Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka, sarean ikusgai
Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka, sarean ikusgai –
Berria egunkarian atzo argitaratutako berria dakar salabardoak.
Egunkaria-ren hemeroteka digitala aurkeztu dute gaur Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. 200.000 orrialde, 3.789 zenbaki dira digitalizatutakoak; kazetaren sorreratik itxierara bitarteko guztiak.
Euskaldunon Egunkaria-ren hemeroteka digitala osatu du Berriak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunearekin eta Gureak enpresarekin elkarlanean. Gaur egingo dute aurkezpen ekitaldia jendaurrean, 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturuneko hitzaldi aretoan. Aurkezpenean, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak eta Joan Mari Torrealdai Euskaldunon Egunkaria-ren lehendakariak hartuko dute parte, Koldo Mitxelenako ordezkariekin batera. Aurrez, 10:00etan egin dute agerraldi bat, egindako lana aurkezteko.
1990eko abenduaren 6an argitaratu zen Egunkaria-ren lehen zenbakia, eta 2003ko otsailaren 20an, azkena. Guardia Zibilak itxi zuen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen baimenarekin. Hamabi urte pasa horietako albiste eta artikuluak sarean dira ikusgai —Berriaren webgunean ikusi ahal izango da Egunkaria-ren hemeroteka digitala—.
Denis Itxasok egin du goizeko ekitaldiko hitzaurrea, eta Egunkaria-k euskarazko informazioari eginiko “itzelezko ekarpena” nabarmendu du: “Euskal kulturaren ondarearen gordailu bibliografiko izateko bokazioa daukagu”. Instituzio gisa, “ohorea” dela esan du, proiektu honetarako konfiantza eman dietelako Koldo Mitxelenako teknikariei. Torrealdaik, berriz, Egunkaria-ren historia ekarri du gogora; besteak beste, Ajuria Eneako Itunaren garaian, eta Egunkaria “ez-demokraten aldean” kokatu zutela zenbaitek: “Egunkaria bizirik dago, egin zigutenagatik eta, batez ere, egin genuenagatik. Gaur ere esango dugu: Itxia, baina ez isildua”.
200.000 orrialde, 3.789 zenbaki dira digitalizatutakoak. 1990eko abenduaren 6tik 2003ko otsailaren 20rako zenbaki guztiak. Idurre Lazkano Berriako zerbitzuburuak eman ditu webgunearen inguruko azalpenak. Bilatzen sistema erraz bat jarri nahi izan dute, eta egunaren arabera edo hitzak bilatuz egin daitezke bilaketak, hitz batekin edo gehiagorekin.
Ez zen prozesu erraza izan Egunkaria-ren sorrera. Herriz herri egindako ekitaldietan —ehun baino gehiago— dirua biltzen aritu ziren, jaiotzaren aurreko hilabeteetan. “Herri proiektu bat zen. Hori ikusteak ematen zigun indarra”, kontatzen du Andres Gostinek Gaur irekiko ditu ateak (Eriz Zapirain, 2016) dokumentalean. Gostin eta beste kazetari gazte batzuk eguneroko egunkaria iristen zenerako entrenamenduan ari ziren. Lorea Agirre, Imanol Murua Uria, Alberto Barandiaran eta beste hainbat gazte ameslari ari ziren horretan. Estilo liburu bat sortzen ere ari ziren —tartean Koldo Izagirre zela—, euskaraz albisteak zuzen eta egoki idazteko arauak finkatzeko.
Egunkaria-k aurrera egin zuen. Eta bide oparoa izan zuen, jaio eta hamabi urte eta hiru hilabetera hil zuten arte. “Euskal kulturaren begietako nini bihurtu zen Egunkaria. Horregatik itxi zuten gero”, esaten du Martxelo Otamendi Egunkaria-ren zuzendaria izan zenak Zapirainen dokumentalean. Hala dio, bestalde, Zapirainek: “Sentsazioa daukat Egunkaria-ren sorrera hura askorentzat oharkabean pasatu zela, eta, dokumental honek balio badu hura apur bat akordura ekartzeko, gu kontent”. Dokumentaleko zuzendariak nabarmendu zuen “gaur egungo gazteentzat historiaurrea” zela Egunkaria-ren sorrera garaia. Gaurtik aurrera, gertuago izango dute, edo eskura, behintzat.
Milla esquer!
Honela nire aincineco articulu batzuc topatu ditut!
https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?zbilatu=%22Josu+Lavin%22&h_u=1990&h_h=12&h_e=06&b_u=2003&b_h=02&b_e=20&bilatu=Bilatu&orria=01