Google Stadia, bideo-jokoen industrian iraultza?
- 2019-04-29 07:26
- Salabardoa
Google Stadia, bideo-jokoen industrian iraultza? –
Game Erauntsiak, sarean.eus atarian.
Martxoaren 18tik 22ra ospatu zen aurtengo Games Development Conference (GDC) ekitaldia San Francisco-n, Estatu Batuetan. Baina aurtengoan Google-k sorpresa bat zeukan erakusteko, Google Stadia. Eta sorpresa diot, zeren sortu zuen ikusmina galanta izan zen, eta iragarritakoak egingo baditu industria iraultzera datorren plataforma izango da.
Baina zer da Stadia? Zer du berria plataforma honek orain arte ikusi ez duguna? Lehenik eta behin: Stadia bideo-jokoetan jokatzeko streaming plataforma bat da. Eta hau berria al da? Ba definizioa bere horretan harturik ez. Sonyk bere Playstation Now du, edo Microsoft-ek xCloud. Eta orduan? Ba, puntu garrantzitsu bat, Sony edo Microsoft-en zerbitzuak beraien kontsoletan dabiltzala orohar (PCn ere bai), eta Google-n Stadia edozein gailutan erabili ahalko da, telebista, mugikor, tablet edota Internet nabigatzaile soil baten.
.
Google Stadiaren xehetasunak
Stadian esan bezala edozein gailutatik jokatzeko aukera izango dugu, hala diote behintzat. Eta gainera plataformak 60fps eta 4K bereizmena onartuko ditu (120fps eta 8K etorkizunean). Gainera Stadia beste zerbitzuekin konektatuta izango dugu. Adibide bat ere jarri zuten, Youtuben Assasins Creed jokoaren bideo bat ikusten ari zara, eta hau amaitzean, “jokatu orain” botoi bat sakatu besterik ez duzu izango, momentuan joko horretan jokatzen hasteko.
Googlek plataforman erabiltzeko aginte bat ere aurkeztu zuen, Stadia Controller izena duena. Eta hasiera batean beste aginte bat besterik ematen ez badu ere, ezta gutxiagorik ere. Agintea ez da bluetooth bidez konektatuko, Wifi bidez baizik. Eta hau zergatik? Ba Wifi bidez latentziak txikiagoak baitira. Gainera, agintea routerraren bidez zuzenean Googlen zerbitzarietara konektatuko da. Erabaki arraroa badirudi ere, horrela behar du izan, streaming bidezko bideo-jokoen ahulgune handiena latentzia baita, inork ez bait luke onartuko akzio bideo-joko batean agintean botoi bati eman eta bideo-jokoan erantzuna segundora ikusiko bagenu.
Aginteak edukiak elkarbanatzeko botoia izango du eta 60fps/4K bereizmenaz Youtubera igo ahal izango dira eduki hauek.
Zerbitzariei buruz ere eman zituzten datuak. Googlek AMDrekin batera egin du lan 10,7 Teraflop, 2,7Ghzko x86 prozesagailu eta 16GB RAM-eko GPUa sortu eta zerbitzari hauetan erabiltzeko. Gainera Unity, Unreal edo Havok bezalako motore grafiko ezagunekin akordioak lortu dituzte.
Erabilgarri egongo den lehen jokoa Doom Eternal izango da. Ezingo dira tranpak egin bideo-jokoak streaming bidezkoak diren heinean ezin bait daitezke aldatu eta gainera Googlek bideo-joko estudio propioa aurkeztu du.
.
