Googlek euskara baztertzen du, gero eta gehiago
Googlek euskara baztertzen du, gero eta gehiago –
Lorea Arakistain Aizpirik Sarean.eus atarian.
Badira harremanak, pertsonak, zeinak elkarrizketa edo mezu bakoitzean zauri bat irekitzen duten. Arrastoa utzi behar, ezin oharkabean pasa. Harreman toxikoak.
Bada, halakoxea da Googlen eta bion artekoa. Eta, kontua okerrera doa. Arlo guztietatik desinstalatu ala konbentzitzen ahalegindu? Maila indibidualen aspaldi izango nituzke kitatuak harekikoak. Baina, ez dut uste pikutara bidaltzeko indar posiziorik dudanik, zapalkuntza ez delako niganakoa, euskaldunon kontrakoa baizik. Ez nuke esango mania berezirik digunik, baina harentzat errentagarriak ere ez gara eta hor amaitzen da elkarrizketa.
.
Iragarkia blokeatu da
Azaroan idatzi zidaten 3 iragarki blokeatu zituztela esateko: euskarazko 3 webgune iragartzen zituzten 3 euskarazko iragarki.
Queremos avisarle de que se han rechazado uno o varios de sus anuncios o palabras clave. Lamentablemente, no podremos mostrar sus anuncios en Google, en nuestros socios de búsqueda o en las ubicaciones de la Red de Display hasta que edite los anuncios o palabras clave para que cumplan con nuestras políticas.
(…)
====================
Motivo del rechazo
====================
Unsupported language: Thank you for your interest in submitting ad(s) to AdWords.
While we don’t support all languages at this time, we’re working hard to offer AdWords service in additional languages.
Aurrerapausoen zain gauden aldia da. Iragarkiak hizkuntzaren arabera segmentatzerako orduan euskara hautatu ahal izatea eskatzen ari ginen. Eta, Google sareko iragarkiak jasotzeko aurrerapausoen zain euskarazko webgune handiak, hala nola, komunikabideak. Aurrerapausorik ez eta egun batetik bestera Googlek euskarazko iragarkiak onartzeari ere utzi dio. Hilabetetan edo urtetan martxan izan diren iragarki batzuk orain ezin dira argitaratu. Beste batzuk ostera, detektatu ez dituelako edo auskalo zergatik, onartzen ditu oraindik.
Blokeatzerik konformatu ez eta ondorioak erakutsi dizkit Googlek handik hilebetera bidalitako mezuan:
Tu porcentaje de clics ha disminuido.
Haserretzea nahi bazuen lortu du.
Hara! Handik astebetera gogobetetze-inkesta bidali dit, erantzun ezean kontua ixteko mehatxupean:
Your responses are confidential and will be used to help us understand the challenges and opportunities you face, so we can prioritize the tools, services, and features that will help you succeed. As a Google Ad Grant recipient, your response is required as a condition of your participation to maintain your grant. Failure to respond by 03/01/2018 will temporarily suspend your AdWords account until completed. We look forward to your feedback!
Bada, bai, erantzungo dut egiten duzuen kaltearen berri izan dezazuen baina botere demostrazioa soberan zegoen.
.
Zertarako iragarkiak AdWordsen?
Badira urte batzuk hainbat webgune iragartzeko erabiltzen dudala AdWords, AdGrants programaren bitartez. AdGrants programaren bitartez irabazi asmorik gabeko erakundeek hilebetean 10.000 $ gastatu ditzateke Google bilatzaileko iragarkietan ezer ordaindu gabe. Saldo horrek ez du Google Display sarerako balio, baina aizuek, eskertzen da! Eskertzen zen.
Modu honetara badakizu bilatzen zaituenak lehenengoan aurkituko zaituela eta ez da gutxi. Abantaila nabarmena da, batez ere, mugikorreko bilaketetan. Mugikorrean egiten dugun bilaketa bakoitzaren ordainetan bi edo hiru emaitza bistaratzen zaizkigu lehen pantailan eta edozein proiekturentzat da garrantzitsua lehen pantaila horretan agertzea ahal dela lehenengo egunetik. Beste edozein aukera ez existitzearen parekoa da.
.
Hizkuntza hegemonikoak garaile
Eman dezake anekdotikoa Googlek euskarazko iragarkiak ez onartzea, baina ez da. Euskaraz ez, baina gaztelaniaz edo frantsesez egin daitezkeelako proiektuak posizionatzeko iragarkiak. Honen aurrean bi bide hartu ditzakegu
Iragarkirik ez jarri, gure lehiakideen mesedetan.
Iragarkiak erdaretan jarri, gaztelaniaren eta frantsesaren mesedetan.
Ez dago aukera onik eta egon beharko luke. Euskarak ingurune digitalean izan duen ibilbidea jasotzen duen ‘Gailurra beti dago gorago’ bideoak kontatzen du 2001ean, milurte aldaketarekin batera piztu zuela euskarak sareko arrain handien arreta eta Google bilatzailearen interfazea ekarri zela euskara.
Indarrak dituenarentzat gailurra beti dago gorago, baina gailurrerako bidea irekitzeko dago Josu Waliñok ‘Euskarak enbaxadore digitala behar du’ eta Amaia Ocerinek ‘Euskarazko IKTak: aurrera edo aurrera joateko unea da’ artikuluetan aldarrikatu izan duten bezala.
Espedizioa abiatu behar da berandu baino lehen.