“Gerrara ohitu zintezke, baina gerra egon badago”
- 2019-06-24 07:19
- Salabardoa
Pantailan daukazuen testu luzetxo honek, helburu bakarra du: Etxe Zuria vs. Huawei afera ulertzeko ikuspuntu bat zehaztea. Nirea. Gaia baliatuz, burujabetza teknologikoaren aldeko argudio erkin batzuk mahaigaineratu nahi nituzke. Baina, kontutan izan: iritzi eta irakurketa pertsonal asko aurkituko dituzue hitzotan.
Labur-labur kontatuko dizuet, egiaren erdia bidetik utziz, zein izan den, azken urteotan AEB eta Txinaren arteko egoera. AEB eta Txina gerra egoeran daude. Aspaldi. Bai, badakit momentuz ez dugula bonba zantzorik entzun, baina horrek ez du esan nahi gerran ez daudenik. Gerra isilak, ezkutukoak, politikoak, ekonomikoak, dira min gehien eragiten dutenak. Gainera, bizi ditugun garaiotan, tanke bati itxura nazkagarria hartzen diogu.
AEB eta Txinako gobernuen artean dagoena merkataritza-gerra da. Herrialde batek beste nazio bateko (edo nazio jakin batzuetako) inportazioko produktu baten (edo batzuen) sarrera murrizteko ekintzak hartzen dituenean hasten da merkataritza-gerra. Merkataritza-gerra hasteko hiru tresna nagusi daudela esango nuke; lehena, eta erabiliena, muga-zergak igotzea. Bigarrena, produktu baten inportazio guztia debekatzea. Hirugarrena, erabateko blokeo ekonomikoaren egoera ezartzea. Oso ohikoa da, kaltetutako nazioek antzeko erregulazioak hartzea errepresalian, eta neurri berriak ezartzea. Eta horrela etengabe. Laburbilduz, ekonomia kapitalistaren itzalpean bizi garen nazioetan armarik isilena, sendoena, itxuraz atseginena, merkataritza-gerra da. Baina Huawei-koa azaltzen hasi orduko, utzidazue AEB eta Txinaren arteko merkataritza-gerran pixka bat sakontzea.
Bi paragrafo gehiago besterik ez.
Herrialde bi hauen arteko merkataritza-gerra askoz lehenago hasten bada ere, urtebete bakarrik egingo dut atzera.
Trump presidenteak 2018. urtean Txinatar produktuei muga-zergak nabarmenak aplikatzea eskatu zuen. Eskaera horren aitzakia zera zen, bere ustez, Txinak urteetan zehar burututako merkataritza desleialari erantzutea. Errepresalia bezala, Txinako Merkataritza Ministerioak muga-zergak ezarri zizkion zenbait produktu estatubatuarrei. Eta horrela, historia errepikatuz, gaurko eguna arte.
OMC tarteko zela, muga-zerga horien tregua bukatzearekin ia-ia batera, eta 5G sarearen despligearen inguruko eztabaida ematen den bitartean (hau bai hau kasualitatea) AEBk Huawei-ren kontrako erasoaldia hasten du. 2019ko maiatza. Etorkizuneko Internetaren sorkuntza hedatzen (nolabait esatearren) hasten direnean hain zuzen ere. Batik bat, horrek du, zuzen-zuzenean eragin gehien (nire aburuz) orain kontatuko dizuedan istoriarekiko.
Huawei-ren aurkako erasoa.
Potentzia teknologikoak lehian ari dira etorkizuneko 5G hornitzaile gisa nagusitzeko. Txina, Hego Korea eta AEB dira lehia hori irabazteko aukera gehien duten herrialdeak. Txina lehia horren garaile irteteak izan ditzakeen ondorioen jakitun, Trump-ek, estatu emergentzia deklaratuz, protekzionismora jotzea erabakitzen du (hori baita, funtsean, bere politikaren ardatza). Aitzakia: espioitza.
.
Aurpegi gogorra daukazu gero Trump jauna…
Baina zergatik Huawei eta ez, adibidez, Xiaomi? Txinak irabaztekotan, hedatzea, ai amatxo, ai amatxo… nagusiki Huawei-k egingo lukeelako.
Gauzak horrela, Google-k, AEBetako administrazioaren aginduak jarraituz, Huawei smartphonetan Android eguneratzeari utziko diola iragartzeaz gain, etorkizunean Android-en zati pribatiboak erabiltzeko debekua ezartzen dio. Horren ondorioz, Huawei markadun smartphone berriek ezin izango dituzte Google-k askatu ez dituen oinarrizko aplikazioak erabili.
Guzti honi lotuta, Microsoft-ek Windows erabiltzea debekatu dio eta egoera guzti honi aurre egiteko, Huawei-k, beraien sistema eragile propioa (eta sistema eragile berri honentzako aplikazio ekosistema guztia) garatuko omen du. Eta ez hori bakarrik, sortzen duten ekosistema hori Android aplikazioekin bateragarria izango dela aurreratu digute. Gainera, smartphone, tablet, wearable eta ordenagailuetan erabiltzeko aproposa izango omen da. Eta guzti hau gutxi balitz, sistema eragile eta ekosistema hori urte bukaerarako prest izango duela aitortu omen du.
Beste aldetik, wifi partzuergoaren afera, SD txartelen erabileraren debekua, Bluetooth teknologiaren debekuak… gehitu behar dizkiogu. (Bukatzear nago)
Argi dago Huawei-k bazekiela zerua hodeitzen hasia zela eta agian Huawei boikotatzen dituzten enpresa eta enpresa talde handiek, guzti honen ondorioak jasan beharko dituzte. Baina hori denborak esango digu.
.
Afera honetan ikasgai garrantzitsua egin genezake
Lehenik eta behin, sistema kapitalista eta neoliberal honekin bukatu behar dugula. Baina blog bidalketa honen helburua egoera hau software librearen ikuspuntutik aztertzea denez, horretan zentratuko naiz:
1. Erabateko Googledependentzia dugula. Egia esan ez dakit zein mailatan neurtu daitekeen Txinan honen eragina, izan ere ez dute Google-en ekosistema aspaldi erabiltzen (eta hau ere erabaki politikoa izan zen).
2. Benetan libreak diren sistema eragileak erabiltzeari ekin behar diogula. Baina ez bakarrik gure smartphoneetan, baizik eta, erabiltzen dugun teknologia orotan.
3. Gobernuek, eta bereziki gure bizitza arautzen duen Europar Batasunak, gure inguruan horrelakorik gerta ez dadin neurriak hartu behar dituela.
4. Diru gehiago inbertitu behar dugula software librearen, sare libreen, hardware librearen eta jakintza askearen garapenean.
Hau egiten ez bada, akabo aktibistok amesten dugun etorkizun teknologikoa. Are gehiago, don’t be evil-ekoak demonio bilakatzeko legedia sortzeko inolako arazo etikorik ez duen AEB presidente batekin.
Laburbilduz
Eta orain bai. Bukatu dut gaurkoz. Azken kontu bat besterik ez:
Etorkizunean, teknologia politika dela aipatzen badut, barre egin ez dezazuen.