Errealitate birtuala: gero eta aukera errealagoa
Errealitate birtuala: gero eta aukera errealagoa –
Game Erauntsiak sarean.eus atarian.
Askotan hitz egin izan dugu VR (Virtual Reality, euskaraz Errealitate Birtuala deritzon) teknologiari buruz. Baina azken bost bat urtetan aldaketa nabariak ari da izaten teknologia hau eta berriz ere aipatu nahi genuke, oraingoan esperientzia propiotik hitz eginez gainera. Lenovo Explorer markako eta Windows Mix Reality motatako betaurreko batzuk probatzeko aukera izan dugu eta etxe horri publizitaterik egin nahi ez badiogu ere, izan dugun esperientzia zuekin elkarbanatu nahi genuke.
Steam bideo-jokoen plataforma ezagutzen duzuenok (lasai, honi buruz xeheago hitz egingo dugu hurrengo batean) honez gero konturatuko zineten gero eta bideo-joko gehiagok eskaintzen dutela VR betaurrekoak erabiltzeko aukera. Ez da kasualitatea. Googlek lehenengoz atera zituen kartoiz eginiko Cardboard horietatik hona itzelezko aldea egin baitute betaurrekoek. Inoiz probarik egin ez duzuenontzat, Cardboard hauek, gure mugikorrak eutsi ahal izateko kartoizko egitura sinple batzuk baino ez dira. Dezimetro eskaseko distantzia batera pantaila duzularik, YouTubeko hainbat 360ºko bideo ikusteko eta errealitate birtualaren munduan sartzeko nahiko txukunak dira. Baina egiari zor… esperientzia, kotxean kopilotu zoazenean mugikorrarekin ibiltzea bezalakoa da: zorabioa %100 bermatuta.
Zer ikusirik ez beraz, gaur egungo betaurrekoekin. Ez errealitate birtual horretan barneratzeko sentsazioan, ezta prezioan ere, jakina! Guk probatu ditugun betaurrekoekin zorabio sentsaziorik gabe orduak jolasteko aukera dago eta bideo-jokoari balio erantsi ikaragarria gehitzen diola iruditzen zaigu. Jokoan bertan barneratuta bazeunden moduan sentitzen zara erabat eta jokoari berari beste bizitasun bat ematen dio. Arinak eta erosoak dira eta naiz eta betaurrekoak jantzita dituzularen jakitun zaren ia une oro, badira xehetasun txiki hau ahazten dituzun uneak ere.
Hainbat joko ezberdinekin probatu ditugu esperientzia abaniko handiagoa izateko asmoarekin. Horien artean daude, Assetto Corsa kotxe lasterketa simulatzaile ezaguna, Mind: Path to Thalamus istripu bat izan eta koman gelditu den aita baten pentsamenduen jokoa, Beat Saber laser ezpataz eta musikaren erritmora objektuak apurtzeko “Guitar Hero” moduko beste bat edota Aerofly FS 2 hegazkin simulatzailea. Guztietan ere, betaurreko hauek jokoaren barnean harrapatuta uzteko duen gaitasuna azpimarratu nahi genuke, baina bakoitzaren berezitasunekin. Monzako zirkuituan benetako Chevrolet Corvette C7 Stingray bat gidatzen egotetik, pertsona baten ametsetan galduta zaudela sentitzeraino.
Baina guk kontatzea baina hobea izango da zuek zuzenean probatzea. Gailu hauen prezioak gero eta arrazoizkoagoak dira eta bideo-jolasen eta sentsazio errealisten fanatikoa bazara, merezi du bat etxean edukitzeak!