekin bueltaka zinta magnetikoa berriz bere tokian jartzen saiatzen ginenean. IBM eta Sonyk hartu duten norabidearekin, ziur egon gaitezke ez dugula berriro, modu masifikatu eta komertzialean bederen, musikarik entzungo kaseteetan. Baina agian, zergatik ez, gure musika eta telesailen biltegi izan daitezke.