Interneteko merkataritza seguru edota fidagarria al da?

Interneteko merkataritza seguru edota fidagarria al da? –

Gauregungo gertakariak merkataritza elektronikoren bidez.

Interneten erosketak egiteak gure egungo bizimodua aldatu du; askorena bai bederen (txartel bidaiak, arropa, ikuskizunetarako sarrerak, bigarren eskukoak, elikagaiak, gailuak, higiezinak, ibilgailuak…). Saltzaile eta ekoizleentzat, bizitza aldatu baino irauli egin du. Goitik behera, gainera. Baina horrek onerako ala txarrerako eragiten du? Abantailak al dira denontzat edo desabantailak baditu ere? Ni ez nago guztiz beraren kontra, baina, aitortu behar dut, ez dudala gehiegi erabiltzen. Edonola ere, nire ustez jakin behar da noiz eta nola erabili.

INTERNETEKO MERKATARITZA Bistan da, erosketak egiteko modu hau oso erosoa da. Etxetik mugitu gabe erosteko aukera daukagu; ia dena eskura dago pantaila batean. Larunbatak jadanik ez ditugu behar erosketa handiak egiteko edo arropa probatzeko dendaz denda ibili. Baina, sareko erosketetan beti asmatzen al dugu?

Sarean topa ditzakegun desabantailak

Alde batetik, supermerkatuetan batzuetan ez badaukate eskatu den produktuko marka, beste batekoa bidaltzen digute, maiz galdetu gabe. Beste aldetik, arropa dendetan, jantzietako neurriak ez dira beti berak. Zera esan nahi dut: agian gure prakak 40 neurrian ondo geratzen zaizkigu. Baina beste marka batean 40 horiek ez dira egokiak, 42an baizik. Interneten produktuaren informazio piloa jaso dezakegu. Zoom bidez produktuaren xehetasunik txikiena behatu dezakegu. Are gehiago, webgune batzuetan 3 dimentsiotan ikus dezakegu gure kasa. Baina, ezinezkoa zaigu bertatik bertara probatzea (ezta ikutu edo usaintzea, arropa ez diren beste produktutan esanguratsua dena), denda fisiko batean bezala.

Modu berean, kontu handia izan behar da umeekin. Gure mugikorrak entretenitzeko erabiltzen dituzte, nahiz eta gure kreditu-txartelako datuak emanda egon eta, ondoren, ezusteko desatseginak aurki ditzakegu.

Eta nola ez, iruzurrak aipatu beharra daude. Hori da agian online salmenten oztopo handiena. Webgune batzuek ez dute giltzarraporik edo “//https:”ko azken S hori (segurtasuna adierazten duena). Gertatu izan da produktua erosi eta gero ezertxo ere jaso ez izana. Gauza bera partikular bati erosten badiozu. Aldez aurretik ordainduz gero, saltzailearen menpe zaude (produktua jaso eta ondoren ordaintzeko bidalketa motak egon badaude, baina bidalketa gastua askoz handiagoa da).

Konfiantza eza eta ziurgabezia da sareko komertziaren erronka nagusietakoa (horrez gain, kontu handia eduki behar dugu gure bankuko txartelekin, norbaitek kopiatuz gero, gure kontura egin baititzake erosketak erraz asko).

Honetaz guztiaz gain, online erostea, denda txikietan eragin handiedukitzen ari da. Denda haietako askok betirako haien ateak itxi behar izan zituzten, oso gutxi saltzen zutelako eta galerak irabaziak baino gehiago ziren eta. Badira pertsona batzuk, denda fisikoetara joan eta han nahi duten produktua lokalizatu eta datuak bildu ondoren, internetera jotzen duena, sos batzuk aurreztearren. Arroparen kasua deigarria da. Lehen esan bezala, arropa marka guztien neurriak ez dira zehatzak. Hori dela eta, dendan bertan probatzea ezinbestekoa da. Zapatila batzuek 80€ balio badute, online 40€tan topa litezke.

Baina saltzaile batek lokala, garbitasuna, langileak, lizentziak, zergak, stock eta abar luzea ordaindu behar duen bitartean, online dendek ez. Dendako saltzaileak zerbitzu ematen digu eta gero batzuek saltzaile horiei “zubia” egiten diote erosleek. Hori ere ez da batere zilegi, ezta?

Egia da denda batzuek prezioak izugarri puzten dituztela. Baina kontsumitzaileak beste nonbaitera joateko aukera du (gaur egun gainera, prezioak konparatzea izugarri erraza da sarean). Dendariek badakite hori eta prezioak ezin dituzte besterik gabe ezarri.Are gehiago, merkatal zentro eta denda ugarik dendara/denda gunera sartzeagatik 2€ (edo antzeko kopuru txikia) kobratzea planteatu dute (erostekotan bueltatzen dena). Baina arazoa zera da; denek aldi berean egiten ez badute, egiten ez duenak bezeroak beraganatuko ditu. Hortaz, denok batera edo inor ez. Beraz, oraingoz neurri hau ez da ia inon aplikatu. Nik, behintzat, ez dut horren berri.

Interneteko erosketaz ari garelarik, ezin geratu Amazon aipatu gabe. Hasiera liburuak soilik saltzen bazituen ere, gaur egun edozein produktu topa dezakegu. Bitartekari lana egiten du.

Hain zuzen, abuztuan Donald Trumpek hurrengoa esan zuen:

“Amazon, zergak ordaintzen ari den merkataritzari kalte handia egiten dio eta Estatu Batuetako herri, hiri eta estatu batzuei ere. Amazonen erruagatik lanpostu asko galdu eta galduko dira”.

Interneteko merkataritza seguru edota fidagarria al da?

Interneteko merkataritza seguru edota fidagarria al da?

Harrigarria da AEBko presidenteak hau esatea, Amazon bere herrialdeko enpresa da eta. Gainera, kontsumitzaileen oniritzia du oro har. Kapitalismo, kontsumismo eta lehiakortasun kupidagabearen jatorriko lurraldean, prezioak merketu eta bidalketa-epea murriztea begi onez ikusten da. Kontua da merkatari txiki eta ertain askori min egin diola eta horiek Trump-en hitzak entzutean (gainontzeko politikariek gai hau tabu bat duten bitartean) botoa emateko erabakia hartu omen zuten (hauteskunde kanpainan Trump Amazonen aurka azaldu zen ere). Badirudi, beraz, Trump-ek nola edo hala, egoera honen jakitun zegoela.

Hortaz, nik ez daukat oso argi Interneten bidez erostea onuragarria dela. Herri eta hiri erdiguneek bizitza dute merkataritzari esker. Euskaraz salerosketak egitea ere ezinbestekoa da (kontsumitzaileok hori ere baloratu behar dugu, besterik gabe Euskal Herritik kanpo dagoen enpresa bateko webgunean erosi aurretik).

Abantailak badaude kontsumitzaileontzat: salneurria/erosotasuna, baina desabantailak ere. Ez da hain bikaina, besteek ikusten duten moduan!

Interneteko merkataritza seguru edota fidagarria al da?
Internet

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude