Iragarkiak telebistan: aurrerantzean 19 minutu besterik ez
Aldaketa
Espainiako ikusentzunezkoen komunikaziorako legean aldaketa nabarmena gertatu zen atzo. Orain 19 minutu “besterik” ezin dira eman iragarkietan orduko. Lehen 29 ere eman zitezkeen (orduaren erdia ia), horrela banatuta: 12 minutu iragarki arrunt, 5 minutu autopromozio eta beste 12 minutu iragarki arrunt. Orain, eta PSOEk beste alderdi batzuekin lortutako akordioaren bidez hainbat murrizpen eman dira.
Dirudienez, orain artean ez zegoen autopromozio eta telepromozioan mugarik eta kateek nahi adina eman zezaketen. Europako legediak, argiro zioen baina, orduko 12 minutu iragarki arrunt besterik ezin zirela eskaini.
Aldaketa ez da ordea minutajera mugatu. Edukiei ere heldu die, eta horrela, bortxazko edo pornografikoak diren irudiak gaueko 22:00etatik goizaldeko 06:00ak arteko epera murrizteaz gainera, haurrei zuzendutako orduetan ezingo da “gorputzarekiko kultua” sustatzen duten produktu edo edukirik erakutsi. Beraz, ebakuntza kirurgiko, dieta milagroso edota tratamendu estetikoen iragarkiak ere eguneko emanaldietatik kanpora geratuko dira.
Krisi garaiko publizitatea
Krisiak publizitatearen kontratazioan halako beheratze bat ekarriko zuela pentsatzen zen haseran, baina dirudienez ez da egia hala izan denik (ikus hemen, adibidez). Baina publizitatearen kontratazioa ez beheratzeak eta kasu batzuetan igotzeak, ez du esan nahi publizitate horren eragina handitu denik. Stephan Loerckek dioenez,” publizitate gehiegikeriak publizitatea hiltzen baitu.”
Kolonien iragarkiak
Pasa diren gabon egun hauetan, etenik gabeak izan dira kolonia eta lurrinei buruzko iragarkiak. Bata bestearen atzetik etenik gabe. Nola ezberdindu elkarrengandik? Nola gogoratu bakoitzaz? Lotzen al zituen ikusleak irudiak eta markarekin?
Publizitate gehiegikeria
Institutuko irakasleak esaten zigun, telebistan saioak egiten bazituzten ez zela ikuslea entretenitzeko, baizik eta iragarkiak sartzeko gantxo bat izan zezaten besterik. Espainian publizitatearen gehiegikeriaz ohartuta zeuden aspaldi.
RTVEk, iragarki arruntik gabe (autopromoziorakoak bai), emititzen du urtearen haseratik. Diru sarrerak murrizteaz gainera, nola eragiten dio funtzionamenduan? Goizegi da oraindik baloraziorik egiteko, baina egin daitezkeen eta egiten diren zenbait galdera interesgarriak dira.
Galderak
Horietarik bat hau:
Nola eragingo dio ikuslerian publizitaterik ez izateak?
Azken hamarkadetan telebista ikuslearen begia eta ohiturak asko aldatu baititu publizitateak ere.