Itsas-trafikoaren kontrolaren atzetik

Europako Espazio Agentziaren (ESA) Columbus moduluak “COLAIS” izeneko esperimentu berri bati eman dio hasiera. Nazioarteko Espazio Estazioak (ISS) Lurraren inguruan orbitatzen jarraitzen duen bitartean espaziotik mundu osoko itsasontzien trafikoari segimendua egiteko erronkari ere heldu dio oraingoan. Lortutako lehenbiziko emaitzekin pozarren agertu dira sustatzaileak.

ESAk berak eman du Columbus moduloaren esperimentu berriaren berri, eta gaineratu du dagoeneko ISSk mundu osoko itsas trafikoa behatzeko aukera duela. Dena den, ekimena hastapenetan dago; sistemaren gaineko ardura dutenak oraindik ere probak egiten ari dira, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko.

Finean, itsasontziak detektatzeko sistema bat da “Identifikazio Automatikoko Sistema”. Eta, ESAtik adierazi dutenez, aireko kontrolean baliatzen den erremintaren parekoa litzateke.

Horretarako, nazioarteko itsasontzi guztiek (mota eta karga ezberdineko ontziek zein bidaiarienek) “A klasea” izenaz ezagutzen den irrati-transmisore bat eraman beharko dute. Horren bitartez, haietako bakoitza identifikatu eta haien nabigazioaren inguruko datuak eskuratzeko aukera ere izango da AIS sistemarekin.

Detekzio-sistema horri esker, portuko agintariek zein kostazainek itsasoko trafikoaren berri izan dezakete. VHF irrati-seinaleak oinarri izanda, sistemak maila horizontalean 74 kilometroko irismena (40 itsas milia) bakarrik du. Horrenbestez, AIS baliagarria izan liteke itsasoko trafikoari jarraipena egiteko, baina batik bat kostaldean eta ontzi batetik bestera baliatzeko, ezingo bailuke kontrolatu ozeano-zati handi bat. Dena den, Europako Espazio Agentziako kideek diote AISen seinaleek askoz gehiago “bidaia” dezaketela bertikalean, “Nazioarteko Espazio Estaziora iristeraino, alegia”.

MzE1Ng==

Esperimentua “COLAIS” (Columbus AIS) izenarekin bataiatu, eta ekainean jarri zuten martxan. Proiektuaren sustatzaileek laster plazaratu zituzten lehenbiziko datuak. Egun batetik bestera, hamalau orduko denbora-tartean, sistema berriak 90.000 mezutik gora pilatu zituen, eta “itsasoko trafikoaren ikuspegi orokor bat eskaini zuen”.

Esperimentuaren inguruko ondorioak eta urrutiko kontrola baliatuz sistemak jasotzen dituen datu eta emaitzak Columbus moduluaren Oberpfaffenhofeneko (Alemania) kontrolerako zentroaren bitartez ari dira kudeatzen.

Hilabete batzuen bueltan, “COLAIS” Norvegiako “NORAIS” hargailuarekin konektatzeko asmoa dute, baita Luxenburgoko “LUXAIS”ekin ere. ESAko kideek adierazi bezala, “estaldura global handiagoa lortzeko helburu argia dugu, eta, hori lortzeko, proba batzuk egiteko bi hargailu horiek txandakatzen arituko gara hurrengo bi urteotan”.

Gainerakoan, esperimentuak ez ei die lan handirik ekarriko ISSko astronautei. Hain zuzen, hargailuren batek hutsen bat egingo balu ere, sistemak mantentze-lanak egiteko baino ez omen die eskatuko, arduradunek azaldu dutenez.

AIS sistemaren erabilgarritasunik garrantzitsuena ontzien arteko talkak saihestea da; baina ba omen ditu beste zenbait abantaila ere. Besteak beste, esparru horretan aldez aurretik ezagutzen genituen sistemekin alderatuta (radarra, irrati bidezko komunikazioa, soinudun edo irudi bidezko jakinarazpenak, satelite bidezko komunikazioa), AISen irismena askoz handiagoa dela nabarmendu dute ikertzaileek. Haiek baino merkeagoa dela eta askoz informazio gehiago eskaintzen duela ere esaten dute, sistemari esker ontzi bat existitzen dela jakin ez ezik hura identifikatu eta haren norabidea edo abiadura ezagutzea ere posible delako.

Irudia | Nazioarteko Espazio Estazioa | NASA | Creative Commons By SA

kazetaria-edo