Google-n giharra
Eta Google da plataforma honen garrantzitsuena, Googlen giharra. Enpresa honek duen gaitasuna produktu arrakastatsuak sortzeko ikusgarria da. Jar ditzakeen zerbitzari eta baliabideak plataforma honentzat enpresa gutxik egin dezakete munduan zehar. Beraz, arrakasta lortzen badu, argi eta garbi esango dugu industria eraldatuko duela. Zergatik? Ez duelako zentzurik izango norberak bere etxean kontsolak edo bideo-joko hardware propioa izateak hauek denbora gutxian zaharkituak geldituko baitira. Errazena eta beti azkena izateko bidea streaming plataforma izango da. Gainera plataforma homogeneoa izatean, garatzaileentzat lana errazten da, eta honek estudio ezberdinak erakarriko ditu, hau da, joko berriak.
.
Baina hain polita ez da dena izango ba…
Ba ez. Teknologia honek ere bere arazoak ditu eta zalantzak sortzen dizkigu. Lehen esan bezala, ahulgune handiena latentzia da eta hau ekiditeko baliabide denak jarriko badituzte ere, inoiz ez da etxean hardwarea izatearen berdina izango. Etxean exekutatuko bideo-jokoen latentzia berdintzea kostako zaie. Eta honek tontakeria bat dirudi, baina ez da horrela. Arrazoi honek erabaki dezake plataformaren arrakasta. Zeren latentziak karta joko baten, edo estrategia joko baten agian ez du hainbesterainoko garrantzia, baina arcade jokoetan, FPSetan (Call of Duty, Battlefield…), e-Sportetan eta beste hainbat generotan, botoia sakatzen dugunetik erantzuna pantailan ikusten dugunerarteko denbora kritikoa da.
Eta gauza gehiago. Orokorrean abantaila gehiago ikusten dizkiogu. Suskripzio bat hilero ordainduz katalogo bat eskura izan dezakegu, teknologia onenarekin eginiko bideo-jokoetan jokatzeko eta gainera edozein gailutatik erabili ahal izango dena. Zer du txarra ba? Ba ez garela bideo-joko horien jabe izango. Eta honek azalpen bat merezi du. Agian iritzi subjektiboa izango da, baina hausnartzeko ideia bat utziko dut. Orain arte, bideo-jokoetan jokatzeko, ordenagailu edo kontsolak behar ditugu. Hardware hori erosten dugu eta gurea da. Gainera, bideo-jokoak CD, DVD, BluRay, kartutxoetan edo digitalean erosten ditugu eta gureak dira. Hau da, orain dela 30 urtetatik ditudan Sega Master System kontsola eta Alex Kidd jokoa nireak dira. Bere momentuan 29900 pezeta ordaindu nituen eta Alex Kidd jokoa zekarren. Gaur jokatzea nahi badut, kontsola atera, konektatu eta jokatu dezaket, nireak baitira. Baina Streaming plataformetan jabetza hori galdu dugu, bideo-jokoak alokatzen baitugu, eta beti ere plataforma horretan jarri nahi dituzten jokoen katalogo kontrolatu batetik. Edozein momentutan kendu ditzakete gure joko kutunenak bertatik. Edo 10 euroko hileroko kuota urte batez ordaintzen egon eta gero, zerbitzuan baja ematen badugu, ezingo dugu bideo-joko horietan gehiago jokatu.
Eta jokoak plataformara erakartzeko bide egokia erakutsi dutela badirudi ere, ez dute katalogo zehatzik aurkeztu. Hardware, zerbitzu eta plataformak oso garrantzitsuak dira, baina azken finean axola zaizkigunak bideo-jokoak dira.
.
Amaitzeko
Dena polita ez erakustearren ikuspegi kritikoa sartu nahi izan badut ere, ezin ukatu plataformak itxura bikaina duela eta arrakasta badu iraultza handia izango dela industriarentzat. Zer gertatuko da Sony, Microsoft eta are gehiago Nintendorekin? Hardwarea sortzen jarraituko dute? Beraien IPak streaming plataforma berri honetara eramango dituzte? Nork jakin, denborak emango digu erantzuna, guk bitartean jarrai dezagun gehien gustatzen zaiguna egiten, bideo-jokoez gozatzen.