Ikusten ez dena

Ikusten ez dena –

Fase eta desfase artean urruti eta ia ahaztuta geratu da itxialdia. Ohiko bizimodura bueltatu nahian ari garen honetan elkarri kontatzen diogu, Internet lagun nola aritu ginen ohiko bizimodu eta jarduerei eutsi nahian. Zenbat gauza egin genituen, alegia. Tele-lana eta tele-eskola izan ziren adibiderik garbienak. Baina, Internet bidez jardun genuen ikasten eta lanean ezezik kirola egiten, kontzertuak ikusten, partxisean jolasten eta lagunekin poteatzen.

Gauza berriak kontsumitzen hasi ginen gehienok; beste zenbait, sortzen hasi ziren. Hala, eskaria ez ezik, euskarazko eduki digitalen eskaintza hazi egin zen konfinamenduan eta konfinamenduari esker.

Erraza izan ez arren interesgarria litzateke konfindamenduari esker zer sortu eta sareratu zen dokumentatzea. Lehen hurbilketa gisa eta Twitterren galdetuta hauek jaso ditut:

Azken eguneraketa: 2020-06-26

.

Konfinamenduan sortu den zer deskubritu duzu euskarazko ingurune digitalean? (utzi iruzkina)

Ikusten ez dena

Sormen garai hartan, eta intuiziotik, euskaraz sortu zen eduki digitala sailkatu behar izan banu,  hiru eduki mota nagusi identifikatuko nituzkeen:

  • Kirola: zumba, yoga, kardio, hipopresibo, tonifikazioa eta abar egiteko bideo-entrenamenduak…
  • Kultura: literatura eta musika, batez ere.
  • Hezkuntza: eskolak etxetik, eskolaz kanpoko jarduera etxetik, lanerako formazioa…

.

Gaurko ikuspegik, ostera, beste sailkapen bat egingo nuke. Hirukoa hau ere:

  • Galdu dena
  • Aurkitu dezakeguna
  • Ikusten ez dena

.

Galdu dena

Sare sozialen ezaugarririk aipagarrienetako bat oso epe laburrean inpaktu (ikusle, bisitari, interakzio) handia sortzea da. Ezaugarri hori bezain aipagarria da bertan argitaratzen diren edukien iraungitze azkarra. Argitaratu eta bizpahiru egunetara eragiteko gaitasuna galdu egiten da. Bilatzaileek ere ez dituzte sare sozialetako edukiak haien emaitzetan erakusten, eta bila ibilita ere zailak dira aurkitzen.

Konfinamenduan sortu den eduki asko sare sozialetan argitaratu da, sarean galdu den edo aurkitzeko zaila den edukia da.

.

Aurkitu dezakeguna

Bideoa, testuak, irudiak, sare sozialetan ez ezik eduki-plataformetan argitaratu dituztenek jarraituko dute bisitariak jasotzen, haien lana zabaltzen. Youtuben euskaraz argitaratutakoak, adbidez, tbx.eus -en gorde dira. Eskerrik asko, @luistxo. Webgunea garatzera iritsi direnek, gainera, are eta kontrol handia izango dute.

Litekeena da aste honetan artikulu hau izatea webgune honetako edukirik bisitatuena, baina zalantzarik ez dut urte amaieran irakurketa gehien urteak dituen artikuluren bat izango dela, SEO posizio ona duen artikuluren bat. Urteak 365 egun ditu, ez bat eta ez bi. Egunak beste aukera ditugu gure lana zabaltzeko. Bilagarri izate hutsa bada zabalkunderako kanal bat.

.

Ikusten ez dena

Litekeena da sortu den euskarazko eduki digital masa handiena hodeian, talde txikietan partekatuta, baina ezkutuan egotea:

  • Hezkuntza-formalean irakasleek haien ikasleentzat sortutako edukia
  • Aisialdiko jarduerak: dantza-eskolak, eta abar.
  • Zuzenekoak

.

Euskarak eskaria eta eskaintza areagotzeko beharra duen honetan, euskarazko ingurune digitalarentzat onuragarria litzateke eremu pribatuan dauden interes orokorreko edukiak azaleratzea. Horrela, euskarazko eduki digitalen eskaintza areagotuko litzateke, beharra badago eta.

Pentsatzekoa da gertatu ez bada mugak badirelako dela. Eta, muga batzuk gainditzeko lan egin beharko da:

  • Anonimotasuna: eduki digital asko, beste aukerarik ez zegoelako sortu da. Asko eta asko bideoan sortu dituzte irakasle eta abarrentzat eta gehienentzat eduki hori esfera pribatukoa da. Norberaren lana eta irudia eremu pribatutik publikora eramatea ez da aurreikusi sortze-fasean.
  • Sormenaren balioa: sortzea lana da eta lan horren balioa aitortzea eskatu dute arrazoi handiz sortzaileek. Testuinguru horretan egin zen greba digitala apirilaren 21ean eta 22an.

Mugak begi-bistan, inoiz baino gehiago, esku-eskura dugu euskarazko ingurune digitala aberasteko modua, ikusten ez dena ikusgarri eginez. Mugak ez dira gaindiezinak, lana aitortu eta ordaintzea bidea egitea da, ingurune aberatsago baterako bidea.

Ikusten ez dena

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude