Ameskerian

Ameskerian –

Ez dakit seinale ona den kontua galtzen hasten zarenekoa. Kalkulua egin behar izan dut zure jaiotegun datarekin, ziurtasun osoa izan nezan. Bai, ondo nenbilen, baina zalantza izateak ezinegona sorrarazi dit. Supituan ohartu naiz dagoeneko erretirorako adinean zeundekeela, nola liteke, eta ni konturatu ez. Agian duela pare bat urtetik, gainera; beraz, merezitako atsedenaz gozatzen egongo zinatekeen. Zer egingo zenukeen ordea, ezin esan, gazteegia bainintzen zure zaletasunen zentzu osoaz jabetzeko. Baina imajina zaitzaket zure patxada natural horretan, aztoramendu izpirik gabe, mendi bueltaz zein elkarteko otorduez gozatzen. Agian amarekin opor luzeagoak egiten hasiko zinen, edo leku exotikoagoetara bidaiatzen.

AmeskerianNeroni ere astero joango nintzen zuenera afaltzera, eta zuk otordu goxoa prestatuko zenigukeen, astero ez baina bi astez behin desberdina. Ama bere onetik irtenda irudika nezake, sukaldean esperimentuak egiten hasiko zinelako, eta bidez batez, sukaldea anabasean laga, lau lagunentzako ordez, dozena batentzako afaria prestatu izan bazenu bezala. “Gizonek egiten duzuen modura”, esango zukeen amak.

Hemen ari naiz gertatu ezin denaz amesten, izatea nahiko nukeen hori ahoz gora esanez. Ez da ohikoa nigan, baina uste dut urtean behin eskubidea dudala ameskeriatan ibiltzeko. Gaur bai; gaur zilegi dut aldarte aldaketa, eztarrian korapiloa sentitzea eta begietan dirdira berezia izatea. Areago, zilegi dut isuritako errekastoak makillajea hondatzea, eta ohi baino ardo gehiago edatea. Ez naiz oroitzapenekin mozkortzen, baina hilabete osoa pasatzen dut gaurko egunaren usainean. Honetara ezkero, ez zara drama bat, baina nago ez ote den zure itzala gero eta handiagoa, gero eta egunerokoagoa. Halatan ere, zure hutsunea izateak ez nau beldurtzen, ez tristatzen; kontrara, irribarrera eramaten nauzu.

Inguruko hurbilenek badakite gaurko egunez berezi orotitu nahi izaten zaitudala. Eta loreekin bisita egiteak sinbolismotik gehiago duen arren zentzuduntasunetik baino, horren beharra sentitzen dut. Badakizu zin egin genizula ez zintugula ahaztuko, eta ondo betetzen ari gara promesa. Oroitzapenek bizirik sentiarazten gaituztelako, oroitu ezean ez dagoelako bizi izanaren arrastorik. Topikoan erortzera noa, baina ez da alferrik esaten egin dezakegun bakarra oroitzea dela, gogoratzen zaitugun bitartean bizirik zaudelako. Gurekin. Zure omenez altxako dugu kopa, izan zinenaren alde, eman zenigun guztiaren alde. Zorionak, aita.

Ameskerian Ameskerian