Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute

Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute –

Juanma Gallegok, Zientzia Kaieran.

Isolamendu kronikoa ezarri dietenean, arratoiak erasokorragoak bihurtzen direla frogatu dute zientzialariek, haien garunean sustantzia kimiko berezi bat sortzen dutelako.

Ezaugarri komuna dute erlijio monoteistek. Haien profetek, gehienetan, isolamenduan aurkitu dute inspirazioa. Ezaguna da Jesukristo 40 egunez basamortuan izan zela, eta bertan deabruaren tentazioei muzin egin ziela. Mahomak ere egun osoak eman zituen Hira mendiko kobazulo batean, isolatuta. Testamendu zaharrean eta Toran, profeta askok isolamendua baliatu dute judutarren jainkoaren hitzak entzuteko. Erlijio horietako jarraitzailerik sutsuenek ere bide hori jarraitu dute. Euskal Herriko hainbat lekutan aurki daitezke, adibidez, harrian zizelkatutako koba artifizialak, Erdi Aroan landutakoak. Profeten bidea urratu nahian, hara joaten ziren eremitak, gainerako mundutik urrunduta. Halako egoeretan errazagoa dirudi inspirazioa aurkitzea; garunean zerbaitek klik egiten duela ematen du. Inspiraziorako zein eromenerako bidea zabal dezake klik horrek; muga lausoa baitago egoera horien artean.

Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute
Isolamenduak eulien eta arratoien garunean duen eragina frogatu dute, eta uste dute antzeko prozesua jazo daitekeela ere gizakiengan. (Jake Oates / Unsplash)

Profetek basamortuan eta liburu sakratuetan jainkoaren hitza bilatzen duten modu berean, zientzialariek garunean izaten diren prozesu molekularrak gertutik jarraitzen dituzte, bertan izaten diren aldaketetan mundua ulertu nahian. Orain klik horietako bat aurkitu berri dute.

Ohi bezala, arratoiak baliatu dituzte garunaren inguruko ezagutza handitzeko. Eta frogatu dute isolamendu kronikoak eragin garrantzitsua duela garunean. Aurkitu dituzten prozesuek gizakiengan antzeko modu batean funtziona dezaketela uste dute. Azken helburua garbia da: buruko asaldurak sendatzeko irtenbide bat aurkitzea.

Caltech Kaliforniako Teknologia Institutuko ikertzaileek aurkitu dute denbora asko isolatuta ematen duten arratoiek sustantzia kimiko berezia sortzen dutela garunean, eta horrek erasokorragoak eta beldurtiagoak bihurtzen dituela ikusi dute. Cell aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Besteak beste, arratoi ezezagunen aurrean oldarkorragoak dira isolatutako animaliak; etengabeko beldurra dute, eta eraso bat suposatu ditzaketen estimuluen aurreko hipersentsibilitatea erakusten dute ere. Ikertzaileek nabarmendu dutenez, isolatze luzeak baino ez ditu eragiten arazo hauek, bi aste ingurukoak. 24 orduko isolatzeak, aldiz, ez omen du horrelako aldaketarik sortzen.

.

Eulietan ere

Aurreko ikerketa batean Drosophila euli ezaguna erabili zuten bakardadearen eragina aztertzeko, eta orduan ikusi zuten takikinina izeneko neuropeptidoak zeresanik bazuela isolamendu egoeran gertatzen den oldarkortasuna areagotzeko orduan (neuropeptidoek mezulari lanak egiten dituzte organismoan, mezu kimikoen bitartez). Horregatik, molekula horrek ugaztunetan eragin berdina ote duen aztertu nahi izan dute.

Arratoietan Tac2 geneak neurokinina B (NkB) neuropeptidoa kodetzen du. Portaera emozionalarekin eta sozialarekin lotuta dauden garunaren eremuetan sortzen da neurokinina: amigdalan eta hipotalamoan. Denbora luzez isolatuta egoteak Tac2 genearen espresioa handitzen du, eta, ondorioz, neurokinina zabaltzen da garunean. Ezaguna da neuropeptido hau erasokortasunari lotuta dagoela; besteak beste,nerabezaroan amorruaren handitzea ekarri ohi du.

Ikertzaileek osanetant izeneko botika erabili dute hainbat arratoitan neuropeptidoaren errezeptoreak kimikoki indargabetzeko. Botika hori berez eskizofrenia eta nahasmendu bipolarra sendatzeko garatua izan zen. Baina, botika ziurra izanda ere, gaitz hauei aurre egiteko eraginkorrik ez zen. Halere, kasu honetan ikusi dute botikari esker arratoiek berriro ere estresik gabe jarduten dutela. Tac2 genearen eragina handitzeko kontrako bidea jorratu dutenean, berriz, arratoiek estresa garatu dute.

Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute
Aurreko lan batean David J. Anderson neurobiologoaren laborategian eulien oldarkortasuna aztertu zuten. Argazkian, laborategi horretan hartutako irudi bat. (Eric Hoopfer / Caltech)

Behin oldarkortasunaren “etengailua” aurkituta, zientzialariek garuneko eremu zehatzetan egin dituzte probak. Ikusi dute Tac2/NkB prozesuaren eragina ez dela berdina izaten garun osoan. Aitzitik, garunaren hainbat lekutan sortzen da, eta hauetako isuri bakoitzak portaerari lotutako aldaketa desberdinak eragiten ditu. Horrela aurkitu dute, adibidez, amigdalan Tac2 genearen eragina kentzean beldurrari lotutako portaerak gutxitzen direla, baina erasokortasunari lotutakoak bere horretan mantentzen direla. Hipotalamoan eginez gero, berriz, beldurra mantentzen da, baina ez, ordea, erasokortasuna. Isolatutako arratoiak hain dira erasokorrak, ezen normalean ezin baitituzte bueltatu arratoi taldeetara. Halere, botika horrekin tratamendua jaso ondoren, erasoak geldiarazi dituzte.

Zientzialariek espero dute ikerketa hau baliagarria izatea gizakiengan buruko gaitzak sendatzeko bide berriak aurkitzeko. Orain arte neurologoek erabiltzen duten estrategia serotonina eta dopamina bezalako neurotransmisoreetan datza: hauek manipulatuz gaitza sendatzen saiatzen dira, baina manipulazio horrek albo ondorioak ditu.

Ikerketa garatu duen laborategiko buru David J. Anderson neurobiologoak azaldu du intsektuetan zein ugaztunetan antzeko prozesuak aurkitzeak itxaropena pizten duela: “frutaren eulietatik arratoietara funtzio hau nolabait mantendu izanak pentsarazten dit peptido honek rol bat izan dezakeela estres mota batzuetan, eta baita estresak giza garunetan eragiten dituen ondorioetan ere”.

.

Erreferentzia bibliografikoa:
Zelikowsky M. et al (2018). The neuropeptide Tac2 controls a distributed brain state induced by chronic social isolation stress, Cell, Volume 173, Issue 5, p1265–1279.e19, 17 May 2018. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2018.03.037
Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.