Teknologia berriak gure eguneroko bizitzan sartzen ari dira, azkar eta kasik abisatu gabe; oharkabean harrapatzen gaituzte sarritan: sukalderako erosi berri duzun robotak wifia erabiltzen du, etxeko berogailuaren kontrola mugikorrean daukazu, eta telefonoz egiten diren gestioetarako makinak jarri dituzte lanean. Lehen ingurune digitala ordenagailura mugatzen zela esango nuke, baina gaur egun, guztia bihurtu da ingurune digital.
Makinek edo teknologiak eguneroko ataza batzuk bere gain hartu dituzte, eta horretara ohitzen ari da gizakia. Baina ohitzen ari garen horretan, ez ote dugu iparra galdu? Ni teknologiaren aldekoa naiz, eta ados nago teknologiek daukaten heldutasun-maila nahikoa dela ataza batzuk egiteko; ez guztiak, batzuk.
Telefono bidezko gestioak egiten “ikasten” ari naiz, eta ziur beste asko ere horretan ari direla. Telefonoz deitzen dugunean, eta badakigunean makina batek erantzungo digula, erantzuna prest izaten dugu, hitz-gako bat, makinak berehala ulertuko duena. Eta ulertzen ez badu, nire bigarren aukera “operadore batekin hitz egin nahi dut” izaten da. Azken horrek ez du beti funtzionatzen, baina makina batekin eztabaidatu ordez, nahiago dut gizaki batekin hitz egin, eta entendimentu batera iritsi.
Kontuak kontu, aurreko batean telefono bidezko gestio bat egin behar nuela-eta, nire telefono-konpainiara deitu nuen. Deia makina batek hartzen du, noski, oso adeitsua den bot batek. Saiatu nintzen nire arazoaren gako-hitzak ematen, soluzio bat bilatuko zuelakoan, baina ezinezkoa izan zen; nik ere banekien behar nuen aholkularitza ezingo zidala makina batek eskaini. Operadore batekin hitz egiteko ere eskatu nion, baina makina tematuta zegoen, berak lagun ziezadakeela esanez.
Orduan, B plana jarri nuen martxan: telefono-konpainiako beste telefono-zenbaki batera deitu, eta han saiatzea. Deitu nuen, eta berehala hartu zidaten telefonoa. Gako-hitzak prest nituen, eta horrek funtzionatzen ez bazuen, operadore batekin hitz egiteko eskatuko nion. Plan erraza eta sinplea.
Bada, ez zen espero bezala joan: nire gako-hitzak bi aldiz esan nituen, beste aldeko ahotsak ulertzen ez zidala eta, hala eskatuta. Kontua da, konturatu nintzela pertsona batekin hizketan ari nintzela, eta ni makina bati bezala ari nintzaiola hitz egiten…
Argi dago, teknologia berri hauek gure bizitzatan sartu direla; hainbeste sartu dira ohikoa egiten zaigula telefono bidezko gestioak egiteko makinekin hitz egitea, eta ez hain ohikoa pertsona batek hartzea telefonoa. Egia esan, nire buruarekin harrituta gelditu nintzen: egoera horretan nola iruditu zitzaidan ohikoagoa edo normalagoa makina batekin hitz egitea, pertsona batekin hitz egitea baino.
Prentsan irakurri berri dut adimen artifizialeko algoritmoek gizartearen aurreiritziak erreproduzitzen dituztela. Eta horrekin guztiz ados nago, aurrez dagoen informaziotik ikasten baitute algoritmo horiek; gaia sakona da, eta hobe beste baterako uztea, baina kontua da adimen artifizialak gure aurreiritziak erreproduzitzeaz gain, bestelako aurreiritzi batzuk ere sortzen dituela, aipatu dudan egoera hori, kasu. Makinekin elkarbizitzen ikasi nahi dut, baina iparra galdu gabe; ea ez dudan berriz ere pertsona bat makina batekin konfunditzen…
Iparra galdu gabe