Itzulpengintza automatiko neuronala aztergai Kyunghyun Cho adituarekin
Itzulpengintza automatiko neuronala aztergai Kyunghyun Cho adituarekin –
Badira urte batzuk itzulpengintza automatikoa urratsak egiten hasi zela. Garai batean, erregela linguistikoetan oinarritutako sistemak ziren nagusi (RBMT teknologia). Gerora, estatistikan oinarritutako sistemak gailendu ziren (SMT teknologia). Azken bi urteetan, berriz, neurona-sareetan oinarritutako sistemak hobekuntza kualitatiboak lortzen ari dira (NMT teknologia). Gaur egun deep learning delakoan oinarritzen da itzulpengintza automatikoaren arloko ikerketa nagusiki.
Euskal Herrian ere ari gara horretan. Modela proiektuaren barruan, gaztelania-euskara eta gaztelania-ingelesa hizkuntza-bikoteetarako sare neuronaletan oinarritutako itzulpen-sistemak ikertzen ari gara 5 erakunde, elkarlanean: Ametzagaiña, EHUko Ixa Taldea, Vicomtech/IK4, ISEA eta Elhuyar.
Proiektu horren berri emateko eta mundu mailan itzulpengintza automatiko neuronalaren arloan egiten ari diren aurrerapausoez gehiago jakiteko, jardunaldi ireki bat antolatu dugu maiatzaren 29rako. Bertan, Modela proiektuko kideez gain, gonbidatu berezi bat ere izango dugu: Kyunghyun Cho, New Yorkeko Unibertsitateko ikertzaile ezaguna. Itzulpengintza automatiko neuronalaren arloan eta oro har deep learnig delakoan aditu ezagunenetako bat da Kyunghyun Cho, eta errekonozimendu ugari jasoa da; besteak beste, Google saria eman zioten iaz.
Noiz: 2017ko maiatzaren 29, goizeko 11.00etan
Non: UPV/EHUko Informatika Fakultatean
Lardizabal 1, 20018 Donostia
Hizkuntza: ingelesa
Egitaraua:
* 11.00-11.15: Sarrera eta proiektuaren aurkezpena
* 11.15-12.30: NMT (Kyunghyun Cho)
* 12.30-13.15: Modela proiektuaren lehen emaitzak