Biba zuek! gorriok, poetak eta sexuzaleok

Biba zuek! gorriok, poetak eta sexuzaleok

Biba zuek! gorriok, poetak eta sexuzaleok

Ines Intsaustik Euskadi irratian deialdi irekia egin, eta zinema aretora gogoz abiatu nintzen, gauez eta bakarrik. Beldur asko barik. Jaime Gil de Biedmari buruzko El consul de Sodoma filmaren gainean irakurria nuen zerbait, egun batzuk lehenago Renoir zinemetan hartutako beste agerkari batean. Aurrestrenaldia Bilbon, aitzaki aproposa.

Capitol ondoko hanburgeseria topera, jatekoak eta edatekoak triparatu eta palomitak eta ura. Zinema aretoa betetzen. Gay giro nabarmen bat. Bilbo, osteguna, gaua. Ziur gero partyren bat bazela nonbait, ez neukan baina juergarako gogorik.

El consul de Sodoma  |  Trailerra

Jaime Gil de Biedma poeta katalanaren bizitza kontatzen du filmeak. Sexua ardatz. Sedukzioa. Gauero ohera lagun ezberdin batekin joatearen desio edo bizitza ereduaz.

Etxe oneko mutila Jaime hau, Tabacos de Filipinas enpresako jabea aita. Bertako langile aparta eta gaitasun handikoa poeta gaztea. Gorria da baina, PCEko militante izan gura duen manifestu idazle eta poesia konprometituaren sortzaile, gorria eta homosexuala. Arazoak etxean, enpresan.

Sexua dario filmeari. Sexu homosexuala, heterosexuala. Sexua ustez, Jordi Molla aktoreak ez duelako larrua askorik erakutsi gura izan filme honetan. Eta Jordi Molla da Jaime Gil de Biedmaren papera bikainki betetzen duena.

Bere lagunarte gorria, bere familia diruduna, bere lankideen jukutria eta argazki lizun txantajerakoak, bere bikotekideak, bere etxe ezberdinak, bere gaua, gere goizak… filmeak eroan egingo zaitu Bartzelonakoaren bizitzan.

Poesia off-ean
Filmeko zuzendariak Gil de Biedmaren biografia izan du ardatz pelikula osatzerakoan. Eta lantzean behin, offean poema batzuk entzuten dira. Oso ausarta hori egiterakoan, baina oso aproposak une oro. Ondo kontatzen digute pertsonaia nagusiaren barri, bere ikuspegiak, bere bizitzarako asmoak, hitzak, usteak… poesia soziala, bizitzaz berba egiten duelako, eta ez obreroen kezkak edo manifetako sloganak. Oso poema interesgarriak entzun genituen pelikulan zehar.

Kontraesanen agerpen sutsua
Eta kontraesanak eroatea ei da bizitza bera, filme honek erakutsi digun bezala. Apurka apurka, Hiesak amatatzen du Jaimeren bizitza. Gora beherak bikotekideekin, mutil neska gazte gazteago…. denetarik. Eta disko doinuekin itzaliko da pantaila, Jaime Gil de Biedma zahartuaren azken dantzarekin, azken doinuekin…. argi askorekin, musika dantzagarriarekin.

Biba zuek! gorriok, poetak eta sexuzaleok
bibazuek, homosexualitatea, poesia, sexua, zinema
Patxi Gaztelumendi

kazetaria | eduki sortzailea| blogaria agit/prop 2.0 gaztelumendi.eus

Zer duzu buruan “Biba zuek! gorriok, poetak eta sexuzaleok”-ri buruz

  • Aske sentitu nintzen pelikula ikusten, bizi eta voyeuse. Ze misterio dituen desioak… inorenak eta norberarenak. Eskerrik asko, Ines Insausti, zuk Mezularian egindako konbiteagatik joan nintzen, Patxiren moduan. Zein pelikula jarriko nukeen larru-xirriak egiteko? Hauxe berau. Ikusiko dut berriz ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude