Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea

Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea –

Josu Lopez-Gazpio kimikan doktore eta zientzia dibulgatzaileak Zientzia Kaieran adierazi duenez, Gabonak ditugu heriotza-tasa handiena duten egunak.

.

1999an Robert A. Kloner zientzialariaren ikerketa-taldeak bihotzarekin lotura zuten arazoen heriotza-tasa izan zuen aztergai. Pentsa zitekeen modura, frogatu ahal izan zuten neguan udan baino heriotza gehiago gertatzen direla eta gehienak abendutik urtarrilera gertatzen zirela.

Hasiera batean azalpen errazenera jo zuten eta ondorio horrekin argitaratu zuten haien lana: neguan tenperaturak hotzagoak dira, eta fenomeno horrek azaltzen du neguan heriotza-tasa handiagoa izatea. Guztiak zentzua zuen: tenperatura hotzagoa denean odol-presioa, hemostasia, basoespasmo koronarioa, eta abar handitu egiten dira eta errazagoa da bihotz-arazoak izatea.

Datuak grafikoetan irudikatu zituztenean, ordea, bazen zentzurik ez zuen datu bat: azaro bukaeran heriotzak handitzen hasten ziren, Gabonetako oporren inguruan maximora iristen ziren eta ondoren berrio jaisten hasten ziren. Alabaina, gorabehera hauek ezin ziren azaldu tenperaturaren bilakaerarekin; izan ere, tenperatura baxuak konstanteak dira abenduan eta urtarrilean -zergatik gertatzen zen orduan Eguberri inguruan igoera eta gero jaitsiera?-.

Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea
Eguberrietako oporraldian heriotza-tasa handiagoa izatearen arrazoiak asko dira: oporraldiaren estresa, dieta aldaketa, alkohol kontsumoa, gaixotasunei arretarik ez egitea, bidaia luzeak egin beharra eta tenperatura hotzak proposatu dira, besteak beste, azalpen gisa.

Azken galdera hori erantzunik gabe egon behar izan zen David P. Phillips eta bere lankideak gaia ikertzeari ekin zioten arte. Haien ikerketen emaitzen berri 2004an eman zuten eta ordura arte ezagutzen zena jaso zuten. Alde batetik, frogatuta zegoen neguko oporraldian suizidioak, hilketak eta heriotza eragiten duten auto-istripuak areagotu egiten zirela -baina, ez zen ikertu heriotza naturalak ere neguko oporraldian areagotzen ziren edo ez -. Bestetik, ezaguna zen neguan heriotza-tasa handiagoa zela neguan udan baino. Nolanahi ere, aurreko ikerketetan ez zen kontuan hartu Gabonetako oporraldiak heriotza naturaletan eragina zuen edo ez, neguaren efektua kendu ondoren -alegia, Eguberriak berak efekturik ba ote zuen-.

 

Phillips eta bere lankideek hainbat galdera erantzun nahi zituzten: Gabonetako oporraldian espero direnak baino heriotza gehiago gertatzen al dira? Heriotzen gehikuntza hori bihotz-arazoekin lotzen da bakarrik edo heriotza mota guztiak handitzen dira? Neguaren efektuaz gainera, zenbaterainokoa da Eguberrien efektua? Eguberrien efektu hori handitzen ari al da urtez urte? Bada, galdera horiei guztiei erantzuna emateko Ameriketako Estatu Batuetan 1973tik 2001era gertatutako 53 milioi heriotza aztertu zituzten eta ondorio aztoragarri batera iritsi ziren.

.

Eguberrietan hiltzea probableena da

Urtean zeharreko datu guztiak irudikatuta, urte-sasoien tenperaturaren arabera espero den irudikapena lortu zuten ikertzaileek. Neguan jende gehiago hiltzen da udan baino, espero zuten bezala. Baina abendu bukaeran eta urtarrila hasieran, Eguberrietako oporrekin batera, tenperaturarekin bat ez datorren igoera bat nabaritzen da eta, bitxiagoa dena, heriotza-tasak bi tontor ditu oporraldi horren barruan: Eguberri- Urteberri-egunetan, hain zuzen ere. Bihotzeko arazoen kausaz gertatutako heriotzei dagokienez, urte guztia kontuan hartuta, heriotza gehien gertatzen diren eguna abenduaren 25a da, bigarrena abenduaren 26a eta hirugarren postuan urtarrilaren 1a dago. Ikertzaileek aztertutako 26 urteetatik, 24 urtetan betetzen zen hori eta, gainera, urtetik urtera egun horietako heriotza-tasaren tontorra geroz eta handiago zen.

Bihotzarekin zerikusirik ez duten heriotza naturalen kasuan ere, antzeko patroia betetzen zela ikusi zuten. Heriotza naturala gertatzeko urteko egunik probableena abenduaren 26a da, gero abenduaren 25a eta, hirugarren postuan, urtarrilaren 1a. Berriro ere, Eguberrietako oporraldi horretan heriotza-tasak bi tontor ditu egun berezi horien inguruan. Neguko tenperatura baxuen hipotesiak ezin du azaldu tontor horien agerpena; izan ere, tenperaturaren aldaketa garrantzitsurik ez da gertatzen abenduaren 25ean edo urtarrilaren 1ean. Phillipsen analisian, urteko-sasoiaren kausazko heriotza-tasaren fluktuazioak kentzen zirenean Eguberri- eta Urteberri-eguneko igoerak ere mantendu egiten ziren eta, gainera, AEBtako zonalde hotzetan tontorra txikiagoa zen zonalde epeletan baino ¾hortaz, tenperatura baxuen eragina ez da gakoa¾. Datuak aztertu ondoren, Phillips eta bere kolaboratzaileek argi ikusi zuten zer gertatzen zen: Eguberrietako oporraldian bada heriotzak areagotzen dituen faktoreren bat, eta faktore hori ez da neguko tenperatura baxua.

.

Olentzerok ekarritako bihotzekoaren balizko azalpenak

Neguko tenperatura hotzen hipotesia baztertu ondoren, beste bederatzi azalpen proposatu izan dira zientzia-bibliografian Eguberrietako oporraldiaren heriotza-tasaren handitze anormala argitzen saiatzeko. Klonerren taldeak balizko lau azalpen eman zituen: neguko arnasketa-arazoen areagotzea, oporraldi horretan gertatzen den kutsadura-maila handiagoa, dieta aldaketa eta alkohol kontsumoa eta oporraldiarekin lotutako estresa. Phillipsen taldeak lau hipotesi horiek baztertu zituen. Lehen bi hipotesiek ezin ditu azaldu bi egun berezietan gertatzen den tontorra eta beste biak baztertzeko ikerketak ere egin zituzten. Oporraldiarekin lotutako estresa baztertzeko, Alzheimerra zuten gaixoen heriotza aztertu zuten; izan ere, Alzheimerra duten gaixoek ez dira hain kontziente Eguberrietako oporraldiaren estresaz. Datuak aztertuta, ikusi zuten Alzheimerra zuten gaixoen artean ere heriotza naturala probableagoa zela Eguberri- zein Urteberri-egunean. Dieta eta alkohol kontsumoaren azalpena baztertzeko, ospitaleratutako gaixoen heriotza aztertu zuten; izan ere, ospitaletan dieta ez da nabarmenki aldatzen Eguberrietako egunetan. Gaixo horien kasuan ere, probableago zen abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean hiltzea.

Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea
Olentzeroren oparia ez da beti gustukoa izaten, izan ere, arrazoi naturalez hiltzeko egunik probableenak abenduaren 25a eta 26a dira.

Phillipsen taldeak beste bost azalpen luzatu zituen: hilabete aldaketetan heriotza gehiago gertatu daitezkeela, jaiegunetan heriotzak ez direla jakinarazten, gaixoek heriotza atzeratzen dutela egun garrantzitsuak iritsi arte, egun berezi horiek heriotza azkartzen dutela, edota jaiegunetan gaixoek ez dituztela tratamenduak behar bezala hartzen edo ez dutela medikuengana jotzen. Ikertzaileek ezin izan zuten aurkitu azalpen horietako gehienak babesteko frogarik, baina, bai azkenekoaren kasuan. Hau da, gaixoek modu desegokian jarraitzen dituzte medikuen aholkuak eta medikuarengana joatea atzeratu egiten dute Gabonetako oporraldiaren egun seinalatuetan. Ikertzaileen arabera, arrazoi horrek abenduaren 25eko, 26ko eta urtarrilaren 1eko heriotza-tasaren handitzea azaltzen du. Hala ere, azalpenak hutsen bat ere baduela adierazi zuten; izan ere, ospitaleratutako gaixoek ere heriotza-tasa handiagoa dute egun horietan -eta egun horietan medikuen arreta bera izatea espero da, ospitalean baitaude-.

 

 

Eguberrietarako zenbait gomendio

Nolanahi ere, frogatuta dago Eguberrietan heriotza naturala izatea probableago dela, baina, oraingoz ez da azalpen zientifiko bat aurkitu datuek erakusten dutena azaltzeko. Zerk eragingo ote du Eguberri- eta Urteberri-egunak hiltzeko urteko egunik probableenak izatea? Baliteke oraindik aztertu gabeko azalpenen bat egotea, edo literaturan proposatutako azalpen guztien bateratzea izatea arrazoia. Oraingoz, ez da lortu horietako hipotesirik zientifikoki frogatzea. Edozein kasutan, arrazoi hori aurkitzen den bitartean, zientzia-literaturan Eguberrietako oporraldiari aurre egiteko zenbait gomendio aurki ditzakegu.

Gomendioetako batzuk gaixoei edo arrisku handiagoan dagoen populazioari zuzendutakoak dira: batez ere, Eguberrietako gehiegikerietatik alde egitea eta kalterik eragingo ez duen dietarekin jarraitzea, tenperatura hotzak saihestea eta beharrezkoa den atsedena hartzea Eguberrietako oporraldi izanik ere. Osasun zerbitzuei ere zuzentzen zaizkie gomendioak, alegia, urtean zeharreko beste edozein egunetan bezala jarraitzea eta salbuespenik ez egitea jaiegunak izanik ere -osasun-zerbitzuak, langileria eta beharrezkoak diren arretak aldatu gabe-. Populazio osoarentzat gomendiorik ere bada: Eguberrietakooporraldia izanik ere, ondoeza edo bestelako sintomarik sentitzen bada medikuarengana jotzea urteko beste edozein egunetan egingo litzatekeen bezala. Egun seinalatuetan bazkarian edo afarian egon nahi izateagatik, agian, Urtezahar-gaueko mahatsak kontrako eztarritik joango zaizkizu koinatuari bihotzekoak ematen badio. Hori gertatzeko egunik probableenetakoa da, behintzat, zientziaren arabera.

.

Informazio osagarria:
Gabonetako oporraldiak osasunean Gabonetako oporraldiak osasunean Gabonetako oporraldiak osasunean Gabonetako oporraldiak osasunean Gabonetako oporraldiak osasunean Gabonetako oporraldiak osasunean Gabonetako oporraldiak osasunean  Gabonetako oporraldiak osasunean Gabonetako oporraldiak osasunean Gabonetako oporraldiak osasunean Gabonetako oporraldiak osasunean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.