Gure konpetentzia-digitala

Bi hilabete pasa dira, konpetentzia digitala neurtzeko galdeketa publikatu eta ondorioak jakin araziko nizkizuela idatzi nuenetik. Erantzun kopuruak zaildu egin du emaitza argitara ekartzea. Baina agindua zor, hemen daukazue.

Galderak honako hauek izan ziren: Orokorrean nola aritzen zara gusturago, naturalean edo tresna elektronikoa erabiliz? Zenbat ordu eskaintzen diozu astean lan digitalari? Zenbat urte daramazu teknika digitalekin? Zenbat hatz erabiltzen dituzu? Gaiari dagokionez, nola ikusten duzu zure burua? Zer egin nahi zenuke gehiago ikasteko? Eta azkena, norberak erantsi edo iradoki nahi zuena. Ikusi nahi duenarentzat, hemen

Parte hartzaileen adinak 19 urtetik 54ra doaz, baina gehiengoa 25-35 tartean dago.

Gaitasun-digital-taula by arasanse

Sexu banaketan, gehiengo handia gizonezkoak dira eta % 37a emakumezkoak, nahiz eta zaila den jakitea Doraemon, JMU, Hegazti hegalaria, Hatztrebe Maribero edo Gaztelugatxeko Doniene gizonezko edo emakumezkoak diren. Baina esan dezakegu trebetasuna berdintsu banatuta dagoela bi sexu artean. Diferentzia handiena batzuk eta besteek teknika digitalak hobeto ikasteko aukeratu duten bidean sumatu dugu, askoz gizonezko gehiago daudelako taldean praktikatu nahi dutenak emakume baino, azken horiek irakasle on bat izatea hobesten dute eta. Baina horren harira esan behar da emakumeak direla gehiago ikasteko beharrik ez duten gehienak.

Galdeketa lagin gisara hartuta, esan daiteke ere euskaldun gehienak hatz guztiak edo gehienak erabiltzen dituztela beren lan digitaletan eta jakite horrek pozez betetzen gaitu, maila handi horrek seguruenik atsegin handia dakarrelako berarekin. Gai horretan, gainera, ez dago gizonezko eta emakumezkoen artean diferentzia nabarmenik.

Atsegin handia eman digu jakiteak populazio talde zabala trebe sentitzen dela digital kontuekiko eta beste batzuk oso trebe, bi multzo horien artean parte hartzaileen erdia osatzen dutelarik. Eta horiei eransten badizkiegu nahiko trebe sentitzen direnak, aurreratu dezakegu erakuskari estatistikoaren %70ak hatz kontutan trebetasun galanta adierazten duela. Hori azpimarratzekoa da, dudarik gabe.

Aipatzekoa deritzogu ere azkeneko galderaren erantzunen artean ekarpen baliotsuak izan ditugula. Horien artean hau ekarri nahi dugu: “Nik teknika digitalak ez ditut beti bakarrik erabiltzen, batzuetan bikotean ere bai, (hortik gora sekula ez) eta 4. eta 5. erantzuna bakarka aritzen naizenerako dira, taldean egiten badut 4. galderan “hatz gehienak” jarri beharko nuke eta 5.ean “moldatzen naiz” baino gehiago ezingo nuke jarri bikotekideari galdetu gabe. Ala nik ulertu dut gaizki?!”

Anekdota gisara esango nuke erantzun dutenen artean badaudela Euskal Herriko komunikabideetako ospe handiko lagunak, baina ez ditut hemen izenak azalduko eta ez dizuet ere esango zenbat hatz erabiltzen dituzten beren zeregin digitaletan.

Eta bukatzeko, hara hemen beste partaide baten amaierako aipua:

Konpetentzi Digital Libre batzuen alde! 😉

gaitasunak, ikt, psikologia
Arantza San Sebastian

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

2 pentsamendu “Gure konpetentzia-digitala”-ri buruz

  • Ni ere asko poztu naiz horrelako ikerketa serioak egiten direla ikusita eta internauta horien osasun digitala jakitean. Eta prest nago nire ekarpena egiteko, baraz “Konpetentzi Digital Libre batzuen” alde kanpainarik edo egiteko asmoa baduzue, manifestazioren bat esate baterako, abisatu, bale?

    • Arantza San Sebastian

      Ez da mobilizazioak egiteko garai onena hau, eten gabe batetik bestera gabiltza eta, baina zerbait antolatuko balitz jakin araziko genizuke, eta behar den bezala zabaldu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude