Euskal blogosfera indartsuago baten alde
Euskal blogosfera indartsuago baten alde
“Inoiz eskura izan dugun tresnarik erraz eta eraginkorrenak” omen ditugu sareko blogak, Patxi Gaztelumendiren aburuz.
Ez da aspaldi blogen beharren inguruan solasaldi bat baino gehiago izan dugula, sare sozialetatik batipat. Blogetan antolatu zuen Azkue fundazioak, eta inkestaren osteko datuak eman zituen.
Nik neuk kezkaz bizi dut hori, eta halako susperraldi bati ekin nion gaztelumendi.eus blogean bertan. Edukiak gehitu, irudia zaindu, sareotan hedatu, eztabaida bultzatzen saiatu… eta gainera nolabaiteko oihartzuna ere izan zuen kontuak.
.
Ekaitzaren osteko barealdia?
Baina nago, ekaitzaren ostean heldu dela barealdia. Nori axola dio euskal blogaririk baden edo ez? Orain youtuberrak daude modan, eta guk ere youtuber ezagun, arrakastatsu eta euskaldunak behar omen ditugu, aidanean.
Uste dut, inoiz ez bezalako aukera daukagula euskaldunok Interneten. Blogak dira inoiz eskura izan dugun tresnarik erraz eta eraginkorrenak. Webguneak egiteko, edukiak sortzeko, ideiak hedatzeko, irakaskuntzarako, enpresetako kontuak zabaltzeko… zernahi kontu eta aukera eskaintze dute informazioa eta edukiak kudeatzeko tresnek.
Duela hamar edo hamaika urte, gogotsu ekin genion blogak sortu eta hedatzeari. Testuak idatzi. Erantzunak utzi. Elkarren berri izan eta eztabaidak konpartitzen aritu ginen. Gaur egun sare sozialek betetzen dute gure denboraren tarte hori nagusiki.
Hala ere, bloga duenak, tresna indartsu bat du eskura. Eta merezi luke tresnok eta baliabideok batera jarri eta ezagutzera ematea. Euskal blogosfera indartsuago bat behar dugula alegia.
- Eta zu zeu, irakurle, informatikari, sortzaile, zer egiteko prest zeundeke?
- Edukiak sortzearen garrantzia ikusita, euskal blogek zer ekarpen egiten dute?
- Zer gehiago egin dezakegu blogariok eta Internet euskalduna bultzatzen dugunok orohar’
- Ohiko galdera, ondo ahal goaz bide honetan?
Helburu horri eutsi diogu Azkue Fundazioan eta, laster, dagoeneko sortuta dagoen blogetan.eus webguneak, euskal blogari eta irakurleen komunitatea sendotzeko asmotan, baliabide berriak izango ditu.
Artikuluan aipatu bezala, hein batean sare sozialek hartu dute lehen blogek zeukaten elkarrekintzarako eta eztabaidarako lekua.
Nire ustez arlo horretan jarri beharko litzateke harreta, belaunaldi berriek gehienbat erabiltzen dituzten tresnak baitira (esango nuke 15-30 urte arteko euskaldunen gehiengoak ez dakitela ZuZeuren existentziaren berri ere). Sare hauetan kontsumitzeko sortuak izan diren edukiek arrakasta nabarmena eta gainerako plataformen aldean zabalkunde askoz handiagoa dute blogekin (edo beste ezerekin) alderatuta.
Adibide gisa Hiru Damatxok edo Mikel Pagadik ekoitzitakoak, batzuetan beren artean erabat ezberdinak izan arren. Erderetan ekoitzitako edukietan nik erreferentziatzat Vice edo PlayGound atariek sorturiko bideo eta artikuluak hartuko nituzke, beren beregi sare sozialetan kontsumitzeko sortuak eta denbora tarte gutxian egundoko arrakasta lortzen dutenak