Enpresetako blogak modan

Sare sozialen ondotik badirudi enpresetako blogak ari direla modan jartzen, baina sare sozialetan bezala, bloga izate hutsagatik izateak ez du askorako balio, eta berdin-berdin kaltegarria izan daiteke enpresaren irudirako. Blog bat egiteko helburuetariko bat bezeroari edo erabiltzaileari kalitatezko informazio aberasgarria ematea da, estrategia berriz, arloan erreferentzia bat bihurtzea. Blog batek balio du erakusteko enpresak eta bere langileek badakitela zertaz ari diren, eta prest daudela ezagutza hori bezeroarekin edo erabiltzailearekin konpartitzeko, alegia haien arteko harremana ez dela bukatzen produktua erosi eta berehala.

Baina zerbitzu hori kalitatezkoa izateko, eta orain arte aipatutakoa betetzeko, ezin da bekadun edo enpresan hasi berria den horren esku utzi. Enpresa batean zeinek dauka enpresari eta produktuari buruzko ezagutza eta informazio zehatzena ? Enpresan urteak daraman horrek, fundamentuz lan egiten badu behintzat. Lan hori eramateko norbait hartu daiteke, baina denbora utzi beharko zaio enpresa eta produktua ezagutzeko edo idatzi baino lehen ezagutza dutenekin egoteko. Ezin zaizkio hasieratik bi post astean eskatu enpresaren arloari buruz ezer ez badaki. Orduan lan txarra baizik ez du eginen, eta enpresaren irudia hobetu ordez kalte egingo dio. Norberak bere blogean nahi duena jartzen ahal du.  Azkenean bere burua baizik ez dago tartean.  Baina enpresa batek neurria eman behar du.

Ezin da pertsona berri bat hartu eta erran « Informazio guztia daukazu interneten ». Post hori idatzi nahi nuen, hori gertatu izan zaidalako joan den hilabetean egin behar izan dudan lantxo batean. Eta egia da informazio guztia dagoela Interneten, baina egia eta gezurra berdin-berdin. Eta kalitatearen alde apustu egiten duen enpresa batek ezin du horrela ibili. Bere blogean berak konprobatutakoa edo gutxienez gutxieneko fidagarritasuneko edukia jarri behar du, nire ustez behintzat. Horretarako, eta ahal den neurrian egokiena langileek berek idaztea da. Azkenean, enpresari gutxiago kostako zaio langileei ikastaro bat ordaintzea interneterako idazten ikasi dezaten, enpresaren jarduera ezagutzeko urte bat beharko duen beste langile bat  kontratatzea baino. Lan hori kudeatzeko, antolatzeko, zuzentzeko eta aholkulari gisa aritzeko, ordea, norbait har dezake, baina edukia bera arloari buruz ezer ez dakien baten esku uztea arriskutsua da.

blogak, enpresak, harriague, xan
Xan Harriague

GAUZA AGERIA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude