Gazte arduragabeak

Gazte arduragabeak –

Pasa den egunean familiako batekin kalean topo egin nuen, eta biek musukoa zintzo jarrita eta inolako kontaktu fisiko bizirik gabe elkar agurtu genuen. Protokolokoak diren zer moduz antzuetatik haratago elkarri ezer gutxi kontatzeko dugunez, azken egunetan gorantz egiten ari diren positiboen olatu berriari buruz hitz egitea suertatu zen. Eta orduan, hasperen egin eta “ai gazteak…” esan zidan.

Ai, gazteak. Ez da aste honetan esan didaten lehengo aldia, ez da azkena izango ere. Azken egunetako albiste guztietako birusaren positibo berrien inguruko ardura (eta kezka) guztia gazteengan jartzen ari baita. Gazteen aisialdi planak, gazteak kale zurrutan, gazteen festa botila ilegalak, bikote gazteen maitasun adierazpenen argazkiak, gazte kuadrillak terrazetan, beti gazteak. Gazte eta gainera, arduragabeak. Gazteen positiboen portzentajeak gora egin duela behin eta berriro errepikatzen dute. COVID-19arekin larri ibili den jende gazte osasuntsuaren adibideak ere ematen dizkigute, baina ez dira adibideak, mehatxupean doazen ohartarazpenak baizik, ai gazteak, zuek uste duzue zuei ez zaizuela ezer gertatuko baina argi ibili. Hori da mezua. Hori bera ere gogorarazi zidan familia kideak. Eta noski, zaharrak kutsatzen dituzue ere esan zidan. Pandemiaren une gogorrenetan auzoetako gazteek zaintza sareak eraiki izan ez balituzte bezala, gure aiton amonak zainduko ez bagenitu bezala. Beasainen gertatutakoagatik oraindik gazte guztiok barkamena eskatu beharko bagenu bezala.

Gazte arduragabeak

Baina zeintzuk dira gazteak? Gazte kategoria bera ere ondo identifikatuta ez baitugu. “Gazteak eta birusaren agerraldi berriak” irakurri dut titular batean, baina zeintzuk dira/gara gazteak? Gazte-haur, gazte-nerabe edo gazte-heldu? Kolektibo homogeneo bat osatuko bagenu bezala irudikatzen gaituzte, baina helduen talde imajinario kolektiboa garatu gabe dagoen bitartean, arduragabeak ez dira helduak, heldu batzuk baizik. Guk ordea, arduragabeen zama eraman behar dugu, harik eta gizarteak heldu kontsideratzen zaituen eta orduan burugabekeria indibidual guztiak “beti gazte” bizi nahi batekin lotzen dira. Eta orduan zera okurritzen zait: ez ote den errazegia izaten ari positibo berrien errua gazte arduragabe, berekoi eta axolagabeei leporatzea hauen ekintzak, aisialdi eta bizitza soziala bermatu duten agintari horiei ardurak eskatzea baino, gazteok tabernak, diskotekak, helatu-dendak etab. ireki eta (guk bakarrik, jakina) kontsumitu bagenitu bezala. Aisiaren eskari aseezinean eraikitzen ari den turist come here eskualde batean biziko ez bagina bezala, zeinetan, epe laburreko errefortzu gisa zerbitzuetako lan prekarioak egiten ditugunak, eta beraz, publikoarekin kontaktuan lan egiten dugunak (aisialdi jarduera horietan) gazteak ez bagina bezala.

Dena dela, ez naiz gazte inozoen tonu paternalista horretan eroriko, gazteak erabaki eta hausnarketa sujetu kontziente bezala, gure ekintzen erantzukizuna dugu eta arduragabekeriaz ere jokatzen dugu, ni neu ere izan naiz musukoa derrigor egin duten arte hau jartzeko intentzio izpirik izan ez duen horietakoa. Baina tira, gazte burugabe, berekoi eta arduragabeak dauden bezala, heldu burugabe, berekoi, eta arduragabeak ere baditugu eta horietako asko botere postuetan gainera.

Gazte arduragabeak

4 pentsamendu “Gazte arduragabeak”-ri buruz

  • Gazteen kontrako kritika horiek, izan zuzenak nahiz okerrak, 18tik beherakoei zuzentzen zaizkiela ulertzen dut nik.

  • Guztia nola ikusi dudan azalduko dut nik. Txinako lehen albisteak entzuten hasi ginenean (1000 oheko ospitala astebetean eraiki etab) hemen jendea lasai zegoen. Jendea euren etxeetan itxita, mundu guztia musukoarekin… hainbeste aldiz aurreko urteetan esan ziguten “izurrite berri bat etorriko dela ziurra da, ez dakigun bakarra, noiz izango den”, hori, oraingoan izango al zen galdetzen nion neure buruari. Aurrez beste izurrite batzuk ikusi genituen baina zorionez ez ziren mundu mailakoak bihurtu eta desagertu egin ziren. Nik uste dut mundu guztiak uste zuela hau ere beste horrenbeste izango zela, desagertu egingo zela Mendebaldeko herrietara iritsi baino lehen. “Farmazia industriaren beste asmakizun bat dirua egiteko” bezalako mezuak oso txertatuta zeuden gizartean. “Zergatik prestatu eta dirutza gastatu A gripearekin egin zen moduan, gero dena ezerezean gelditzeko”, mezuak pisu handia zuen. Eta A gripearekin gobernuek gastatu zuten dirutzaren kontuak pisu handia zuen agintarien erabakietan, inork ez zuen “errore” bera egin nahi. Eta horrela, Italiara iritsi zen birusa, eta ni behintzat berehala jabetu nintzen hau zela espero zen izurrite hori. Baina arduradunengandik eta toki guztietatik (MOE barne) mezu bera, errosarioko letania bilakatuta: lasaitasuna, gu ondo prestatuta gaude, gure osasun sistema ezin da Txinakoarekin alderatu, musukoa ez da beharrezkoa, izurik ez, izuak kalte gehiago egin dezake, KATARRO EDO GRIPE BATEN PAREKOA DA, lasai, lasai eta lasai. Beno… argi dago mezu hauek bere eragina izan zutela, bai, jendea lasai zegoen, ez hori bakarrik, birusaz iseka egiten zen. Italian jendea hiltzen hasi zen, baina honek ez zuen jendea bere lasaitasunetik ateratzen, total, “jende zaharra da hiltzen dena” hamaika aldiz entzun behar, “ez zitzaien bestela ere asko faltako beste mundura joateko”, zenbat aldiz entzun behar! Txinatarrez ere iseka egiten zen, denak musukoekin, hain disziplinatuak… betikoa, txinito horiek! Nik jasotzen nuen mezua: gu aurreratuagoak gara, birusari aurre egiteko modurik hoberena izurik ez izatea da eta bizitza normala egin. “Farmaziaren industriari ez diogu dirurik eman behar! Sistema kapitalistaren morrontzan erortzea litzateke hori eta horixe da nahi dutena!” hamaika aldiz entzun behar. Gure artean, euskaldunak, jokaera honetan punta-puntan geunden: irakurri besterik ez zegoen Berrian Onintza Enbeitaren artikuluak. Gu euskaldunak, etsaien aurka hainbeste aldiz borrokatuak, gu ez ginen ez Kapitalismo basatiaren morrontzan eroriko. Gero pixkanaka honaino iritsi zen birusa, baina musukorik ez jendeak. Musukoarekin kalera ateraz gero gainera, jendeak gaizki begiratzen zizun. Hor (Berrian uste dut) norbaitek idatzi zuen hauxe bera azalduz, musukoarekin kalera atera eta gaizki begiratzen ziotela kalean. Nire aita (adinekoa) sendagilearengana musukoarekin joan (nik aginduta) eta sendagileak esan omen zion “ez da horrenbesteraino!”. Hori entzunda, hurrengoan musukoa eramateko gogoa kenduko zitzaion niregatik izan ez balitz, nik azaltzen nizkion gauzak agintariek ez bezala. Musukoa eramatea gainera gaizki ikusita zegoen, besteak beste, izua zabaltzen ari zinelako eta ekintza berekoi bat zelako: solidarioa izan beharra zenuen gizartearekin eta musukorik ez eman izua ez zabaltzeko. Ingurukoen artean entzun besterik ez zegoen, birusa gutxietsi egiten zen oraindik (hildakoak barra-barra egon arren). Gero berrogeiladian ezarri zuten, jendea hiltzen eta hor diskurtso aldaketa bat hasi zen, Onintza Enbeitak jada ez zituen bere aurreko estiloko artikuluak idatziko. Baina hala ere euskaldun askoren iritzia ez zen makurtuko: “gripe bat da”, “hau jendea izutzeko sortu