Futbol zelaitik sare sozialetara zuzen-zuzenean
Sare sozialak gure bizitzako esparru guztiak hartzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Orain, futbolaren txanda iritsi dela dirudi. C.F. Jaguares de Chiapas futbol talde mexikarreko zuzendariek taldeak zelaitik haratago joka dezan nahi izan dute eta sareko fenomeno bihurtu nahi izan dute. Horretarako, jokalariei ezohiko kamiseta berriak egin dizkiete: Jokalarien izenak Twitterreko erabiltzaile izenaz ordezkatu dituzte, baita enpresa laguntzailearena ere, eta Twitterreko txoritxo bereizgarria gehitu dute dortsalaren alboan.
Kamiseten aldaketa taldearen lehiakide nagusiaren aurka –Pumas Club Universidad Nacional AC– jokatu behar zuten partidarako egin zuten. Zergatik? Partida hasi baino ordu batzuk lehenago, zaleek Twitter girotu zuten #rujocomojucar eta #maúllocomopuma etiketekin. Taldeko zuzendariek sareko mugimendu hori ikusita, partidarako kamiseta bereziak egitea erabaki zuten. Zelaira irtetean, jokalari guztiek buelta eman eta beren kamiseta berriak erakutsi zituzten.
Ekintza horri esker, klubaren eta zaleen arteko lotura handitu egin da eta sareko fenomeno bihurtu dira. Gainera, ospea irabazi dute, mundu osoko hedabideek horren berri eman baitute. Eta hori gutxi izango ez balitz bezala, Jaguarrek 4 eta 0 irabazi zuten Pumen aurka.