Euskararen bizitasun digitala ispiluaren aurrean
Euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu eskaintza eta eskaria, biak, indartu behar ditugu.
Euskarak bere etorkizuna jokoan duela badakigu, eta joko zelaietako bat ingurune digitala dela askotan aldarrikatu dugu. Hizkuntza baten bizitasun digitalak bere osasunaren ezinbesteko informazioa ematen digu. Komunikazio kanal nagusi bilakatu da Ingurune Digitala, eta hizkuntzek bertan duten ikusgarritasuna eta erabilera kontuan hartu beharrekoa da, honen bizitasun digitala ezagutzeko garaian.
Euskararen bizitasun digitalari buruz ari garenean, bi eremutan zentratu gaitezke hau neurtu ahal izateko: euskarak ingurune digitalean duen eskaintza eta eskaria. Hau da, zenbat tresna eta eduki eskaintzen dira ingurune digitalean euskaraz, eta zenbat erabiltzen dira hauek.
Eskaintzari begiratuta Euskal Herriko webgune guztiak aintzat hartuz gero, euskarazko edukia duten webguneak 26.663 dira, guztien %16. EUS domeinua da euskara gehien erabiltzen duen domeinua: kasu honetan euskarazko edukia duten webgune kopurua %89,23koa da. Esan daiteke beraz .EUS domeinua dela euskararen arnasgune digitala. Baina, gaur egun, ingurune digitalean ikus-entzunezkoa da pisu gehien duen arloa. Interneten 2018an mugitu zen trafiko guztiaren %57 bideoa zen eta beste %8 bideo-jokoak. Trafiko nagusi horretan euskarak ez du tokirik.
Euskararen bizitasun digital ona adierazteko erabilitako datu horietako batzuk hobeak dira gaur egun. Adibidez, euskarazko Wikipediaren kasuan, 350.000 artikuluen langa gainditua dago eta gaur egun 29. tokian kokatzen da munduko zerrendan.
Hala ere, ez du ezertarako balio euskarazko edukiak argitaratzea euskaraz kontsumitzeko ohiturak indartzen ez badira. Esaterako, webgune askok erabiltzaileak bere nabigatzailean ezarritako nabigazio-hizkuntzan erakusten dute edukia, baina Euskal Herriko erabiltzaileen %3-%5k dauka nabigazio-hizkuntza moduan euskara lehenetsita.
Mugikorraren hizkuntza eta nabigazio-hizkuntza ez dira eremu pribatuak: bisitatzen dituzun webguneek, deskargatzen dituzun aplikazioek eta hauen atzean dauden pertsonek badakite zein hizkuntzatan dauzkazun zure gailuak, guzti-guztiek. Eta, datu horietan oinarrituta eta eskari-eskaintzaren logikari jarraituta hartzen dituzte erabakiak.
Zertarako gastatu dirua euskaldunok erabiliko ez dugun hizkuntza bat eskaintzen?
Ondorioz, euskararen bizitasun digitala ispiluaren aurrean jartzen dugunean, eskaintza eta eskaria aurrez aurre talka egiten ikus ditzakegu: euskarak badu eskaintza sarean, badago edukia eta badaude tresnak, baina ez dira nahikoa, ingurune digitala etengabe berritzen eta sortzen baita. Datuek erakusten digute eskaintza mugatua dela, eta hain aldakorra den ingurune digitalean ezinbestean areagotu behar dugula euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu.
Bestalde, erabiltzaileek hizkuntza nagusien alde egiten dutela kontuan izanik dugun eskaintza gehiegi ere izan daitekeela ondoriozta daiteke. Honek kontraesana dirudi, baina euskararen bizitasun digitala ez da eskaintzara mugatzen, erabilerarik gabeko eskaintzak ez baitu etorkizunik. Erabiltzaileak trebatu eta motibatu behar ditugu, gure komunitate digitala indartu eta ingurune digitala euskaraz kontsumitu eta sortzera bultzatu.
Euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu eskaintza eta eskaria, biak, indartu behar ditugu.