dute”… euskaldun ahaltsua nola uzkurtuko da ba! Berrogeialdia amaitu eta jendea kalean ikusten hasi nintzen ezer pasa izan ez balitz bezala, birusa jada iraganeko kontua balitz bezala. Garbi ikusten nuen Eusko Jaurlaritzak, hauteskundeak pasa arte ez zuela ezer egingo eta ostean etorriko zirela debekuak eta neurri zorrotzak. Eta horrela izan zen. Orain badirudi, musukoa ematea ez dela ekintza berekoi bat, solidarioa baizik. Eta nik galdetzen diot neure buruari: nola aldatzen diren diskurtsoak hain denbora gutxian. Eta neure burua berresten nuen, hasiera-hasieratik “oso berekoi eta izu zabaltzaile” jokatu nuelako inori kasurik egin gabe. Eta etorkizunerako garbi daukat zein den jokabidea: hemen norberak hartu behar dituela erabakiak beste inori kasurik egin gabe. Eta egun hauetan zer ikusten dudan: jendea (jende gaztea gehienbat baina adinekoak ere bai) terrazetan, kalean taldean… ezer pasa izan ez balitz bezala. Bai, jende gaztearen (nerabe, erdiko zein gazte-adineko) jokabidea kalean nazkagarria da. Nire galderak: zer gertatzen da mendebaldeko herrietan jendeak horrela jokatzeko? Gizartea gaixorik dago mendebaldean? Eta Amaia, zuretzat ere galdera: “ni neu ere izan naiz musukoa derrigor egin duten arte hau jartzeko INTENTZIO IZPIRIK izan ez duen horietakoa” diozu, eta “intentzio izpirik” diozunean, errebeldia puntu bat somatzen da, “nik hau ez dut jarriko” somatzen da. Azalduko didazu zergatik ez zaitudan arduragabea jo behar? “gazteak txarrak, eta besteak?”, ez al da umekeri bat? Nik baino hobeto dakizu kalean okerren dabiltzanak gazteak direla, eta hortxe duzu kutsatu berrien adina adierazle moduan. Jarri duzun argazkian zeu agertzen zarela uste dut: izurrite garaiko argazkia da? Hala bada, horko gazte guztiak familia berekoak direla sinestu behar al dut nik? Baina bost axola, ez? Baina hori bai, mundu ekologikoago bat, kapitalismoa suntsitu… obra handietan sartzen dira gazteak, baina birusaren aurkako konpromezurik ez dute nahi, nola izurratuko dute bada beraien aisialdi sakratua? Horrelakoa da gazteen konpromezua, selfi baten maila berekoa. Baina beno… guzti hau ondo etorri da gure gizartea ezagutzeko. Hori bai: gizarte honekin Euskal Herriak eta euskarak jai du. Espainian musukoa gutxien erabiltzen duen lurraldea: Gipuzkoa, gero Bizkaia, gero Araba. Badirudi, geroz eta lurralde euskaldunagoa, orduan eta erresitentzi handiagoa musukoa erabiltzea. Ez da harritzekoa, euskaldunok badugu baseko antisistema harrokeri puntu bat, harrokeri antzua portzierto, kastillano baten aurrean izututa erdaraz hitz egiten hasiko den harropurtzila, antzua da zeharo. Kastillanoarekin egin ezin duena birusarekin egin nahi du nonbait. Horrelakoa da euskal harrokeria: atzekoa, aurrez-aurrekoa izan beharrean. Ba horixe… gizarte honekin Euskal Herririk ez

  • Iruzkina idatzi ondoren etxeko balkoira atera naiz eta balkoitik ikusten dudan tabernako terrazan han daude elkartuta “familia nukleo bereko” gazteak (gazte-nerabe, gazte -erdiko) han daude bete-betean musukorik gabe. Bat baino gehiago sistema kapitalista nola suntsitu eztabaidatzen egongo da. Eta egunero pasatzen naiz terraza horren aurretik eta gogoa ematen dit han daudenei “musukoak, zer?” oihukatzeko. Baina ez diet oihukatzen azkenean. Amaia, zer uste duzu erantzungo zidatela hori oihukatuko banie? Neure buruari askotan galdetzen diot hori.

  • Nor den gaztea? Hori da galdetetako bat. Ez dakit nor den gaztea. 20 urtez azpikoa? Oraindik ikasketak egiten ari dena?
    Edo 40-45 urteko kaskaina 18urteko mutila bezala bizi dena?
    Hori, hori, nor da gaztea?
    Edo gaztea deitzen diogu arduragabe guziei?
    Herri honetan horrelako makina bat badago ba!