Euskarak enbaxadore digitala behar du
Danimarka izan da mundu mailan urrats hau ematen lehena: enbaxadore digitalaren figura sortu du. Danimarkako enbaxadore digitalak, diplomatiko izaera osoa izango du eta bere funtzioa ingurune digitala kontrolatzen duten enpresa erraldoiekin negoziatzea, eta gobernua estrategia digitalaren alorrean aholkatzea izango da.
Ez da nolanahiko erabakia. Gaur egun Facebook, Google edo Apple bezalako enpresen urteko fakturazio bolumena munduko estatu askoren barne produktu gordina baino handiagoa da. Gertuko adibide bat: Googlek esaterako 73.000 milioi dolar fakturatu zituen 2015ean, EAEk urte berean izandako Barne Produktu Gordina baino 8.000 milioi dolar gehiago.
Hau ikusita, Danimarkak ezinbestekotzat jo du Internet eta teknologiaren alorreko enpresa hauekin negoziatu eta herrialdearen estrategia digitalaren oinarriak ezarriko dituen figura sortzea. Hau Danimarka bezalako estatu aurreratu batentzat garrantzitsua bada, zer nolako garrantzia izan dezake gai honek Euskal Herriarentzat?
Erantzuna garbia da: hau guretzat ezinbestekoa da. Ingurune digitalak gure egunerokoan duen eragina izugarria den garai hauetan, ezinbestekoa dugu estrategia eta politika egokiak definitzea gurea bezalako herri eta hizkuntza batek ingurune digitalean dagokion tokia izatea nahi badugu.
.
Hiru adibide
Lehen adibidea: GoogleMaps zerbitzua, gaur egun geolokalizazio zerbitzu nagusi bilakatu dena mundu guztian. Googlek zerbitzu honen inguruan hartzen dituen erabakiek ondorio garrantzitsuak izaten dituzte munduko edozein lurralde edo hizkuntzari dagokionez. Duela gutxi Googlek mapetan agertzen ziren toponimoen hizkuntza politika aldatu zuen, eta ondorioz, lehen euskaraz agertzen ziren toponimoak erdaraz agertzen hasi ziren mapa askotan. Horrek eragin zuzena du euskararen normalizazioan, guretzat ofizialak ez diren toponimoak arrunt bilakatzen hasten direlako GoogleMapsen erabiltzaileentzat. Baina, hizkuntzaz harago, eragin geopolitikoa duten erabakiak ere hartzen ditu Googlek, esaterako, Palestina mapatik ezabatu zuenean, Israelen mesederako.
Bigarren adibidea: bidaiak antolatzeko munduko web bisitatuena da Tripadvisor. Webgune honek, ordea, ez ditu onartzen euskaraz idatzitako iruzkinak. Euskarak ez du balio bidaiei buruzko web nagusian iritzia emateko.
Azken adibidea: Twitterrek ez du euskarazko publizitaterik onartzen. Hori bideratzeko hitzarmen bat adostu zuten Twitter eta PuntuEUS Fundazioak, arazoari behin behineko irtenbide bat emanaz. Baina egoera ez da erabat konpondu, Twitterrek ez baitu oraindik ofizialki euskarazko publizitaterik onartzen.
Esan bezala, Danimarkarentzat garrantzitsua bada aurrez aurre Interneteko erraldoien estrategia digitalean eragingo duen bitartekari bat izendatzea, euskara eta Euskal Herriarentzat antzeko figura baten sorrera ezinbestekoa da.
Euskarak etorkizuna izatea nahi badugu, ezinbestekoa da euskara Ingurune Digitalean indartuko duen estrategia digital baten diseinu eta garapena, eta estrategia hau bideratzeaz arduratuko den entitate legitimatu baten izendapena. Nahi duzuen moduan deitu: enbaxadore digital, ararteko digital, ala beste modu batera. Izena gutxienekoa da, izana da ezinbestekoa.
Ez da gai berria eta beste zenbaitetan proposatu da horrelakorik: https://www.sarean.eus/euskarazko-iktak-aurrera-edo-aurrera-joateko-unea-da/
Ea aurrera ateratzen den.