Hiru hitzen artetik bigarrena: gen
Hiru hitzen artetik bigarrena: gen –
Eta horrenbestez iritsi gara aipatu ditudan hiru hitz nagusietako bigarrenera: gen-era.
Baina horretan sartu baino lehen, gauza bat utzi nahi nuke argi eta garbi, eta zera da: fisikariek medikuntzari eta biologiari egin dioten ekarpena ez da mugatzen baliabide, trebetasun eta ezagutzetara. Hori ere eman die, jakina, medikuntzak eta biologiak fisikari hartutako baliabide, trebetasun eta ezagutzak erabiltzen baitituzte gaur egun. Baina, Max Delbruck-ek ondo zioen bezala, fisikariok medikuntzan eta biologian dihardutenei utzi diegun gauzarik garrantzitsuena jarrera bat da: zelulen portaera esplikatzeko portaera horren errotikako arrazoi fisikoak bilatu behar direla itsu-itsuan sinesteko jarrera.
Sinismen horren emaitza da, besteak beste, ADNaren helize bikoiztun egituraren aurkikuntza. Cambridge-eko laborategi txiki batean egin zen aurkikuntza hori, Cavendish laborategian, hain zuzen ere. Hori ere jakin beharra dago: aurkikuntza garrantzitsu hori laborategi txiki batean egin zen, jende askok ez badaki ere; gainera, laborategi txiki horretan bertan, 1897n, Thomsonek elektroia aurkitu zuen, eta Chadwickek neutroia aurkitu zuen 1932an. XX. mendeko zientzia aldatu zuten aurkikuntzak egin ziren, beraz, laborategi txiki hartan, eta, esan bezala, hantxe aurkitu zuten Watson eta Crickek ADNaren helize bikoiztun egitura ere.
Aurkikuntza hori egiteko, irudi bat erabili zuten Watson eta Crickek: XX. mendeko zientzia-irudirik garrantzitsuena, nire ustez. Irudi hori emakume batek lortu zuen, Rosalind Franklinek, baina, emakumea zenez, ez zaio merezi duen aipamenik egin izan. (Hurrengo batean idatziko dut emakumeak zientzian eduki duen paperari buruz).
Irudiari dagokionez, ADNren irudia da, iXa izpien bidezko difrakzioz lortua. Irudiari begiratzen badiozue, San Andresen gurutzearen itxura hartuko diozue, eta ezer gutxi gehiago. Niretzat, berriro diot, sekula lortu den zientzia-irudirik garrantzitsuena da, hala ere.
Irudi batetik abiatuta egin zen, beraz, ADNaren helize bikoiztun egituraren aurkikuntza, eta nik adibide hori baliatuko dut hurrengo egunetan etorriko diren sarrera berrietan hainbat gauza azaltzeko; besteak beste, zientziaren funtsezko ezaugarri asko eta asko.
[…] batean, Rosalind Franklini gertatutakoa aipatu nuen ADNaren aurkikuntza nola izan zen kontatzerakoan. Esan bezala, emakumea zelako ez zitzaion Rosalind Franklini bere meritua behar bezala aitortu. […]