Maroko ez da Venezuela

Maroko ez da Venezuela –

Maroko ez da Venezuela
Tarifa, Andaluzia. Kotxeak zain Marokora igarotzeko.

Fenomeno berezi bat gertatzen da uda garaian Hego Euskal Herrian. Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdeko herriak hustu egiten dira; Araba eta Nafarroan, aldiz, herrietako jende pilo bat bizi da hiriburuetan, eta uda garaian beraien herritxora itzultzen dira oporrak igarotzeko. Urtean zehar mugimendu gutxi daukaten plazak borborka jartzen dira hil honetan. Baina badago mukuru bete eta husten den toki bat, berriro bete eta husteko: errepidea. Lona urdina autoko teilatuan jarrita, milaka eta milaka ipar-afrikar beraien sorterrira itzultzen dira libre daukaten tartean familiarekin biltzeko.

Errepidean nindoan ni ere, pentsatuz auto horietako asko Marokora doazela. Irratia piztuta nindoan, Venezuelari buruzko enegarren tontakeria entzunez, eta gaindosiaren erruz bide bazterra jo baino lehen lona urdinen helmugan pentsatzen jarri nintzen. Edozeini egiteko moduko galdera iruditu zitzaidan: zein izan zen Marokoren inguruan entzun zenuen azkeneko albistea? 

Oso ohikoa da sektore progreenek Venezuela babesteko diskurtsoa egiterako garaian, antitesi gisa Saudi Arabia jartzea. Argudio zuzena iruditzen zait; baina baita Marokoar estatuarena ere(espainiarra eta frantziarrak ahaztu gabe), balio erantsi batekin: hemengo jende asko joaten da oporretara Marokora; harreman ekonomikoak estuak dira; marokoar pilo bat bizi dira Euskal Herrian… Askoz ere elkarreragiletza handiagoa dago Marokorekin Saudi Arabiarekin baino; baina hango kontuez ideiarik ere ez. 

Maroko ez da Venezuela
Arg: Martxelo Diaz

Beno, noizbehinka zer edo zer iristen da, adibidez, Rifeko matxinada. Estatuak gogor zapaldu ditu bereberrak betidanik, inperioa arabizatzearen ideiari fermuki atxikita. Beraien eskaerak zilegiak dira, baina… Baina. Amazigh mugimenduak ez du Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidea onartzen. Hau zioen M’hamed Oueldlhajek, Tamunt alderdiko kideak, GARAn egindako elkarrizketa batean: “Sahara marokoarra da. Tindufek (Aljeria) ere hala behar luke. Beti babestuko dugu lurraldearen batasuna”. To.

Irudikatzen duzue euskaldunok galiziar borrokalariak sustengatu, eta bueltan galiziarrengandik jasotzen dena bota bat buruan izatea? Berriz diot: Rifeko eskaerak bidezkoak dira. Baina begira diezaiotela albokoari.

Zeren eta albokoa sufritzen ari da, eta asko. Duela gutxi tribunal militar batek saharar talde bat epaitu du. Hasana Aaliaren izena ezaguna da Euskal Herrian, zonalde okupatuetatik ihes egin baitzuen epaiketa hori zela eta. Sententziak ikusita ez zegoen arrazoi faltan:

BIZI OSOKO ESPETXE ZIGORRA:
-Ahmed Sbai.
-Brahim Ismaili.
-Abdalahi Lejfauni.
-Larosi Abdelyalil.
-Mohamed Bachir Butanguiza.
-Mohamed Bani.
-Abhah Abdalahi Ahmed Sidi.
30 URTE:
-Naama Asfari.
-Mohamed Burial.
– Chiej Banga.
25 URTE: 
-Hasan Dah.
-Abdalahi Taubali.
-El husain Ezaui.
-Mohamed Lamin Haddi.
-Mohamed Embarek Lafkir.
-Mohamed -Juna Babait.
-Sidahmed Lamyaied.
20 URTE:
-Mohamed Tahlil.
-El Bachir Khada.
-Abdalahi Taubali.
Aske gelditu dira:
-Deich Daf, sei urte eta erdira kondenatua. Jada sententziak agindutakoa baino denbora gehiago zeraman espetxean.
-Bakay Arabi, lau urte eta erdira kondenatua. Sententziak agindutakoa baino denbora gehiago zeraman espetxean.
Baina ze gogorra Leopoldo Lopezena, eta eskuinaren bonba baketsuak, eta Venezuelako hauteskunde diktatorialak. Maroko ez da Venezuela, lehenik eta behin, elite ekonomikoen interesei men egiten dielako; eta bigarrenik, marokoarren masa batuta dagoelako bere gobernanteekin.

Agian gure bizilagun marokoarrei galdetu beharko diegu zergatik babesten duten emigratzera behartu zituen errege bat. Sahararren etsaia Estatua da, ez herritarrak, hori denok daukagu garbi; baina ez dakit ba, kuriositateagatik.

Maroko ez da Venezuela

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.