38. paraleloa (Korea II)

38. paraleloa (Korea II) –

38. paraleloa (Korea II)Korearrak sobietarrek entrenatu eta ekipatu zituzten, eta luze aritu ziren estatubatuarren aurka borrokatzen. Horren barruan esan ohi da “ipar korearrak” “Hego Korea” inbaditzen saiatu zirela; zuzenagoa litzateke, ene iduriko, esatea korearrak indar armatu atzerritarrak bota nahiean zebiltzala beren lurraldetik. Afganistandarrek beren okupatzailea bota zutela esaten  dugu, hala delako; ez ditzagun erregela ezberdinak erabili. Aurretik korearrak japoniarren aurka gudukatu ziren ere.

Douglas MacArthur jeneralak kontraofentsiba bortitza zuzendu zuen 1950ean, eta Txinako mugara hurbildu. Truman presidente estatubatuarrari zin egiten zion txinatarrak ez zirela gerran sartuko. Sekulako akatsa egin zuen. Mao Zedongen oniritziarekin, ehundaka milaka txinatarrek Yalu erreka zeharkatu eta estatubatuarren aurkako batailari ekin zioten, baita hauek atzera botatzea lortu ere. Izugarrizko porrota izan zen yankientzat, eta MacArthurrek ez zuen derrotarik onartu: “Guk ez dugu atzera egin; beste norabide batean goaz aurrera”.

38. paraleloa (Korea II)“Time” aldizkariarentzat ordurarte AEB-ek pairatu behar izan zuten porrot militarrik handiena izan zen. Trumanek bere egunerokoan idatzi omen zuen: “III. Mundu Gerra iritsi da”. Bai MacArthurrek eta bai Trumanek bonba nuklearra erabiliko zutela egin zuten mehatxu, bakoitzak bere aldetik; oroitu behar da Trumanek baimendu zituela Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketa nuklearrak.

Tamainako hanka sartzeak egin ostean, beti kargugabetu behar da norbait, eta orduan MacArthurri tokatu zitzaion, “ez obeditze” kargupean. Gizarte estatubatuarra shock egoeran zegoen: txinatar eta korear nekazari zarpail batzuek beren armada boteretsua garaitu zuten, eta hori gerta zitekeenik ere ez zuten irudikatzen orduan (vietnamdarren belarrondokoa hogei urte beranduago jasoko zuten). Trumanen populartasuna inoizko mailarik baxuenean zen, %6ean.

Garaipen militarrik lortuko ez zutela ikusita, ahalik eta min handiena egiten saiatu ziren Estatu Batuak. Jo eta su bonbardatu zuten Korea (bai ipar eta bai hego, nahiz eta iparraldean gogorrago aritu) hegazkinen bidez, bost urte lehenago Japoniarekin egin zuten bezala. Aukeratu zuten arma napalma izan zen. Ipar Koreako hiri gehienak zeharo suntsituta gelditu ziren, eta Hegoaldean ere kalteak esanguratsuak izan ziren oso.

Besteak beste, AEB-ek Piongyang inguruko ur presak bonbardeatu zituzten, izugarrikeria zabalduz; dena suntsitu zuten uholdeak, edateko ur eskasia, uztak izorratuta, gosetea… Naziek berdina egin zuten Holandan 1944ean, eta Nurembergeko epaimahaiak “Gizateriaren aurkako krimen” gisa definitu zituen.

38. paraleloa (Korea II)

38. paraleloa (Korea II)