Erraldoien itzalak 30 urte

Erraldoien itzalak 30 urte –

-¿Qué gigantes? -dijo Sancho Panza.
-Aquellos que allí ves -respondió su amo-, de los brazos largos, que los suelen tener algunos de casi dos leguas.
-Mire vuestra merced -respondió Sancho- que aquellos que allí se parecen no son gigantes, sino molinos de viento,…

Erraldoien itzalak 30 urte… eskribitu zuen Cervantesek duela 400 urte pasa. Ez dira horren zahar gure mendien gailurretan ageri diren erraldoiak. Datorren abenduaren 18an 30 urte beteko dira Erreniega mendizerran eraikitako sei aerosorgailuak lanean hasi zirela. Sei horiei beste ehunka jarraitu zitzaizkion Nafarroako geografian barreiatuta, 41 parke eolikotan.

EAEera beranduago etorri ziren erraldoiak, 1990eko hamarkadaren bukaeran Oizko eta Elgeako parke eolikoen bidez. Nafarroan ez bezala, parke eolikoen hedapena mugatua izan zen EAEn, bost baino ez baitaude egun. Asmoak egon ziren, baina agertutako kontrako presio sozialak geldiarazi zuen hedapena. Gogoan dut 2008an bueltan Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu zen Ana Agirrerekin izandako bilera batean nola jaulki zigun Aralarreko ordezkarioi Hernio-Gazumeko parke eolikoaren proiektua bertan behera uztea erabaki zuela Jaurlaritzak: ‘Joseba Egibarrek mehatxatu egin dit aurrera jarraituz gero bera izango zela protestan pankartarekin lehena’.

EAEko zein Nafarroako egitasmoek ezaugarri inportante bat izan zuten amankomunean: erakunde publikoek sustatu zituzten. Tamalgarria izan zen gerora pribatizatu egin zirela gehienak. Argi dut energiaren sektorean administrazioak agente eragilea izan behar duela eta energiatrantsizioaren lidergoa bere gain hartu behar duela; orain ere duela hogeita hamar urte legez. Errealitatea bestelakoa da. Egun sustatzen ari diren proiektu guztiak ekimen pribatuak bultzatutakoak dira. Akats larria nik uste.

Hego Euskal Herrian egoera berezian batean gaude aerosorgailuei dagokionez. Batetik, parke aitzindarien sorgailuak beren bizitzaren bukaerara ailegatu dira eta hori kudeatu egin behar da. Bestetik, hamaika proiektu berri abiatzeko asmoa dago. Proiektuok ekimen pribatuak bultzatutakoak dira eta gizartearen sektore batzuetan kontrako jarrera agertu da.

Gure herrian barreiatutako 46 parkeetatik 32k hogei urte baino gehiago dituzte eta horietatik hamabostek gainditua dute mende laurdena. Zahartzaroan daude, aerosorgailu baten batez besteko bizitza 25 bat urtekoa baita. Ondorioz gure lurraldeko sorgailuen proportzio adierazgarri batek iraupenaren langa zeharkatuta dauka jada eta beste anitz azkar hurbiltzen ari dira. Erraldoiak desmuntatzen hasi beharra dago asko luzatu gabe; sortuko diren hondakinak tratatu beharko dira; okupatu duten espazio naturala leheneratu beharko da. Nola? Ba, horretan interesa duen irakurlea gonbidatzen dut Joxerra Senarrek Berrian idatzitako pieza irakurtzera (www.berria.eus/ekonomia/parke-eolikoen-zahartzea-badatorren-haize-kolpea).

Konpontzeko gaitzagoa begitantzen zait erantzun sozialaren auzia. NIMBY efektua ez da borrokatzeko erraza, askotan debatea arrazionalitatetik at kokatzen delako.

Min eman dezake noski zure herriko mendirik kuttunenean aerosorgailuak ikusteak, baina hori ez da arrazoi nahikoa kontra agertzeko gizakiok beti izan dugulako inpaktua inguratzen gaituen paisaian. Gizakiaren jardunak moldatu ditu mendeetan zehar egungo Euskal Herriko ingurugiroa eta pasaia. Gure paisaia ez da orain 400 urtekoa ezta orain 80 urtekoa ere. Parke eolikoen inguruan asko eztabaidatu daiteke: norena den jabegoa, nola minimizatu daitezkeen inpaktuak, energia-sorkuntzarako eskemak zentralizatua edo sakabanatuta izan behar duen; sortzen diren etekinak nola banatzen zaizkion azpiegituraren ondorioak pairatu behar dituen komunitateari,… Ezin daiteke eztabaidatu gure herriak urrats azkarrak egin behar dituela menpekotasun energetikoa gutxiagotzeko, beste toki batzuetan sortzen ditugun ondorio kaltegarriak leuntzeko eta trantsizio energetiko benetakoa egiteko. Horretarako parke eolikoak gure geografian txertatzea ezinbestekoa da, ezinbesteko diren bezala energia-kontsumoa adierazgarri murrizteko politikak. Munduko jendeekiko solidario izan nahi badugu, gure deserosotasun-kuota pagatzen hasteko garaia da.

Galde 45 uda/2024

galde

Erraldoien itzalak 30 urte

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude