Lubakietara berriz

Lubakietara berriz –

Lola pitonisa lanik gabe geldituko litzateke Iruñeko Udalaren inguruko politikagintzaz iragarpenak egin beharko balitu. Erran nahi baita oso erraza da asmatzea nola jokatuko duen orain alkatetza duen indar ultraeskuindarrak. Iragan larunbatean egin zuten alkate Enrique Maia PSN alderdi espainolistaren jokaldiari esker, eta dagoeneko argitu du zein izanen diren bere lehenbiziko erabakiak:

Lubakietara berriz
Flickr: The Library of Congress

– Aurreko legealdiaren azken osoko bilkuran (!!) onartu zuten euskararen ordenantza berria bertan behera utzi.

– Berdintasun eta Parte-Hartze alorrak ezabatu.

– Armada etorbideari ‘Armada etorbide’ izena itzuli.

– Pio XII.a etorbidean autoei kendu zitzaien tokia berriz ere autoei eman.

– Txupinazoa nork jaurtiko duen erabakitzeko modua aldatu, herritarrei erabakitzeko aukera kentzeko

– Eta abar.

Kontzientzia politikoa dudanetik, Iruñean halako neurri erreakzionarioak hartu izan dituzte udal agintariek beti. Eta halakoei lubakietatik egin izan diegu aurre. Ahal izan dugun moduan. Eta, ados, lubakietara itzuliko gara, eta duintasun osoz borrokatu gara. Baina beti bezala bataila ia gehienak galduko ditugu.

Horregatik, fabore bat eskatu nahi dizuet halako giro itogarrian bizi ez zaretenei: euskaraz bizi nahi dugunoi, hiri jasangarri eta atseginago bat nahi dugunoi, berdintasunean eta herritarren parte-hartze demokratikoan sinesten dugunoi hemendik aurrera Iruñean gertatuko zaizkigunak aztertzeko orduan, abiatu zaitezte premisa batetik: UPNk agintea izatea da gerta daitekeen gauzarik makurrena -ez da bertze ezein aukerarekin parekatzerik- eta bere aurka borrokatzen bizitzeak deus gutxi du epikatik eta asko tragediatik.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko ekainaren 18koa]

Lubakietara berriz

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.

2 pentsamendu “Lubakietara berriz”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-06-24 09:27

    Asier, trintxerak eta trintxerak daude, eta trintxerak egiteko moduak. Berriro ere Maravillaseko trintxera moduetara itzultzen bazarete, betirako kondenatuak egongo zarete. Ezker antisistema perroflauta eta modan dauden trans berborrea guztiekin bat egiten baduzue, ba horixe, hortxe egongo zarete lubakitik atera gabe. Nafarroako izan gabe ere ohartzen naiz nafar adn-a oso kontserbadorea dela. Hori jakinik, trintxera egiteko modua ere egokitu egin behar da.

  • Insistentzia 2019-06-24 11:38

    Jokaldia beti berdina da. Makilaturiko espainiarrek makilatu gabeko espainiarrak laguntzen. Eta GALen sortzaileek edozer negoziatzen badute, euskaldunak lasaitzeko egiten dute hurrengo agintaldian berriz alderdi espainolak agintean jartzeko. Lubakian zein gortean, hobe ez lekurik utzi makilatu hauei.