Txokolatezko 3Dko irudiak sortzen dituen inprimagailua

Adi, txokolate zaleak! 3Dko txokolatezko objektuak egiten dituen “inprimagailu” berezia sortu dute eta. Imajinatzen duzuen edozein irudi txokolate bihur daiteke: pertsonen aurpegiak, gorputz zatiak, objektuak, eraikuntzak, norberaren diseinuak…  Orain bai, posible izango da txokolatezko etxe batean bizitzea edota gogoko dugun aktore edo abeslaria “jatea”.

Irudiak ordenagailu bidez sortzen dira eta gero, makinak txokolatezko hainbat geruza sortzen ditu, bata bestearen gainean jarriz, hiru dimentsiotako  gozokia sortu arte. Egun, teknologia hori plastikozko edota metalezko piezak sortzeko erabiltzen da; baina ez dute orain arte txokolatearekin froga egin,  material zaila baita lantzeko, berotze eta hozte ziklo zehatz eta azkarrak behar ditu eta.

Exeter eta Brunel Unibertsitateetako (Erresuma Batua) zientzialariek garatutako makina da. “Teknologia honi esker, erabiltzaileek beren gustuko diseinuak sortu eta fabrikatu ahal izango dituzte”, adierazi du Liang Haok, makinaren sorreraren ikerketan parte hartu duen zientzialariak. Txokolatearekin lan egiten hasi dira erraz aurki daitekeen materiala delako, merkea, segurua eta ez du hondakinik sortzen.

Baina teknologia honen garapenaren helburua etorkizunean bitxiak edota etxerako produktu pertsonalizatuak sortzea da.