Giza jardueraren muga energetikoa

Giza jardueraren muga energetikoa –

Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, EHUko Fisiologiako katedradunak,
Zientzia Kaieran idatzia.

Pertsona batek egin dezakeen esfortzuaren intentsitatea haren iraupenaren araberakoa da. Zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta txikiagoa izango da intentsitatea. Zerbaitetan egin daitekeen esfortzua adierazteko modu baliagarri bat «bitarte metaboliko» deritzona dugu, hau da, jarduera jakin bat egitean sortzen den gastuaren eta atsedenean dagoen gastu metabolikoaren arteko zatidura.

Dukeko Unibertsitateko (AEB) Herman Pontzer irakaslearen lantaldeak parte hartzaileen gastu metabolikoa neurtu du kirol proba ugaritan, eta datu horiek bildu egin ditu. Proben artean iraupen lasterketak, maratoiak, egun bateko ultramaratoiak, hiru asteko txirrindularitza probak edo hiru hileko zeharkaldi polarrak daude. Eta datu horiek osatzeko, Estatu Batuetan zehar egindako 140 eguneko lasterketan (Race Across USA) parte hartutakoen gastu metaboliko maila ere neurtu zuten.

Energiaren gastu maximo jarraituaren mugak ez daude argi, baina interesgarriak dira, ugalketa, termorregulazioa eta jarduera fisikoa mugatzen baitituzte. (pasja1000)

Hogeita bost orduko ultramaratoi bati dagokion bitarte metabolikoa 9 da, hau da, lasterketa horietako batean gastatutako energia, atseden-egoeran dagoen lasterkari batek bederatzi aldiz gastatzen duen energia kantitatea da. Hamar eguneko iraupena duen batean, 6 edo 7 da. Frantziako Tourrean edo hiru asteko beste edozein txirrindularitza itzulitan bitarte metabolikoa 5 edo txikixeagoa da. Hiru hilabeteko Antartikako zeharkaldi batean, gutxi gorabehera, atsedenean erabilitako energia halako 3,5 gastatzen da. Eta AEBn zeharreko lasterketan, berriz, balio hori ia 3ra murrizten da.

Jarduera normaleko egoeran (gaur egungo Mendebaldeko estandarren arabera), gastu maila gutxienekoaren –alegia, atseden egoerari dagokiona– eta gutxienekoaren bikoitzaren artean egon ohi da. Beste hitz batzuekin esanda, gure ohiko bizitzan egiten ditugun jarduera guztiak aintzat hartuta, ez dugu gastatzen gure organismoak atsedenean erabiltzen duen energiaren bikoitza baino gehiago.

Bestalde, denbora tarte luzeei dagokien bitarte metabolikoa 2,5 da, jarduera mota edozein dela ere. Muga hori ez dago esku hartzen duten giharren eta ehunen motaren mende, ezta energia erabiltzeko duen ahalmenaren mende ere. Eta tenperaturaren mende ere ez dago; hortaz, ez du baldintzatzen, antza denez, jatorri metabolikoko beroa barreiatzeko ahalmenak. Dirudienez, elikagaiak irentsi, digeritu eta asimilatzeko gaitasunak jartzen du muga; hau da, giza organismoak ezin dio mugagabe eutsi atsedenean duena baino 2,5 handiagoko gastua dakarkion jarduera maila bati, elikagai eta digestio sistema ez delako gai horretarako beharko lukeen energia eskuratzeko.

Giza espeziea da anatomikoki eta fisiologikoki ondoen hornitutako primatea, jarduera bizia luzaroan egin ahal izateko. Gainerako hominidoekin alderatuta, arduratsuak eta langileak gara. Hainbesteraino gara, ezen jardueraren mugak energia eskuratzeko dugun sistemak ezartzen baititu, une batean ez bailuke gehiago emango. Eta muga horrek badu ondorio bat, agian ez horren ustekabekoa (amentzat): energiaren ikuspegitik, haurdun dagoen emakume bat eta fetua digestio sistemak eman dezakeenaren mugan bizi dira. Hori horrela da haurdun dagoen emakume baten bitarte metabolikoa gutxi gorabehera 2 delako, hau da, denbora asko luzatzen diren jardueretarako gehienez dagoena baino 0,5 gutxiago bakarrik. Bada, 0,5eko alde horrek ahalbidetzen du soberakin energetikoa gelditzea garatzen ari den fetua elikatzeko. Mugan jaio ginen eta horrela bizi gara, gure egunak amaitzen diren arte.

.

Erreferentzia bibliografikoa:

Thurber C. et al. (2019). Extreme events reveal an alimentary limit on sustained maximal human energy expenditure. Science Advances, 5 (6), eaaw0341. DOI: 10.1126/sciadv.aaw034

Giza jardueraren muga energetikoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.